Abiña Sukarrieta da. Betirako!

Kandidatura EHbildu Sukarrieta 2015, encabezada por Iñaki Biteri.
Gernikako Batzar Nagusietatik kaleratua izan nintzen Abiñako auzotarrekin batera aho batez Sukarrietakoak izaten jarraitu nahi genuela esateagatik. Sukarrieta herri txikia da, eta Abiña da bere lurraldearen erdia; Abiñan jaio zen Sukarrieta, eta hantxe egiten ziren udalbatzak ere ia-ia XIX. mende hasierara arte...

Osagai konpartituak, komunean ditugunak, behar-beharrezko ditugu komunitate izateko, «gu» sentitzeko. Eta Abiñakoek argi daukate, horrela adierazi baitzuten apirilean egindako auzo galdeketan ere Sukarrietakoak sentitzen zirela eta aurrerantzean ere horrela izaten jarraitu nahi zutela.

Funtsean, Busturiak lurralde zabalkuntza egin nahi izan du ondoko herriari, Sukarrietari, bihotza, sormuina kenduaz, Abiña; eta egin ere bertakoak kontuan hartu gabe. Horrela, inoiz berea izan ez den hondartza eskuratzen du, eta, agian, diru iturri gehiago. Bejoindeizula Busturia eta baita busturitzarroi! Zubiak eraiki eta adostasunetara heldu beharrean, bi herri eta horietako herritarrak aurrez aurre jartzea ekarri du honek. Espainolek Euskal Herriarekin egiten dutena, zuok, ondoko herriko biztanleekin egin duzue.

Gernikako Batzar Nagusietara bueltatuaz, nork ulertu hango panorama? Aldekoa eta Podemos, Abiña Busturiara pasatzearen alde bozkatzen. Ai, Panparacuatro andrea! Ahoa bete zitzaizuen hauteskundeetan herritarrak politikaren erdian jartzerakoan; eta hala behar denean ekuaziotik herritarrak desagerrarazten dituzue betazalik mugitu gabe.... Agian, ondo ulertu ere egin ez dituzuen auzietan bozka erabakiorrak emonaz, prepotentzia osoz... Haize berria eta politika egiteko modu berriak agindu zenituztenok, ez duzue ezer berririk erakutsi, zuok ere lehengo lepotik burua; haize berririk ez eze brisarik ere ez da nabari... Eta besteok, EAJ eta EH Bildu ez zarate askoz hobeak, abstentzioa bozkatu ostrukarena eginaz.

Egun batean alkarregaz nazio bat nola eraikiko dugu, auzo bateko gatazka konpontzeko sukalde lanik egiteko kapazak izan ez garenok?! Busturitzarroi zorionak, cava boteila gora; altza kopak eta topa!!! Hurrengoan ere Gure Esku bozketa antolatu beharko da, hipokresiak limiterik ez du eta! Abiñakoak ekarriko duen atzea, kalte kolaterala besterik ez dela esango duzue, bitartean, visca catalunya libre edo herri borondatea ahoan darabilzuela. Baina gauzak distantzia motzetan hobe neurtzen dira, ta esaera zaharrak diona gogorazi nahi dizuet: adiskidegabeko bizitza, auzogabeko heriotza. 

Comentarios