Elikadura burujabetzaren aldeko gizarte mugimendua Euskal Herrian

EUSKONEWS Gaiak

2019-09-18
SALTERAIN BASAGUTXIBEASKOA, Unzalu

Artikulu honen helburua mundu mailan jaiotako proposamen politikoa Euskal Herrian nola gizarteratzen joan den eta etorkizunera begira gizarte ikuspegi batetik aurreikusten diren erronkez zein aukerez jardutea da.

Gogora ekarri behar dugu La Vía Campesina baserritar mugimenduak 1996. urtean plazaratu zuela Elikadura Burujabetzan oinarritzen den proposamen politikoa, garai hartako eta hurrengo hamarkadetarako aurreikusten ziren goseteen aurrean alternatiba eskaini nahian. Bere bigarren Nazioarteko Konferentzian (Tlaxcala/Mexico 1996) hausnartu eta plazaratua izan zen proposamen berritzailea, arazo global bati erantzuna eta irtenbidea eman asmoz, bai maila globalean zein tokikoan.

La Vía Campesinako parte ziren eragileak (EHNE eta ELB tartean) bere egiten zuten proposamen horren garapenerako estrategia; eta Nazio Batuen Erakundeak Erroman antolatu zuen Elikadura eta Nekazaritzaren inguruko Nazioarteko Bilkuran aurkeztua ere izan zen.

Elikadura Burujabetzaren proposamenak bere osotasunean barneratzen zituen Elikadura Segurtasuna eta Elikadura Eskubidea. Gerora zehaztu zen Elikadura Burujabetza proposamen eta kontzeptu politikoa zela, Elikadura Eskubidea kontzeptu juridikoa zela eta Elikadura Segurtasuna kontzeptu teknikoa. Kontzeptu politikoa zen kontzeptu juridikoak eta teknikoak garatzeko bermea.

Garrantzitsuak dira zehaztasun hauek askotan nahastu izan baitira biak, bata bestearen ordez erabiliz, batez ere gobernuz kanpoko erakundeen aldetik. Elikadura Burujabetzaren kontzeptualizazioa baserritargoak landu eta garatu du gehienbat, gu baikara elikadura sistemen ondorio zuzenak jasaten dituztenak. Baina proposamen hau batez ere gizartea interpelatzeko asmoarekin plazaratu zen, ez baita aplikatzeko formula bakar bat ez eta irtenbide teknikoen gida bat ere. Prozesu jakin baterako ekimenak sustatuz gizarteak elikatu eta gidatu behar duen prozesuaz ari gara.

Euskal Herrian Elikadura Burujabetza irudikatzearen zailtasunak ere agerian gelditu ziren lehen momentutik. Kudeaketa instituzionaletik begiratuta onartua zen kontzeptua, baina garapen bidean edo txiroak ziren herrialdeentzat, gure herriak baduelakoan behar den beste ahalmen janaria ziurtatzeko (bertokoa ez bada kanpokoa) eta ez gaudelako gosete arriskuan.

Bestetik, aldekotasun politikoa agertzen zuten eragileak Burujabetzaren ikuspuntutik besarkatu zuten kontzeptu berria. Elikaduraren ekoizpenari eta ekoizteko ereduari erreparatu ordez eremu geografikoarekin (Euskal Herria) identifikatuz.
1990. urteaz geroztik 80.400 hektarea (ha.) gutxiago ditugu nekazaritzarako.
Argazkia: Derio Nekazaritza Eskola


Beraz, esan ahal dugu azaleko ulermen horiek baserritar mugimendua proposamen horretan sakontzera behartu zutela, eta hortik ondorioztatzen da Elikadura Burujabetzaren oinarrian Nekazaritza Iraunkorra kokatzen dela ekoizpen prozesuan, eta biak uztarturik bakarrik dela posible Elikadura Eskubidea bermatzea.

Baserritarron funtzioa elikagaien ekoizle eta zerbitzari izatea da, eta ez industriarentzako lehengai merkeak ekoiztea. Elikadura Burujabetzak ekoizpen lokalarekin lotura izateaz gain, ekoizpen eredu bati lotutako izaera du (tokian tokiko kontsumoaren beharrak asetzeko bideratua) eta ez da nekazaritza intentsibo edo industrializatu batekiko bateragarria nahiz eta berau lokala izan. Nekazaritza iraunkorrean oinarritutako ereduaz soilik izango da posible horrelako prozesu bat aurrera eramatea, eta nekazaritza eredu horren baitan ezinbestekoa dugu Lurra.

