EAJk eta EH Bilduk Eudel berritzeko akordioa sinatu dute, negoziazioen ostean


Ituna batzarrean onartu ondoren berrituko dute zuzendaritza. Irailean berritu zuten azkenekoz, EH Bildu gabe, udal hauteskundeen ondotik

 
 
 
BERRIA 2016-02-10 / Maialen Unanue
 
Hilabeteetan negoziatu ondoren, EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Eudel Euskal Udalen Elkartea berritzeko. Hurrengo pausoa ituna batzarrean onartzea izango da, eta behin hori eginda osatuko dute zuzendaritza berria, alderdi guztietako ordezkariekin. Irailean berritu zuten azkenekoz Eudelen batzorde eragilea, eta EH Bilduk ez beste alderdi guztiek zuten ordezkaritza bertan.

Bi aldeak pozik agertu dira lortutako akordioarekin. «Eudel elkartean, udalen autonomian eta elkarlanean oinarritutako fase berri bat irekitzeko, estatutuen sakoneko aldaketa erdietsi dugu», baieztatu du EH Bilduk ohar bidez. Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionaletarako idazkariak adierazi du akordioak erakundea «eguneratzen eta hobetzen» duela. «Erakunde barruan tokiko erakunde txikienei garrantzi handiagoa emango zaie. Euskal Udalen Elkartea egonkortzeko eta indartzeko ordua heldu da, EH Bilduri dagokion ordezkaritzaren araberako presentzia bermatuz». Era berean, «ezberdintasunak gainditzeko» eta «euskal udalak elkarlanean hasteko» unea dela ere esan du Mediavillak, «herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak indartzeko».

Irailean zuzendaritza berria aukeratzerakoan biek ala biek egin zuten negoziazioen inguruko balorazio «baikorra», desadostasunak tartean egon arren. Aurreko legegintzaldia akordiorik gabe itxi izanak legealdi berriaren hasieran egin zen Eudelen lehenengo batzarrean EH Bildu ez egotea eragin zuela gogoratu du koalizioak, «nahiz eta egun horretan bertan ere argi» adierazi zuten «eduki sakoneko akordioen bila» jarraitzen zutela.

Agintaldi berria estreinatu ondotik berrekin zieten, beraz, negoziazioei, eta horien ondotik etorri da akordioa. Horren bidez irekitako fasean hainbat aurrerapen lortu da, EH Bilduren ustez: «Udalen autonomiaren defentsan aritzeko oinarriak sendotu dira; udal txikien errealitateari hobeto aurre egiteko konpromisoa hartzeaz gain, bere ordezkaritza eta pisua areagotu da; euskararen barne eta kanpo erabileran urratsak egiteko konpromisoak gauzatu dira, eta Eudelen osaketan parekidetasuna bermatzeko bideak ere ireki dira».

Mediavillaren arabera, «euskal udalek merezi duten akordioa» izan da EH Bildurekin adostutakoa: «Izan ere, asko eta asko dira udal hauek aurrerantzean gainditu beharko dituzten erronkak. Horien artean egongo dira, eta hala espero dugu, orain Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Udal Legetik eratorriko direnak». Gaineratu du espero duela «laster» izango dela hori, «30 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan esparru honetan araudirik gabe egon ondoren»

Harago ere joan da Mediavilla. Adierazi duenez, EH Bildurekin urte askoan lortutako «lehen akordio handia» da, eta ez soilik Eudelentzat: «Euskadiko polikagintzarako, oro har. Ezberdinen arteko akordioak posible direla erakusten du, baita ahaleginarekin emaitza onak lor daitezkeela ere».

EH Bilduk adierazi du «ibilbide luzea» dagoela egiteko oraindik ere «herritarrengandik gertu dauden udal egitura sendo bat eraikitzeko». Lortutako akordioarekin, baina, ildo horretan sakontzeko Eudel «tresna baliagarria izateko oinarriak jarri dira».

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak ere ontzat jo du akordioa, eta Gipuzkoari begira izango dituen onurak nabarmendu: «Eudel oso erakunde inportantea da Gipuzkoan tokiko politikak bultzatzeko eta garatzeko, eta gaurtik aurrera ordezkatuta egongo dira bertan indar politiko guztiak. Horri esker, elkarlan eraginkorragoa eduki ahal izango dugu, lurraldearen mesedetan».

EAJ-PSE akordioaren isla

Iazko irailean Eudeleko karguak banatu zituztenean, EAJk eta PSE-EEk agintaldirako lortutako akordioa Eudelera hedatu zuten, espero bezala, eta, aldi berean, zuzendaritzako karguak adostu zituzten. Irailaren 16an, Imanol Landa Getxoko alkatea (EAJ) izendatu zuten elkarteko presidente, eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) eta Josune Irabien Amurrioko alkatea (EAJ) presidenteorde. Batzorde eragileko gainerako hamabi karguak EH Bildu ez beste alderdi guztien artean banatu zituzten: EAJko zortzi, PSEko bi, PPko bat eta talde independenteetakoa beste bat.
 

Comentarios