ARNALDO OTEGIREN INHABILITAZIOA
Otegiren inhabilitazioa Estrasburgora eramateko aukera baztertu du Iruinek
Abokatuak ohartarazi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak oso kasu bakanetan hartu dituela kautelazko neurriak.

2016-08-26 / Berria
Elkarrizketaren ondotik, Agirreazkuenaga alboratzeko eskatu du EH Bilduk, eta Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean erantzun dio Agirreazkuenagari Iñigo Iruin abokatuak. Baztertu egin du Europako bidea: "Estrasburgori kautelazko neurriak eskatzeko aukera aztertu zen bere garaian, baina bi arrazoirengatik baztertu zen: batetik, Agirreazkuenagak dioenaren kontrara, EH Bilduk uste duelako Arnaldo [Otegi] aukeratua izan daitekeen hautagaia dela, sufragio pasiborako inhabilitazio berezia espetxetik irtetean iraungi baitzen. Kontraesankorra litzateke Europari eskatzea inhabilitazioa bertan behera uzteko, eta aldi berean, inhabilitazio hori ez dagoela indarrean defendatzea".
Bigarren argudio bat eman du Iruinek: "Gorteak uste du kautelazko neurriak hartu behar direla soilik atzeraezinak diren kalteak egitear daudenean: bizitzarako eskubidea, torturarik ez jasatearena...". Iruinek gogorarazi du oso gutxitan hartu dituela Estrasburgok kautelazko neurriak.
Inhabilitazioaren zigorraz ere jardun du, oroitaraziz inhabilitazioa espetxealdiari erantsitako zigor gisa ezarri ziotela: "Horrek esan nahi du biek iraupen bera dutela, eta gainera, aldi berean betetzen eta amaitzen direla". Azpimarratu du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak ere hala defendatu izan dutela sarri
Comentarios