Otegiren inhabilitazioa. Iñaki Agirreazkuenaga. Hauteskunde batzordeko partaidea
          
«Norbaitek gai hau bideratu badezake, Estrasburgo da hori»
         
EHUko zuzenbide 
katedraduna da Agirreazkuenaga, eta Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko 
kidea. Otegiren egoerari buruzko bozketan parte hartu zuen. Haren 
arabera, oraindik badauka aukera bat Otegik.
 
Argazkia: BERRIA  
                   
 
Administrazio zuzenbidean katedraduna da EHU Euskal Herriko 
Unibertsitatean, eta Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko partaidea. 
Arnaldo Otegiren lege egoera aztertu duten juristetako bat da Iñaki 
Agirreazkuenaga (Bilbo, 1957). BERRIArekin egindako elkarrizketan, argi 
utzi du bere ikuspegia dela hemen azaldutakoa, ez batzordearena. Bat 
egin du gaur-gaurkoz Otegik ezin duela bozetara aurkeztu, epai irmo 
batek inhabilitatua dagoela eta. Egoera hori alda daitekeela uste du, 
baina. Giza Eskubideen Europako Auzitegian auzi eske bat egina du 
Otegik, Espainian jasotako sententziaren aurka. Hortik etor daiteke 
modua, legelariaren arabera.
Hauteskundeetara aurkezteko modurik ez du Otegik, batzordean ebatzi duzuenez. Baina badago egoera aldatzeko modurik?
Egon
 litezke. Gaur-gaurkoz, Otegi inhabilitaturik dago aukeratua izateko. 
Inhabilitazio hori espezifikoa da, epai irmo batek ezartzen du, eta 
Auzitegi Nazionalaren auto batek esaten du inhabilitazioa noiztik nora 
doan. Inhabilitatua dago epai irmo bat duelako, ez hauteskunde 
batzordeak esan duelako. Batzordeak esan du epai irmo bat dagoela. Hori 
ezin du aldatu: organo administratiboa da.
Iker Casanovaren kasuarekin alderatu da Otegirena, aurkezteko aukera baduela argudiatzeko. Egoera berean daude biak?
Ez.
 Casanovaren egoera berean Elena Beloki dago. Biek dute epai bat esaten 
duena kargu publikoetarako daudela inhabilitatuta. Otegik sufragio 
pasiborako inhabilitazioa dauka: ezin da aukeratua izan. Gakoa da 
noiztik hasten den kontatzen. Aurretik beste inhabilitazio batzuk 
zituen. Auzitegi Nazionalak auto bat eman zuen, Otegiren abokatuek ez 
zioten helegiterik jarri, eta indarrean dago. Hor esaten da noiztik nora
 doan inhabilitazioa. Casanovak zeukan zigor erantsiaz gain [kargu 
publikorako inhabilitazioa], Otegik badu beste bat ere: sufragio 
pasiborako inhabilitazioa. Sei urte eta sei hilabete. Gauza da noiztik 
zenbatzen den lehen eguna. Auzitegi Nazionalak ezarri zuen hori, eta 
abokatuek ez zuten helegitea jarri. 2021 arte dago inhabilitatua.
Horiek hala, esan daiteke Espainiako auzibidea agortu zaiola?
Formalki,
 hainbat helegite dauzka. Bizirik dagoen neurrian, gaia irekita dago. 
Irailaren 8a baino lehen hartu behar da erabakia. Baina batzordeak eta 
auzitegiek zer erabakitzen dute? Arazo formal bat bakarrik: 
inhabilitazioa dagoen edo ez. Ezin dira oinarrian sartu. Ezin dute 
aztertu inhabilitazio hori egoki onartu zen edo ez. Gure joko muga 
formala da: auzitegiek inhabilitatua badago, ez dago askatasunik 
baiezkoa erabakitzeko. Administrazio auzitegiak muga berak ditu, eta 
Konstituzionalak ere bai. Epaiak ezin dira mugitu.
Epai horiek 
oso bereziak dira. Auzitegi Gorenak jaitsi egin zion zigorra, baina 
magistratu batek uste zuen ez zegoela frogarik zigorra jartzeko; beste 
batek uste zuen Gorenean epaitu zuen auzitegia ez zela inpartziala. 
Konstituzionalean, berdin: bost magistratuk esan zuten Auzitegi 
