Feminismoa eta prentsa. Trantsizioan mugimenduari emandako tratamendua eta irudi publikoa


Feminismoa eta prentsa. Trantsizioan mugimenduari emandako tratamendua eta irudi publikoa

Ainara LARRONDO URETA
Historiografiak horrela definitu du feminismoa: mugimendu aldarrikatzailea, bilakaeran zehar pentsamendua eta ekintza, teoria eta praktika eragin dituena. Frantziako iraultzan emakumeen eskubide politiko eta juridikoak lehenbiziko aldiz eskatu zirenetik, berdintasunaren aldeko borroka feminista kolektiboa eta antolatua erabakigarria izan da gizarte modernoetan gertatu diren eraldaketa asko sustatzeko. XIX. mende erdialdeko eta XX. mende hasierako lehen bolada sufragistan zehar hori gertatu zen, baita hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako bigarren boladan zehar ere. Azken hori Emakumea Askatzeko Mugimenduaren (EAM) berrespen orokortzat jotzen da. Feminismoa doktrina sozial, pentsamendu-sistema garatu eta mugimendu gisa ulertzeak ez du bat egiten terminoari kalean eman ohi zaion erabilerarekin. Erabilera horren esanahia gizartearen ekintzekin eta jarrera-estiloarekin lotutako pertzepzioek finkatu dute, eta, ondorioz, gaur egun feminismoak ospe txarra omen du oraindik.
Hain zuzen ere, feminismoaren interpretazio historikoa eta gizarte-eraikuntza hertsiki lotuta daude feminismoa gizarteari transmititzeko erarekin. Horretarako, arrunt eta natural bilakatutako komunikabideen diskurtsoak erabili ohi dira, bereziki, idatzizko prentsarenak. Eskasak badira ere, ingeles hizkuntzako alorrean orain arte egindako ikerketek agerian jartzen dute komunikabideek feminismoarekiko interes handia dutela haren unerik subertsiboenetan, baita kontsistentzia handia ere, feminismoa eta feministak irudikatzen omen dituzten irudi mediatikoei dagokienez. Irudi horiek mugimendua gutxiesten duten ikuspegiekin lotuta egoten dira sarritan; halaber, sinplifikatzeko joera izan ohi dute, eta feminismoaren tradizio ezberdinen arteko aldeak alde batera uzten dituzte eta (Marx eta Hess, 1995; Rhode, 1995; Bradley, 2003; etab.).
Testuinguru horretan, “La imagen pública del feminismo en la Transición (1975-1979). Una mirada desde la prensa” (UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, 2017) izeneko liburuak prentsaren bitartez gizarteari ezagutzera eman zitzaizkion Espainiako lehenengo feminismo antolatuaren ideiak, eskaerak eta ekintzak aztertzen ditu. Hori hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadan gertatu zen, EAMren babesean. Ikerkuntzaren abiapuntua da Espainiako EAMren irudikapen mediatikoa bereziki garrantzitsua izan zela Espainian mugimendu feministaren irudi publiko iraunkorra osatzeko.
Feminismoaren interpretazio historikoa eta gizarte-eraikuntza hertsiki lotuta daude feminismoa gizarteari transmititzeko erarekin
Feminismoaren interpretazio historikoa eta gizarte-eraikuntza hertsiki lotuta daude feminismoa gizarteari transmititzeko erarekin.
Beste herrialde batzuetan gertatu bezala, emakumeen mugimendu horrek bere agenda uneko testuinguru historikora, politikora eta sozialera moldatu zuen, eta diskurtso politikoan eta sozialean feminismoaren presentzia normalizatu eta finkatu zuen (Larumbe, 2004; Martínez, Gónzalez eta Gutiérrez, 2009). Egoera hori bereziki garrantzitsua izan zen Espainian, aintzat hartuta EAM frankismo ondorengo garaiko (1975-1979) azkeneko urteetan sortu zela, trantsizio demokratikoan, alegia. Laburra izan bazen ere, garai hori interes handikoa da feminismoaren eta komunikabideen binomio konplexua aztertzeko, frankismo ondorengo testuinguru politiko eta sozialak, besteak beste, eragin handia izan baitzuen mugimenduan edo eguneroko prentsan: bereziki bizia izan zen garai hori feminismoarentzat, garai hartan antolatu, piztu eta hedatu baitzen. Idatzizko kazetaritzarentzako, berriz, inflexio-urteak izan ziren, prentsa eragile politiko eta sozializatzailea izan zelako, sistema demokratiko baterako trantsizio horretan. Garai hartako zenbait lekukotzak diotenez, feministen eta komunikabideen arteko harremana “borrokaldi” bat izan zen aro hartan (Escario, Alberdi eta López-Accoto, 1996).
