Udalaren “zentsura” eta “inposaketa” salatu ditu Busturiko Gazte Asanbladak

Busturiko Gazte Asanbladak “inposaketaz” baliatzea leporatu dio udalari, Jone libre leloarekin Otsozulo gaztetxean jarritako panel bat kendu izanagatik. Azaldu duenez, asanbladako kide den Jone Amezaga preso politikoaren urtebetetzearen harira jarri zuten panela abenduaren 27an, hari elkartasuna adierazteko, eta urtarrilaren 5ean kendu zuten udal langileek. Hori horrela, udalaren “zentsura eta inposaketa” salatu ditu.

Nabarmendu duenez, Busturiko Gazte Asanblada eta Otsozulo gaztetxea independenteak dira, eta, beraz, ez dute euren “autonomia urratzen duen inongo inposaketarik eta zentsurarik onartuko”. Hori horrela, “inposaketa guztien gainetik” bere erabaki eta oinarrietan “tinko” jarraituko duela esan du gazte asanbladak.

Bestalde, udalaren “zapalketa” zein kontestutan egin den kritikatu du: “Euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazio nazionalerako lau egun falta direnean”. Asanblada “oinarri-oinarritik giza eskubideen aldekoa dela nabarmendu du”, eta, besteak beste, euskal preso politikoen alde diharduela.


Comentarios