Auditz-Akularren dituzten arazo urbanistikoak bideratzeko lege bat egin dute, bide batez EAE osorako babes publikoko etxeen erreserbak murriztuz. Ez da normala.
Eusko Jaurlaritzak ondorioztatu du etxebizitza krisi honetan okerren daudenak sustatzaile pribatuak direla. Eraikitzaile gajoak. Horregatik erabaki du babes publikoko etxe gutxiago eskatuko dizkiela hemendik aurrera. %20 gutxiago. Justu orain. Etxe babestuak gehien behar ditugunean. Larrialdiko lege gisa aurkeztu dutena, benetan, promotoreen neurrira egindako trajea da.
GARA / NAIZ Unai Fernandez de Betoño (Arkitektoa)
Deigarria da Itxaso sailburuak aitortu berri duela 2006ko Lurzoru Legeak ondo funtzionatu duela Araban, eta arazoak soilik Bilbon eta Donostian direla. Baina Bilbon lurzoru urbanizagarririk ez dagoenez, argi dago arazoak Donostian baino ez daudela. Eta Donostiak sektore urbanizagarri handi bakarra duenez, erraza da asmatzea zer garapen bideratzen laguntzeko apailatu duten lege hau: Auditz-Akular. Aspalditik 3.500 etxebizitza berri inguru egin nahi dituzte han eta, lege honen bidez eraikigarritasuna %10 handitzea ere ahalbidetuko dutenez, ia 4.000 egin ahal izango dira.
Sustatzaileen mesederako legea Auditz-Akularren bereziki pentsatuz egin dutela esateko beste bi arrazoi: aurrerantzean ingurumen ebaluazioa udalek egin ahal izango dute, eta kutsatutako zoruen garapena azkarrago egin ahalko da. Hain zuzen ere, Auditz-Akularren jazo diren bi arazo bideratzeko: Jaurlaritzak ingurumen ebaluazio negatiboa eman baitio 2025eko hasieran, Altza XXIek berriki salatu gisan, eta bertan amiantoz kutsatutako zoru batzuk daude. Eta beste argudio bat: Jaurlaritzak otsailean adostu du Auditz-Akularreko Udalaren lursailak garatuko dituela, eta maiatzean eremuan hirigintza alternatiba berria planteatzeko kontratu bat egin du.
Baloratu gabe Auditz-Akularren 4.000 etxe eraiki behar diren (donostiarrek eta bereziki altzatarrek erabaki beharko lukete hori), ziurta daiteke ez dela proportzionala EAE osorako lege bat egitea hiri bateko sektore jakin bateko urbanizazio kargak handiak direlako.
BADAKI EZ DABILELA ONGI
Ez da lehen aldia EAJk eta PSEk lege oso bat egiten dutela udal arazo puntual bat konpontzeko. Pasatu den legealdian lizentzia urbanistikoen etena zenbatzeko modua aldatzeko lege bat onetsi zuten, Gasteizko Udalak arazo judizialak zituelako 17. sektoreko jabeekin. Oraingoan, Auditz-Akularren dituzten arazo urbanistikoak bideratzeko lege bat egin dute, bide batez EAE osorako babes publikoko etxeen erreserbak murriztuz. Ez da normala.
Jaurlaritzak badaki ez dela ondo jokatzen ari. Etxebizitza krisian gaudela esateak eta babes publikoko etxe gutxiago eskatzeak ez du ez hanka ez bururik. Horregatik, murrizketa lege proiektu gisa aurkeztu ordez Jaurlaritzak berak, lege-proposamen gisa aurkeztu dute EAJko eta PSEko legebiltzar-taldeek: trikimailu tekniko horrekin txosten prezeptiboak saihestu dituzte, negatiboak izango zirelakoan. Ez da soilik gardentasun eta demokrazia kontua: lege kontua ere bada, Jaurlaritzak lau haizeetara zabaldu duelako araua berak egin duela. Are gehiago: legea Jaurlaritzak kontratatutako eta denok ordaindutako hirigintza abokatu baten proposamenaren gainean eraiki da, ondoren EAJko eta PSEko legebiltzar taldeek aurkezteko.
Itxaso sailburuak publikoki onartu du etxebizitza eskaerak Jaurlaritzaren aurreikuspenak gainditu dituela. Aurreikuspen falta denok ordaindu behar dugu orain. Babes publikoko etxebizitza erreserbak murriztuz. Sustatzaileen diru gosearen menpeko etxebizitza eta hirigintza politika eginez.
Alabaina, Itxasok zeharka aitortu moduan, azken urteotan aurrera atera ez diren garapen urbanistikoak ez dira bertan behera geratu babes publikoko erreserbengatik. Sustatzaile pribatuei komeni ez zitzaielako baizik. Jaurlaritzak ez du kontzeptua aipatu nahi, baina gelaren erdian dagoen elefante erraldoia espekulazio urbanistikoa deitzen da. Eta presazko lege honetan ez dago neurririk arazo endemiko horri aurre egiteko.
Politika immobiliarioa egiten jarraituko dugu, etxebizitza politika egin ordez.
Comentarios