Ikerkuntzak azterketa hemerografiko diakronikoa du oinarri. Azterketa hori berrehun eta berrogeita hamar aipamen baino gehiagotan oinarritu zen, garai hartan Madrilen editatutako informazio orokorreko zazpi egunkari nagusietan feminismoari buruz aurkeztutako eduki esplizituen eta inplizituen inguruan. Aipaturiko egunkariak une hartako joera ideologiko eta politiko ezberdinen ordezkari ziren: ABC, Ya, Informaciones (prentsa pribatua, joera kontserbadorea); Diario 16, El País (prentsa pribatua, joera aurrerakoia); Arriba eta Pueblo (prentsa frankista). Azterketa horren helburu nagusiak ziren, besteak beste, feministak eta feminismoa kazetaritza-subjektu eta -iturri gisa aitortzea; trantsizio-garaian mugimenduaren diskurtsoaren gaiak identifikatzea, hedapen handiagoa izan zuten gaiak eta aldarrikapenak azalduz; eta mugimenduaren, kideen eta aldarrikapenen aldeko edo kontrako irudikapenak, definizioak edo ikuspegiak zehaztea.
Azterketaren ondorioek agerian uzten dutenez, goiburuen ideologia-moldea alde batera utzita, trantsizio-garaiko prentsak bi irizpide izan zituen mugimendua irudikatzeko garaian, eta horrek mugimenduaren irudi publiko anbiguoa sortzen lagundu zuen, mugimendua ikusarazten eta ikusezin bihurtuz. Dualismo horren eraginez, oso zaila izan zen mugimenduaren irudi publikoa erabat aldekoa edo erabat kontrakoa izatea. Beraz, prentsa moderatuaren nahiari jarraitu zitzaion eta, trantsizioan zehar betetako funtzioaren arabera, aldaketaren bultzatzaile edo suspertzaile gisa interpretatu zen mugimendua.
Bere lehenengo trantsizioarekin bat eginez, prentsak aurreko kazetaritza-estiloa hautsi zuen, eta inoiz ez bezala normalizatzen hasiak ziren talde sozialen multzo bati buruz hitz egiten hasi ziren, feminismoari buruz, besteak beste. Feminismoaren kasuan, ikuspegia haren kontrakoa izan zen, izaera subertsiboa zuela nabarmentzen zuten-eta; izan ere, mobilizazioa eta gizarte-gatazka izan ziren trantsizio-prozesuaren indar erabakigarria eta bultzatzailea. Gizarte-gaiak aldarrikatzeko irekiera horren ondorioz, EAMk ustez sortutako arazoa era positiboan hartu zuen prentsak, presio-iturri eta aldaketa demokratiko gisa. Horren froga da feministei egindako erasoak salatu izana (polizia-errepresioaren gaitzespena aintzat hartuta interpreta daiteke), askatasunen aurkako erregimen baten sinonimo zirela esanez.
EAMren inguruko albiste nagusiek feminismoa teoria eta praktika zela adierazi zuten, pizkunde ideologiko eta intelektual handiko mugimendua zela, baina sistema aldatzeko ekintza- edo motor-mugimendua zela ere bai. Kazetaritza-ikusarazpen hori funtsezkoa izan zen, EAMk hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Espainiako dinamika sozialean eta politikoan izan zuen eragina zilegi bihurtu zuen-eta.