Etorkizunari begiratzeko erreparatu beharra daukagu azken urteetan Euskal Herrian nekazaritzako lurrekin zer gertatu den. Gaindegiak (Euskal Herriko ekonomia eta gizartea garapenerako behategia) Corine Land Cover egitasmo europarreko datuetan aztertuz plazaratutako ikerketa baten harira, ondorioztatu zuen azken 28 urteetan Euskal Herrian aurreko historia osoan bezainbat lurzoru artifizializatu dela.

1990. urteaz geroztik 80.400 hektarea (ha.) gutxiago ditugu nekazaritzarako. Hiru hamarkada hauetan galdutako lurraren erdia artifizializatu egin da (41.900Ha), eta ezinezkoa da nekazaritzarako berreskuratzea; eta beste erdia baso eta eremu natural bihurtu dira. Baserri lurraren galera handiena denbora epe mugatu batean eman zen, 2000 eta 2006 urteen bitartean. Sei urteko epe horretan nekazaritza jardueretara bideratutako 69.000 ha. galdu ziren, Hego Euskal Herrian hirigintza jarduera bizi-bizi zegoenean.

Euskal Herria ondasun natural handiko lurraldea da baina azken hiru hamarkadetan baserri lurraren galera nabarmena izan da datuei erreparatzen badiegu, eta azpimarratu behar da galera handiena hirigune eta bitarteko herriguneetan izan dela. Jabetu behar gara artifizializatzen den hektarea bakoitza ezin dela elikagaiak sortzeko berreskuratu, eta jakina denez lurra ez da agortezina. Beharrezkoa da baserri lurrarekiko begirada berri bat ezartzea, eta horretarako ezinbestekoa da eskala lokalean eragitea eta baserri lurren babes neurriak zehazten joatea.

Elikatzeko modua izango da gizakiaren historian pertsonen, komunitateen eta inguru fisikoaren gainean eraginik sakonena utzi duen jarduera. Izan ere, elikadurari lotuta ez doaz mahaira ekartzen ditugun produktuak bakarrik, arrasto nabarmenena uzten duen giza jardueraz ari baikara. Elikadura da gizartearen baitan ematen den jarduerarik transbertsalena da; alderdi ekonomiko eta laboral garrantzitsuak izateaz gain, elikadura osasuna eta kultura ere badelako.

Elikadurari lotuta, azpimarratu behar dugu azken aldian pertsonon kontsumo jardueran gero eta leku gehiago hartzen ari dela zer jaten dugun eta jaten dugunaren jatorria. Badaude hau egiaztatzen duten adierazleak: eskola jantokietako gorabidea da bertoko jaki osasuntsuz hornitzeko eskaera; kontsumitzailea eta ekoizlearen arteko harreman zuzena lantzen duten kolektiboen gero eta gehiago dira (milaka familia eta ehunka ekoizle daude kontsumo taldeetan antolatuta); ekoizleek jasotzen duten ordainarenganako ardura eta sentsibilizazioa, komertzio azalera handietan tokiko elikagaiak espazioak biderkatzea, eta abar. Adierazle objektiboak direla esan dezakegu, azken hamarkadan biderkatzen ari direnak eta Euskal Herrian ez ezik Europan ere goraka doazen dinamikak.

Adibide zehatzak topa ditzakegu Europan zehar. Esaterako, Holandan belar bazkan oinarritutako behi esnearen eskaera eta herrialde honek bere gazten desberdintzea nola egiten ari diren. Honela, gaur egun bertako esnetarako behi azienden %78ak urtean 120 egunez belar-bazka eremuetan dituzte (6 ordu egunero) eta 15 esne industria konprometitu dira ekoizpen eredu honekin. Alemaniaren kasuan, geroz eta gorago doa transgenikori gabe elikatutako behi-esnearen produkzio kuota, Bavarian biltzen den esnearen %22a izaterako, adibidez. Halaber, ekoizleari, ohiko esnearen aldean %8 gehiago ordaintzen zaio. Joera hauek geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira eta norabide berdinean kokatu behar ditugu Kantaturi isurialdean hainbat esne industrien apustua belar bazkaz ekoitzitako esnea merkatuan desberdintzeko ahalegina.

