EREINOTZAK BANATUKO DITU ALDUNDIAK BERMEON

Zuhaitz Eguna ospatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 4.500 ereinotz landare banatuko ditu Bizkaiko zazpi udalerritan; horien artean dago Bermeo. Zapatuan, 12:00etan egingo dute banaketa.

Landareak kartoizko lorontzi txiki batean banatuko dituzte, eta horiek zaintzeko jarraibideak ere emango dituzte. Kanpainaren helburua herritarren artean kontzientzia piztea dela azaldu dute foru aldundtik: «Argi eduki dezagun zuhaitzak landatzea zein onuragarria den gure ingurunerako». Era berean, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak, gizarteari, baina bereziki haur eta gazteei gogorarazi gura die zuhaitz espezieek duten balioa.

Sollubeko ereinotzak

Foru diputatu Elena Unzuetaren esanetan, «aldundiak 350.000 zuhaitz inguru landatzen ditu urtean, Bizkaiko mendi publikoetako 300 hektareatan».

Bizkaiko Foru Aldunditik azaldu dutenez, Bermeoko Sollube inguruetako mendietakoak dira banatuko dituzten ereinotzak; bertan batu baitzituzten haziak, 2012. urtean.

Ereinotzak ondo drainatutako lurrak behar ditu, lehenengo urteetan izozteetatik babestuta egon behar da, eta egutera gustuko du. Aldunditik azaldu dutenez, ereinotzak aukeratu dituzte banatzeko, sukaldean eta sendabelar moduan erabil daitezkeelako.

Gainera, espezio sinbolikoa dela azaldu dute, «gure baserrietako bizitzari oso lotuta dagoelako; antzina, espiritu txarrak uxatzeko erabiltzen baitzen».

Comentarios