Prentsaren estaldurak feminismoa benetako bihurtzen lagundu zuen. Hala ere, uneko kazetaritza-ohiturak eta albiste bihurtzeko balioak gorabehera, behin-behineko mugimendua zela ere hedatu zuen, tonu politiko nabaria zuena eta askatasun-gabeziako behin-behineko egoerak bultzatutakoa.
prentsak mugimendu inkonformista gisa irudikatu zuen feminismoa
Prentsak mugimendu inkonformista gisa irudikatu zuen feminismoa.
Gizarte-presioko eta -aldaketako iturri subertsiboa izateagatik mugimendua arazoa zela ziotenek ez bezala, adostasun politikorako normaltasuna eta testuingurua lortzeko mugimendua mehatxu bat zela adierazten zutenek eragin negatiboa izan zuten mugimenduaren irudi eta nortasun publikoan. Hori garrantzitsua da; izan ere, eragile politikoko rola betez, prentsak nahiago izan zuen sistemari laguntzea, alderdietatik abiatuta borroka feministari arreta berezia ematea baino.
Alde batetik, prentsak arreta berezia eman zien aldarrikapen erreformistei, eta erradikalagoak edo iraultzaileagoak zirenak alde batera utzi zituen. Ondorioz, mugimendua krisian zegoela zioen ideia indartu zuen. Horren erantzukizuna feministei egotzi zitzaien, akordioak egiteko gaitasunik ez zutelako eta trantsizio demokratikoa gauzatzen zihoan legediarekin pozik ez zeudelako. Horren harira, prentsak mugimendu inkonformista gisa irudikatu zuen feminismoa: beti kexatzen ari zena, guztiaren aurka agertzen zena, intrantsigentea zena eta akusatzean, protesta egitean, salatzean eta kritikatzean baino ez zuena jartzen arreta.
Frankismoaren gatazkarik gabeko mundu-ikuskera zela medio, adostasuna bilatzeko bidean, abian jartzen ziren erreformen aurrean feministek zituzten kexa eta protestako jarreren ikuspegi negatiboa erakutsi zuten egunkariek. Halaber, mugimenduaren barruko tentsioak ere agerian jarri zituzten, jarrera horiek mugimenduaren elementu bereizgarrienetakoak balira bezala erakutsiz. Mugimenduarekiko informazio-interesik handiena 1976ko amaieratik hasi eta 1977ko hauteskundeak egin bitartean eman zen, eta horrek argi uzten du feminismoari buruzko informazio politikoek izandako garrantzia. Gainera, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Espainiako prentsak feminismoari emandako irudi publikoaren bidez (irudikapen partzialek kontrako terminoak ekarri zituzten), trantsizio demokratikoa eraikitzeko ezinbesteko mugimendu gisa irudikatu zen. Baina, bestalde, gatazka-mugimendu gisa ere irudikatu zuten, izaera politiko handikoa, behin-behinekoa eta, ideologiari eta antolakuntzari zegokienez, banaketa handia zuena.
Aipamenak
BRADLEY, Patricia (2003). Mass media and the shaping of American Feminism (1963-1975). University Press of Mississippi.
ESCARIO, Pilar; ALBERDI, Inés; LÓPEZ-ACCOTTO, Ana I. (1996). Lo personal es político. El Movimiento Feminista en la transición. Madril: Emakumearen Institutua.
LARUMBE, María Ángeles (2004). Las que dijeron no. Palabra y acción del feminismo en la Transición. Zaragoza: Zaragozako Unibertsitate Prentsak.
MARTÍNEZ TEN, Carmen; GONZÁLEZ RUIZ, Pilar; GUTIÉRREZ LÓPEZ, Purificación (ed.) (2009). El movimiento feminista en España en los años 70. Madril: Cátedra.
MARX, Myra; HESS, Beth B. (1995). Controversy & Coalition. The New Feminist Movements across Three Decades of Change. New York: Twayne Publishers [Ed. berrikusia].
RHODE, Devora L. (1995). «Media Images, Feminist Issues». In: Signs, Journal of Women in Culture and Society, 20. bol. 3. zk. Spring, 685-710. or.

Comentarios