EUKALIPTO ESPEZIEKIN LANDATUTAKO AZALERA %60 HANDITU DA HAMARKADA BATEAN BUSTURIALDEAN

 

Baso-landaketen azalera eskualdean mantentzen den bitartean, Australiako hazkunde azkarreko espezieak 1.700 hektare irabazi ditu, gaixotutako eta hildako pinudien ordez landatu baitira, Eusko Jaurlaritzak 2020. urtean egin duen basogintza-maparen arabera.

Eukaliptoen monolaborantza mugagabe eta etengabe ari da hedatzen Busturialdean, neurri handi batean Urdaibaiko Biosferaren Erreserba den eremuan eta Natura 2000 Sarea ere bai hainbat lekutan.

Ordenatu gabe eta landaketarako itxurazko mugarik gabe, eukalipto-espezieak Oka ibaiaren arroaren goialdean zabalduz doazela ikus daiteke. Han, lehen, radiata pinua nagusi zen, eta, orain, xingola edo banda marroiaren gaixotasunak eragin handia du landaketa horietan.

Mozten diren pinudi gaixo edo hilen ordez, eukaliptozko laboreak jartzen dira, oihanpe osoa desagertu, tokoiak atera eta azaleko materia organiko guztia kendu eta, azkenik, lurra makina astunekin luberritu edo goldatu ondoren.

Biodibertsitatea galtzeaz gain, lurzoru emankorra eta materia organikoa galtzen ari da. Uholde arriskua ere handiagoa da, lurzoruak euri-urak erregulatzeko gaitasuna galtzen baitu.

Eukaliptoa hazkunde azkarreko espeziea da, radiata pinuak baino tasa handiagoa duena. Horrek esan nahi du lurzorutik mantenugai eta ur kantitate handiak ateratzen dituela, eta, gero, 12 eta 15 urte bitarteko menditik baso-biomasa eramaten dela. Eukalipto uzta bildu ondoren, zelulosaren industria du helburu.

BUSTURIALDEA

BASO-INBENTARIOA HEKTAREETAN

 

2010

2016

2018

2019

2020

BASO MIXTOA


3,768

4,126

4,105

4,112

4,130

ERREKALDEKO BASOA

120

120

119

119

117

KONIFEROAK (pinua…)


12,117

11,394

10,844

10,655

9,963

EUKALIPTOA

 

2,814

3,512

3,686

3,882

4,514

Landaketak guztira

15,300

15,369

14,990

15,072

15,127

 

Datak txostena egindako urtea adierazten du, datuak aurreko urtekoak direlarik.


Landaketek continuum forestala sortzen dute, inolako plangintzari ez dagokiona, mugakideekiko eta nekazaritza edo abeltzaintzako lurzatiekiko distantziak kontutan hartu gabe, suebakirik gabe eta, gainera, begiratokiekiko edo ingurumen edo kultur balioa duten toki edo elementuekiko errespetua aintzat izan gabe.

Busturialdeko biodibertsitatea, baliabide naturalak eta paisaiaren erakargarritasuna galtzeaz gain, espezie pirofito (“suaren zalea”) honek duen sute arriskua altua da. Espezie horrek erregaitasun-tasa handia du eta sute handiak eragiten ditu, bai Australian, bai Euskal Herriko inguruko lurraldeetan; esaterako, Portugalen, 2017. urtean, dozenaka hildako izan ziren. Bizkaian, oraindik ere Urdulizko eta Muskizko suteak gogoratzen dira, azken hori Petronorren findegira modu arriskutsuan hurbildu zelarik.

Dena oso azkar ari da aldatzen Urdaibaiko paisaia eta eskualdeko ezaugarri ekologikoetan; izan ere, hamarkada batean, 1.700 hektarea handitu da eukalipto landaketen azalera, Eusko Jaurlaritzaren baso-inbentarioaren arabera.

 


Comentarios