Julen Kaltzada hil da


Julen Kaltzada hil da, 82 urte zituela. 
 Joan den astean aurkeztu zuen ‘Umezurtzaren aberria’, Euskal Herrian azken zortzi hamarkadetan gertatutakoak biltzen dituen bere azken lana.





Umezurtzen herria. 

Ustekabean gelditu zaigu umezurtz euskaradunon herria. Agur Julen Kaltzada. Omenaldi ekitaldia LARUNBATEAN Busturin (Axpen) 5etan elizkizuna. Ostean Bertan Udaletxe aurrean ekitaldia.




1936ko gerra hasi baino urtebete lehenago jaio zen Julen Kaltzada Ugarte, Busturian: 1935eko uztailaren 18an. 82 urte zituen eta pasa den astean bere azken lana aurkeztu zuen: Umezurtzen aberria (Txalaparta). Kaltzadak iloba bati idatzitako testuekin liburu horretan bere bizitza jaso zuten bere inguruko hainbat lagunek. Kaltzadari ezer esan gabe arduratu ziren testuak bildu eta editatzeaz, baita ediziorako beharrezko diru ekarpenak biltzeaz ere. Liburu autobiografikoa osatu zuten horrela, Kaltzadaren azken lana, eta azken 80 urteotan Euskal Herrian gertatutakoak bilduz: haurtzaroa, baserriko bizia, espetxealdia, Burgosko Prozesua, Egin-en sorrera, AEK-ko militantzia, Korrika eta abar. Joan den uztailaren 18an, urtebetetze egunean, opari gisara eman zioten.

Aita EAJko zinegotzia zuen Kaltzadak, eta 1937ko abuztuaren 5ean fusilatu zuten, Derion. Julen apaiztegira joan zen 11 urterekin. 1958an egin zuten apaiz, eta Orozkoko Muruetara bidali zuten, parroko. Iurretara aldatu zuten 1964an. Herri Gaztedi mugimendu katolikoan sartu zen. 1967ko abuztuaren 5ean, aita zuenaren eta frankistek fusilatutako Busturiko gainontzeko bosten aldeko meza eman zuen. Lehen aldia zen Elizak haien omenezko elizkizunak eskaintzeko baimena ematen zuela. Euskal apez antifrankisten Derioko apaiztegiko 1968ko itxialdian parte hartu zuen, baita 1969ko Bilboko gotzaitegiko gose greban ere. Atxilotu, epaitu eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, matxinada militarra egin izana egotzita.

1970ean, Burgosko Prozesuan epaitu eta beste hamabi urteko zigorra jarri zioten. 1976ko amnistiarekin irten zen kartzelatik, eta helduen euskalduntze-alfabetatzean murgildu zen. AEK-ko buru izan zen, eta Korrikaren sorreran parte hartu zuen. Aurten, apirilean, Korrikaren lekukoa eraman zuen Busturia sorlekuan, eta BERRIAn lehenengo Korrika gogoratu zuen: Lehenenego Korrika eta aurreko gertakizunak. Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak esker oneko mezua eskaini dio sare sozialetan.






















Comentarios