Elikadura iraunkor eta osasuntsua izan dadin hurbiltasunari garrantzia berezia aitortu behar zaio.

Mota honetako ekimenek garrantzi handia izan dezakete ekoizpen ereduaren norabidetze berrian, bidenabar, kontsumitzaileari elikadura osasuntsuago bat eskainiz. Baina ekoizpen, eraldatze, distribuzio eta komertzializazio kateen konpromisotik harago, botere publikoen konpromiso eta babes argia exijitzen du. Elikagaien erosketa publikoa (eskola, ospitale eta zahar-egoitzetako jan-geletakoa, esaterako) norabide horretan kokatzea litzateke adierazlerik esanguratsuena; ekoizpenari dagokionez, eredu iraunkorra bultzatuz, eraldaketa eta distribuzio ibilbideak ahalik eta laburrenak bideratuz eta pertsona guztion bizitza-ziklo eta momentu garrantzitsuenetan elikadura osasuntsu bat bermatuz.

Jakitun izanik egungo errealitatetik abiatu beharra dagoela ezinbestekoa da epe erdira begira helburu zehatzak ezartzea, esaterako bost urtetako epean erosketa publiko bidez eskaintzen den elikaduraren %40a tokian tokikoa eta gertukoa izatea, lehentasuna emanez baserriratze prozesu berriei eta eskala txiki-ertaineko ekoizpenei.

Iraunkortasunaren aldeko portaeran gureganatzen hasita, bertoko produktuak protagonismo berezia hartzen du. Zer da ordea “bertokoa”? Elikadura iraunkor eta osasuntsua izan dadin hurbiltasunari garrantzia berezia aitortu behar zaio, horregatik gure artean “0km” paradigmak indar nabaria hartu du. “0km”, ordea, metafora da; bide laburra egin duen elikagaia nahi dugula esateko modu bat, gure inguruko lurraldeek eta klimatologiak eskaintzen dituzten aukerak ondo baliatzen dituena. Gure elikadura ohituretan esaterako, Errioxa eta Nafarroako fruta zein ardoak, Erriberako barazkiak eta fruta, Araba eta Gaztelako lekariak, Pirinoetako gazta zein arkumeak, Euskal Herriko kostaldetik 12 itsas milien baitako arrantza, … 150 km inguruko erradioa irudikatzen digute. Perimetro horren baitan dagoen aberastasuna gure eskura dago eta elikadura eredu iraunkor batetik harago lurraldea kudeatzeko ikusmolde berri bat ere eskaintzen digu. Ez ahal da logikoagoa Erriberako fruta eta barazkien lehentasunezko merkatua Euskal Herriko hirigunetakoak izatea nazioartekoen ordez?, edo Araba zein Nafarroako zerealak Chicagoko burtsei begira egon beharrean Euskal Herriko gizaki zein abereen beharrizanei bideratzea?

Hitzarmen eta aliantza berriak eskatzen ditu iraunkortasunak, Euskal Herrian ere bai. Iraunkortasunaren aldeko estrategiak baserri eta itsaso eremuak hiriguneekin batera garapen estrategia berean lerrokatzea exijitzen du. Hitzarmen eta aliantza horren baitan jarri behar da baserriratze prozesuak biderkatzea, biztanleria era osasuntsuan elikatzea eta elikagaien ibilbidea ahalik eta laburrena izatea.

Kontutan izan behar dugu kontsumoak izugarrizko garrantzia eta indarra dituela edozein eraldaketan. Jatearen indar emozionala indartu beharrean gaude, ondo eta osasuntsu jateaz gain herri biziago, aberatsago eta iraunkorrago bat eraikitzen ari garela barneratu behar dugu. Pentsamendu horren bidean dagoen biztanleria saretu beharra daukagu, asmatu beharko dugu zelan eta zerekin maitemindu baina komunitate zabal horren baitan kokatuko dira hurrengo hamarkadan eman beharko diren aldaketak Elikaduratik Burujabetza eraikitzeko.





Comentarios