Biteri jauna: Politikoek gizartearen arazoak konpondu behar dute, ez gehiago sortu

Imagen relacionada
Iñaki Biteri jauna:

HITZA agerkarian idazki bat argitaratu duzu, zuri erantzutera behartzen gaituena. Idazkian datu zehatzetan oinarritu gabeko baieztapenak eta deskalifikazio politiko eta pertsonalak idatzi dituzu, fede onez jardun duten hirugarren pertsonen kaltetan, tartean Busturiko auzokide asko eta gure Elkartea.

Zuretzat lehen galdera bat dugu, zera; ea Sukarrietako auzotarra zaren aldetik ala Sukarrietako EHBilduko zinegotzia zaren aldetik idatzi dituzun Hitzan argitaratu diren horiek.

Zure idatzian aipatu duzun Batzar Nagusiko ekitaldiaren bideoan ikusten denarekin bat San Antonio barrendegia -enklabea- kentzeko proposamenari buruzko puntuari buruzko jardunean zehar mahaiburuak behin eta berriro eskatu zizuen oihurik eta protestarik ez egiteko. Zeren eta zuk, eta zurekin beste taldetxo batek, zuen oihu eta kartelekin ahaldunen esku-hartzeek eten baitzenituzten. Mahaiak jarrera hori uztera deitu zizueten, hainbatetan. Alferrik. Kanporatu egin zintuztela? Jarrera horrexegatik izan zen, ez beste ezergatik.

Horren harira bigarren galdera bat ere badugu, zera, ea Batzar Nagusien osoko batzarrera gonbidatu zinteztena EHbildu izan zen?

Bestalde, zure idazkiaren mami historikora joz, argitu egin behar dizugu, begirenez argitu ere, Abinaga-Urkizuriko barrendegian udaletxerik ez dela historian zehar inoiz egon. Sandinderi izeneko irlan egon zen, bai, elizateko parrokia-eliza -bertan egiten ziren auzotarren batzarrak-, eta eliza hori Axpekok Andra Mariko bikariotzaren menpekoa zen. 1785eko abenduaren 10ean Sakramentu Santuak, irudiak eta apaingarrien, San Nikolasen ermitarako San Andresen hasierako parrokiako elizatik aldatzea egin zen. Ermita behin-behineko parrokia izan zen 1789ra arte. 1789ko maiatzaren 16an Sukarrietako parrokia berria inauguratu zen. XIX mendeko lehen urteetan udal horretako udaletxea orduko Alondegiko goiko solairuetan egon zen (egungo La Marisma delakoaren goian, hain zuzen).

Historiak ematen dituen eskubideez hitz egin duzu. Aitzitik, Busturiaren historiaren lehen sustraietako den Munitiz Dorrea Sukarrietako udalerrira igaro zenean, esan zuen zuetariko inork ezer?

Datu historikoak nahastu dituzu, baita beste batzuk ere. Ez duzu argitu, esaterako, hartu den erabakiarekin Sandinderik Sukarrieta izaten segitzen duela. Zurea irakurrita ez du horrela denik ematen. Beraz, Sukarrietako udalaren agintaritzak dauka Sandinderiren ardura. Ba al dakizue hor dauden hondakinak eta hilobiak desagertzen ari direla? Bide batez, ez duzu aipatu Urkizuriko auzotar katolikoak Busturiako eliztarrak direla, eta beraz gaur egun eskubidea dutela Busturiako hilerrirako eta hango asilorako.

Zubiak eraikitzeaz eta adostasunaz bilatzeaz hitz egiten duzunean zertaz ari zaren, ez dakigu. Izan ere Sukarrieta izan baita gai hau epai-bideetara eroan duena, horretarako “udalarriak itsasoz duen jarraipena eta osotasuna” legezko leloak erabiliz eroan ere. Eta zer esan 1993ko Foru Araua ez betetzeko batzokien artean egin diren ezkutuko lanez. Lanok, Biteri jauna, zure babesa izan dute, aldez edo moldez. Ez dugu ahaztuta IBEX enpresak landu duen zentzugabekeria. Horretan besteak bezain konplizea zara.

Akordio-saioei dagokienez zuk diozuna ere ez dela horrelakorik izan. Hori baieztapen hori faltsua da. 1991n, 1998, eta 2000an Busturia adostasunera iristen saiatu zen. Berriz, “udal txikia gara” leloarekin, Sukarrietako udalak Busturiako lurrak eskatu zituen, trukean ezer eman gabe. Eta hori gutxi balitz legez, Foru Aldundiaren erabeteko babesa zutela esaten ziguten.

Gero Podemos-Ahaldogu-ren jarrera kritikatzen duzu, ahaztuta Aldundiko gobernuari EAJk eta PSE-EEk eusten diotela eta horiexek direla, euron botoez, gaurko Aldun Nagusiari eusten diotenak. Aldun Nagusia, Unai Rementeria, nork badioen berak “udal biekiko distantzia mantendu behar duela”, “epailaren lekuan” jarrita. Noiz-eta hasiera-hasieratik Sukarrietan proposamen -huts egindako proposamenen- alde egin duenean. Podemos-Ahalduguk Batzarretan isan duen legez, denok dakigun Rementeria horren agintearen atzean zein asmo dagoen: Kanala operazioa bezalako higiezinen operazio iluna, Portuondoko kirol-portu ilegalaren mantenua edo BBKren Koloniako Guggenheim Urdaibaikoaren proiektua, guztiak ere mugimendu sozioi-ekologistek salatuak. Zuk, Iñaki Biteri jauna, higiezinen operazio horiekin bat egiten duzu? Idatzi duzuna irakurrita egin duzu ibilbidea ikusita baietz dirudi.

Foru-tranpez josita jokatu den partida hau, “betiko udatiarren” interes elitistez betetako liskar hau, zentzuz ebatz zitekeen, herri batean galtzen diren metro koadro errealak ondoko herriari emanez. Baina zuk, auzo-eskubideez hitz egiten duzula, IBEXen proposamena, Busturiako 20 auzotar Sukarrietara pasatzen zituena, EAJekin adostu zenuen. Hogei horiei kontsultatu gabe. Non ziren orduan auzotarrenen eskubideak? Hori da Sukarrietako udalak auzotarren eskubideekiko duen jarrera. Ez ote da hori Inbutuaren legea erabiltzea? Udal horretan, non da gardentasunari eta auzotarren legezko parte hartzeari buruzko ordenantza?

Amaituz, musean jokatzeko, edo arauak errespetatzen dira, edo ez dago jokorik. Honetan ez da joko garbirik izan, anabasa eta nahastea baino. Horrek ekarri dituen eta ekarriko dituen kalteetan, erantzukizuna zuk ere daukazu , Biteri jauna

Busturiko eta Sukarrietako ZDU Kideok

Comentarios