Nazionaleko sala ez zela inpartziala, eta babesa eman behar zitzaiola 
Otegiri.
Europan ikusten duzu aukera Otegi aurkeztu ahal izan dadin. Helegite bat jarria baitauka han.
Juridikoki,
 mamia Estrasburgon dago. Beraz, aukera du kautelazko neurriak hartzeko.
 Azaroan ez zituen onartu Otegik gai batzuei buruz jarritako helegiteak,
 baina bat onartu zuen inplizituki: epaitegiak inpartzialtasuna zeukan 
edo ez. Epaia emango du. Horrek baldintzatzen du edukia. Norbaitek gai 
hau bideratu badezake, oinarriari dagokionez, Estrasburgo da hori. 
Batetik, epaia ematen badu eta Otegiren aldekoa bada; horrek esan nahiko
 luke haren eskubideak urratu direla, eta, beraz, ondorio kaltegarriak 
ezabatu egin behar direla. Horietako bat da inhabilitazioa. Eskubidea 
urratuko litzaioke aukeratua izan nahi eta aukerarik izango ez balu. 
Inhabilitazio hori kautelaz Europako auzitegiak bakarrik eten dezake.
Auzitegiari kautelazko neurria eskatuz gero, behartua legoke irailaren 8a aurretik erantzutera?
Kautelazko
 neurriak urgentziaz hartzen dira. Noiz hartzen ditu Estrasburgok? 
Adibidez, norbait estatu batetik egotzi behar badute. Neurriak 
bat-batean hartu ezean eskubideak urratzen direnean. Nire ikuspegitik, 
lehenbailehen planteatu behar da gaia: urgentzia eta urraketa adierazi. 
Auzitegiak gaia aztertu zuen azaroan. Uste badu irizpena eskatu behar 
zaiola gobernuari, esan nahi du onartzen duela urraketa egon litekeela. 
Epaia eman behar du. Noiz hartzen dira kautelazkoak? Uste denean 
urraketa sor litekeela eta arrazoiak daudela neurriak hartzeko. 
Kautelazkoa ematen badiote, seinale da aldeko epaia izan litekeela. 
Horregatik hartzen da neurria, eskubidea ez urratzeko. Baina eskatu egin
 behar da. Bestela, nahiz eta gero arrazoia eman, ez du konponbiderik. 
Eskatzen bada, urgentzia ongi adieraziz eta urraketa noiztik aurrera den
 nahitaezkoa, auzitegiak erabakiko du bere ikuspegiaren arabera eta 
oinarria kontuan hartuz.
Argudioak ikusten dituzu.
Goreneko
 bi magistratuk ikusi dituzte, eta Konstituzionaleko bostek. Ez dira 
auzitegi guztien aurka ari. Antzeko beste kasu batean Gorenak arrazoi 
eman zion Otegiri, eta Auzitegi Nazionalaren epaia ezabatu zuen. Gaia ez
 da hutsean aztertzen. Bide egokia izan liteke. Batetik, bakarra da, eta
 bestetik, aurrekariak daude: hiru biren aurka Gorenean, eta zazpi 
bosten aurka Konstituzionalean. Horrelakoak ikustea oso zaila da.
Batetik,
 egia prozesala dago, eta bestetik, jendeak egia dela uste duena. Ez 
dakit zer froga egin diren, baina jende gehienak daki Otegi noiztik 
aritu den bideak bilatzen, Jesus Egigurenekin eta. Baina ez dakit 
auzitegietan froga horiek aurkeztu diren, eta Europako auzitegira heldu 
diren. Otegi etakidea zela dio epaiak, ETAren aginduz sortu zuela 
alderdi bat, ETAko buruzagia zela. Hori da oinarria. Hori inork ezin du 
mugitu: Europako auzitegiak bakarrik.
Europako bideaz gaindi, zein dira hurrengo pausoak hemen?
Europan
 erabaki bat egongo balitz edo kautelazko neurriak hartuko balira, 
zuzeneko eragina edukiko lukete. Orain hautatua izateko duen ezintasun 
hori hautatua izateko gaitasun bihurtuko litzateke. Bidea ez da bukatuko
 irailaren 8ra arte. Ordura arte ez da jakingo aurkezteko aukera daukan 
hala ez. Gaur, ez dauka. Epai bat dago hori galarazten duena. Hori ez 
dago mugitzerik. 
 
 
Comentarios