Aitor Leiza, Aitziber Sarobe eta Edurne Huesa
Naturkon
«Euskadi Natura 2000» ikus-entzunezkoaren irudiak ederrak dira, baina mezua propaganda hutsa da.Naturaren
kontserbazioa eta biodibertsitatea giza jarduerekin bateragarri egiteak
inoiz baino ahalegin handiagoa eskatzen du. Dagoeneko garapen
jasangarrirako aukerarik gabe gelditu gara, krisi ekologiko globalean
murgilduta, klima aldaketaren mehatxu larriaren aurrean, eta horrela
gizateriaren etorkizunari arduraz begiratzen dioten ekonomialariak
desazkundearen beharraz hitz egiten ari zaizkigu: epe ertain eta luzera
ezin dugu etorkizunik irudikatu, trantsizio sozio-ekologikoaren bidetik
ez bada.
Oso
urruti dago agertoki hau, agintean dauden EAJ-PSE alderdi politikoek
administrazioetatik sustatzen eta gauzatzen dituzten politiketatik.
Etengabeko hazkuntza oinarri, natur ingurunearen ustiaketa mugagabea
defendatzen eta gauzatzen jarraitzen dute han eta hemen, nola
barnealdean hala kostaldean. Gero eta eskala handiagoko txikizioa
eragiten duten proiektuak defendatzeaz gain (abiadura handiko trena,
Donostiako metroa, Gipuzkoako erraustegia, eguzki eta haize energia
eskuratzeko makrozentralak, autobide elektrikoak…), biodibertsitateari
eragiten zaizkion eraso larrien aurrean entzungor egiten dute, babestuta
dauden espezieen ehiza eta arrantza baimenduz, edota hauen
komertzializazioa kontrolatzeari uko eginez (angulak, usapala…).
Gure
ustetan, bide honetan marra gorriak gainditu dituzte alderdi hauek.
Batetik, zientzialarien gomendioak arbuiatuz ari dira kudeatzen ingurune
naturalak, giza jarduerak ingurune naturalean dituen eraginei muzin
eginez. Gipuzkoan eta Bizkaian pinuen gaitzekin eta
eukalipto-landaketekin sortutako liskarrak dira honen guztiaren adibide.
Bestetik, euren interesen defentsan herritarrek administrazioaren
aurrean eragiteko ahalmena gutxitzeko EAEko oinarri instituzionalak
ahultzeko prest daudela erakutsi dute, Gipuzkoako errauskailuaren kasuan
SOS Gurasoak auzibidetatik baztertzeko egin duten ahalegina kasu.
Bukatzeko, baliabide publikoak interes pribatuen esku jartzeko baliatzen
duten euren gobernantza eredu ez demokratikoari eusteko, herritarren
arteko liskarrak sortuz instituzioak kaltetzen ari dira, Enirio-Aralar
mankomunitateari egiten ari zaizkien erasoak kasu. Eta zer esan
Zaldibarko ingurumen-hondamendiaren aurrean erakutsi duten
lotsagabekeriari buruz! Ezin da onartu.
Ikusi
berri dugu "Euskadi Natura 2000" ikus-entzunezko zoragarria. Irudiak
ederrak dira, baina mezua propaganda hutsa da. Eusko Jaurlaritzak ez
dauka politika, plangintza eta bide lerro argirik EAEn dauzkagun
ingurune naturalak babesteko eta bioaniztasuna berreskuratzeko.
Aldundiek ez dute Natura 2000 sarea kudeatzeko intentziorik.
Propagandarako eta autoengainurako balio lezake horrelako irudietan
dirua xahutzeak, agian inor naturara hurbiltzeko ere bai. Baina, gure
herria txikiegia da irudi horien atzean dagoen errealitatea ezkutatzeko.
Ia
guztiz eraldatutako paisaia da gurea, kalitate ekologiko eta osasun
kalitate gero eta eskasagoko ingurunea, basa-bizitzari irauteko
baldintzak ozta-ozta eskaintzen dizkiona, eta gure osasuna eta ongizatea
kaltetzen dituena. Errealitate gordinegia propagandarekin ezkutatu ahal izateko.
Comentarios