Faxismoaren Kontrako Eguna ospatu dute, Busturian

faxismoarenaurka1



BUSTURIALDEKO HITZA Api 29, 2018

 81 urte bete dira tropa faxistak busturira iritsi zirenetik, eta ordutik hona “asko izan dira gure herriaren askatasuna defenditu zuten gudariak, bizitza eman zuten herriko seme eta alabak”.

Herritar horiek omendu eta oroitzeko, Busturiako Laia Herri Mugimenduak Faxismoaren Kontrako Eguna ospatu du gaur, Sare Gernika, Ahaztuak 1937-1977 eta SOM-Hi elkarteetako kideekin batera. 13:00etan hasita, elkarte ezberdinetako ordezkariek hitzalditxoa eman dute udaletxe aurrean.

Bertan “faxismoak estatuaren egituretan jarraitzen duela, eta herritarrek hori sumatzeko beharra” nabarmendu dute Laiakoek, “gure gain hartu behar dugu gure herriaren oroimena guk gorde eta belaunaldiz belaunaldi zabaltzea, gertatutakoa inoiz ez ahazteko”.

Ondoren, Sare Gernikakoek hartu dute hitza, Laia mugimenduari eskerrak emanez. “1937an preso eta iheslariek izan zuten presio politikoak gaur egun berbera izaten jarraitzen du”, adierazi dute Sarekoek.

Ahaztuak 1937-1977 elkartetik aipatu dutenez, “gaur egun bizi dugun egoera politikoak orain hemen egiten ari garena justifikatzen du. Atzekoz aurrerako justizia bat ikusten ari gara”.

faxismoarenaurka


Berbaldiaz gain, ohorezko aurreskoa dantzatu dute frankismoaren erresistenteen alde, eta ostean, kantu-bazkarian bildu dira gaztetxean, Iñaki Revuelta eta Jesus Etxabe abeslarien ekitaldiaz gozatuz.

Comentarios