Lemoizen arrain haztegi bat eraiki nahi du Eusko Jaurlaritzak



Soilik kapital pribatuaren bidez egingo litzateke proiektua. Gutxienez 350 eta gehienez 550 lanpostu sortuko lituzke. Erreboiloa, izokina, mihi arraina, izkira eta otarrainxka haziko lituzkete
 
Lemoizko zentral nuklearra izan behar zuen azpiegitura oso hondaturik dago; aurtengo ekainekoa da argazkia.
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
 
2017-11-09 / Xabier Martin
 
Lemoizko zentral nuklearraren kokaguneari erabilpena emango liokeen proiektua plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, atzo. Arrain haztegi bat eraiki nahi du Lakuak sekula martxan jarri ez zen zentralaren eremuan. AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozorekin batera aurkeztu zuen proiektua Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak: itsasoak eskaintzen duen ur sarrera baliatu, eta lurrean ezarriko lituzkete hainbat espezie garatzeko haztegi industrialak.

Azken 40 urteotan itxirik egon den azpiegiturari beste aukera bat emango liokeen proiektuak baditu inbertitzaileak jadanik, Tapiaren arabera; Euskal Herriko, Frantziako eta Norvegiako inbertsioarekin egingo litzateke arrain haztegia, baina 2020ko hamarkadara arte ez litzateke jarduera abiatuko, lau eta sei urte arteko epea beharko lukeelako horretarako.

Iberdrolarenak dira Lemoizko zentral nuklearra izan behar zuen azpiegitura eta lurrak, baina Arantxa Tapiak azaldu zuen Jaurlaritzaren eskuetara igaroko direla, aurtengo aurrekontuaren akordioen arabera. Haien truke pagatu behar bada, «kopuru sinbolikoa» izango dela uste du sailburuak, Iberdrolak ere etekina atera diezaiokeelako operazioari. Nola? Konpainia elektrikoak ez luke ezer pagatuko Lemoizko lurra azpiegitura nuklearra eraiki aurreko egoerara lehengoratzeko. Egitura dagoen moduan emango lioke euskal administrazioari, erabat hondaturik alegia.

Sortutako lanpostuak

Jaurlaritzak ez luke arrain haztegiaren finantzaketan parte hartuko, sailburuak garbi utzi zuenez; kapital osoa pribatua litzatekeela azpimarratu zuen. Lemoizko proiektuaren gainean «interes handia» azaldu duten inbertitzaileak badirela esan zuen, baita lanpostu kopuru esanguratsu bat sortuko litzatekeela ere haztegia gauzatuko balitz; 350 eta 550 lanposturen arteko kopurua hain zuzen.

Izan ere, bi aukera daudela uste du administrazioak. Lau hektarea hartuko lituzkeen proiektua dago, alde batetik; hemezortzi milioi euroko inbertsioa eskatzen du horrek azpiegitura bera egokitzeko. Lemoizko instalazioa hondaturik dago, baina garbi, ez baitziren sekula sartu barrura gai nuklearrak. Gero haztegiaren instalazioa bera ere finantzatu beharko litzateke, eta atal horretan zehaztasun gutxi eman zituen Lakuak: 25 eta 60 milioi arteko kopurua kalkulatzen ari da.

Bestalde, 5,5 hektarea hartuko lituzkeen beste proiektu baten aukera dago. Egitura egokitzeak 25 milioi euroko aurrekontua luke kasu horretan, eta ondoren egin beharreko inbertsioa 32 eta 80 milioi euro artekoa litzateke. Proiektuaren neurriaren arabera, 350 eta 550 lanposturen artean sortuko lirateke Lemoizko arrain haztegian.

AZTIk dio ikerketa sakona egin duela Lemoizek eskaintzen dituen aukeren inguruan, eta seguru dago: balizko haztegi horretan hainbat espezie landu daitezke ur zirkuituen teknologiaren bidez, hala nola izkira, otarrainxka, mihi arraina, erreboiloa, izokina, eta izokin itxurako amuarraina. Lemoizek leku nahikoa dauka enpresa bat baino gehiagoren jarduerak hartzeko; itsasoko uren sarrera garbiak bermaturik daude; Bizkaiko kostaldeko eremu horretan uren kalitatea oso ona da, AZTIren arabera.

Lemoizko proiektuaz gain, Gasteizko gobernuak haztegien esparruko beste proiektu baten berri eman zuen, atzo. Muskuiluak ekoizteko haztegi bat zabalduko dute datorren urterako, Mendexan (Bizkaia), Ondarroa eta Lekeitio arteko kostaldetik hurbil. Haztegi horren uraskak 40 eta 70 metro arteko sakonera batean egongo dira. Mendexako haztegien instalazioek 554 hektarea hartuko dituzte, eta hiru enpresak kudeatuko dute zentroa: Matxitxako Moluskoak, Angulas de Aguinagak eta Rinamar galiziarrak.

Hainbat bazkidek osatuko dute Matxitxako Moluskoak: Arrankobak, Itsaskordak, Lekeitio, Ondarroa eta Gipuzkoako kofradiek eta AZTIk berak. Enpresa horrek urtean mila tona muskuilu ekoizteko helburua jarri du, 40 ekoizpen lerro baliatuz. Udaberrirako eraikiko ditu beren instalazioak, eta 2018an bertan jarduera abiatuko du.

Comentarios