Herri-plataforma independenteen eragina aztergai

Datorren Maiatzaren 26an Udal eta Foru Hauteskundeak izango ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta joera elektoralen arabera, herri-plataforma independenteek arlo lokalean sendotzen jarraituko dute, baita haien ordezkagarritasunak gora egiten ere.

Elecciones Andalucía 4
Urna electoral. Francisco Javier Huete

HORDAGO 
2019-02-28 08:32:00

Datorren Maiatzaren 26an Udal eta Foru Hauteskundeak izango ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta joera elektoralen arabera, herri-plataforma independenteek arlo lokalean sendotzen jarraituko dute, baita haien ordezkagarritasunak gora egiten ere. Beraz, fenomeno munizipal(ista) horrek ziur aski indar handiagoa hartuko du. Baina, zer dakigu horren inguruan? Gutxi. Herri-plataforma independenteak ahaztuta egon baitira oro har; baztertutzat edo arrarotzat hartuta.

Alde batetik, “berezitasun folklorikotzat” jotzen dituzte tokiko errealitate espezifikoak izateagatik; —printzipioz— herrien interesak baino ez dituztelako defendatzen, helburu supramunizipalik gabe. Beste alde batetik, sistemaren outsiders bezala interpretatzen dira, autonomoak direlako alderdi politiko handiekiko. Izan ere, ez daude estatu edo euskal mailako alderdiekin lotuta; ez organikoki, ez antolakuntza mailan, ezta ekonomikoki ere. Ez dira “marka zuriak” eta ez dute haien eszisioak ordezkatze.

Hortaz, herri-plataforma independenteak sistemaren bitxikeri gisa hautematen dira, eta horrek lagun diezaguke ulertzen zergatik hainbat esparru politiko-mediatikotan “gutxietsita” dauden. Hala ere, herri-plataforma independenteen indarra nabarmentzekoa da Euskadi mailan: 1991n 26 aulki lortu zituzten, baina 126 zinegotzi dituzte gaur egun. Horrek esan nahi du 1991z geroztik haien ordezkagarritasuna %79 areagotu dela. Baina zergatik?

Arrazoi estrukturalak egon daitezke: krisi ekonomikoak eragina izan du arlo politikoan. Horrekin lotuta dago demokrazia ordezkatzaile sistemaren zilegitasun-eza. Adituek sistemarekiko “haserreei”, “desilusioari” edo “atsekabeari” buruz hitz egiten dute, baina hori da Jule Goikoetxeak garatu duen ideia batengatik: demokraziaren pribatizazioaren ondorioz. Horri guztiari alderdi handien ereduaren krisia gehitu behar diogu, baita ordezkatzaile politiko batzuen irudi txarra ere: politikaren profesionalizazioarengatik, ustelkeria zantzuengatik edo gaitasun ezaren inguruko akusazioengatik. Baina badago beste arrazoi ezberdin bat fenomenoa ulertzeko: esparru lokalaren errekuperazioa eta indartzea, non demokrazia parte-hartzailea, hurbiltasun-demokrazia eta garapen komunitario ereduak hainbat herritan gero eta eragin sakonagoa izaten ari diren. Horrela, ikuspuntu estrategiko eta pragmatiko batetik, ulergarria izan daiteke herritar askok gertuen dituzten erakundeetan gero eta ohikoago parte hartu nahi izatea.

Lurralde Historikoen arabera aztertzen baditugu herri-plataforma independenteen gorakada datuak, Bizkaian eragin berezia izan dutela azpimarra daiteke. Izan ere, Bizkaia da herri-plataforma independente gehien sortu eta hazi diren lurraldea: 1991n 24 errejidore bazituzten, eta 84 zinegotzi dituzte gaur egun. Gainera, Bizkaiko herri-plataforma independente batzuk gobernatzen dute, esate baterako: Etxebarrin La Voz del Pueblo aitzindariak; Abadiñon Abadiñoko Independenteak plataformak; Ibarrangelun Armenduk; Karrantzan Karrantza Zabalak; Muruetan Muruetako Talde Independenteak; ADIE-k Orozkon; Zalla Bai plataformak Zallan edo Gure Herria-k Zaratamon. Progresiorik handiena Bizkaian gertatu izanak arrazoi garrantzitsu bat du: plataforma horiek alternatiba bezala aurkezten dira, EAJren hegemoniari erantzun konstruktibo bat eraikiz.

Alabaina, zatituago daude indar politikoak Gipuzkoan eta Araban, eta horrek azal diezaguke zergatik Gipuzkoan herri plataforma independenteek aulki gutxiago dituzten. Alde batetik, Gipuzkoan zortzi ordezkari baino ez dituzte, hala ere, lurralde horretan aipagarria da Debarren Ahotsa plataformaren gobernua. Bestetik, Araban 34 zinegotzi independente daude, Dulantziko Talde Independentea Alegria-Dulantzin, besteak beste.

Baina azalpen horiek guztiak ez dira nahikoak, herri plataforma independenteen kategoria ez baita homogeneoa, guztiz kontrakoa baizik. Koadro heterogeneo bat da, non beraien agerpen-zergati orokorrei kausa ideosinkratiko ezberdinak gehitu behar dizkiegun ere bai. Diskurtso, ekimen politiko, antolakuntza eta izaera propioak dituzte; horregatik, kasuz kasu aztertu behar ditugu agente horiek -eta lan hau egin ondoren- ziur aski beste faktore-argitzaile batzuekin topo egingo dugula fenomeno honen sorkuntza eta hazkundea bere osotasunean sakonki ulertu ahal izateko.

Hauteskundeei begira, ondorioz, kontuan hartu behar dugu herri-plataforma independenteen eragina, gero eta garrantzitsuagoa baita eta aukera ugari zabal baititzake hainbat herritan alternatiba munizipal bateratuak eraikitzeko. Hori dela eta, herri bakoitzean benetako aldaketak sustatu nahi dituzten alderdiek eta hautagaitzek amankomunean egin dezakete lan, aukerak birpentsatuz eta posible eginez : akordio estrategiko iraunkorrak edo puntualak sortuz, elkartasun egonkorrak sustatuz, lankidetza bultzatuz eta elkarri laguntza eta sostengua emanez hainbat funtzionamendu eratan, gaietan edo proposamen lokaletan.

Apustu munizipal(ista) bat eraiki daiteke benetako proposamen integratzaile, anitz eta eraldatzaileen bidez, herri bakoitzean aukera ezberdinak esploratuz. Lana da eta ziur aski leku askotan aldaketa ez da posible izango, baina ez da ezinezkoa eta oraindik leiho asko zabal daiteke. Beti agertzen baitira arrakalak, eta horietatik argia sartzen da.

Comentarios