SUKARRIETA ETA BUSTURIA ARTEKO MUGA LERROA ALDATZEA PROPOSATU DU FORU ALDUNDIAK

San Antonio enklabea desagerrarazteko prozedura hasi dute; enklabea bi herrien artean banatzeko proposamena egin dute
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri du, Espainiko Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren ostean. Hala, proposamenak aztertu ostean, Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea onetsi du aldundiak, enklabea bi herrien artean banatzeko.
2013an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen 2015eko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, San Antonio hondartza, Abiña auzoa eta udalekuak hartzen duen lur eremua Sukarrietak Busturian duen enklabe bat dela ebatzi zuen. Epaia betearazteko, hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, bi udalerrietako alkateekin batu izan dira, «akordioren bat lortzeko helburuz». Bi udalerriek, baina, lur eremu hori gura zutela adierazi du. Hortaz, aldundiak azterketa tekniko bat egiteko agindua eman zuen, «enklabea desagerrarazteko aukerak aztertzeko». Dioenez, azterketa horrek lau aukera ematen zituen, eta aldundiaren ustez «egokiena» den proposamena aukeratu dute. Modu horretan, muga lerroa aldatzeko erabakia hartu dute, enklabea bi udalerrien artean banatzeko. Sukarrieta iparraldeko zatiagaz geratuko litzateke; Busturia, berriz, hegoaldekoagaz.
«Orekatuena»
Bengoetxeak adierazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi duen proposamena «orekatuena» da bi udalerrientzat. Gauzak horrela, Sukarrietarentzat izango lirateke egun Busturiarenak diren Santarenako lurrak, lurraldean jarraipena izan dezan San Antonioraino, eta udalekuen eraikina Sukarrietan geratuko litzatekeela azaldu dute. Busturiak, berriz, San Antonio hondartza eskuratuko luke, bai eta hondartzaren hegoaldeko partzelaren zati bat ere.
Bertako biztanleengan «eragin txikiena» sortuko lukeen proposamena onetsi dutela uste dute aldunditik; izan ere, Abiña auzoko bizilagunek Sukarrietakoak izaten jarraituko dute; «eta saihestu egiten dira, beraz, beste aukera batzuek sortzen zituzten ezinbesteko aldaketak».
Alegazioetarako tartea
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko du proposamena, eta 30 egun ikusgai izango da, gura duenak alegazioak aurkeztu ahal izateko. Jakinarazi dutenez, gainera, entzunaldirako izapiderako aukera emango die Busturia eta Sukarrietako udalerriei; hain zuzen ere, 30 egun baliodun izango dituzte egoki deritzen alegazioak aurkezteko.
Aldi hori igarota, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako alegazio guztiak aztertuko ditu, eta hala badagokio, gehitu egingo ditu alegazio horiek eta Lege Batzordearen Aholkularien irizpenaren esku jarriko du espedientea. Ondoren, beste proposamen bat onetsiko du Gobernu Kontseiluan, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei aurkeztuko die, behin betiko erabakia har dezaten.
Sukarrietako eta Busturiko udaletako arduradunek azaldu dutenez, euren herrietako interesak defendatzen jarraituko dute. Biek esan dute, gainera, momentuz ez dutela Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio enklabearen gainean hartutako erabaki ofiziala udaletan jaso.
Batzarrik ez
Busturiko Udalak prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, «udala beti prest agertu da negozioatzeko, aldundiak esku artean zituen aukerak mahai gainean jarrita». Hala ere, San Antonio enklabeari irtenbidea emateko batzarrera, Busturiko Udala ez dutela deitu adierazi dute.
Bestalde, aldundiak txosten bat eskatuta zuela jakinda, Busturiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Sukarrietako Udalari azterketa horren emaitzak Busturiko Udalak eskatutako beste txosten bategaz erkatu ahal izateko zenbait datu eskatu izan dituela jakinarazi dute: «Ez dugu eduki ez bataren, ez bestearen erantzunik; Busturiak, berriz, eskatutako datu guztiak erraztu ditu»
Busturiko Udala «oso desilusionatua» agertu da, «aldundiak aukeratu duen proposamena ez delako guztien arteko akordio batetik etorri». Foru Aldundiak hartutako erabakia, gainera, enklabeen inguruan orain arte hartutako erabakietatik «desberdina» dela diote. Horregatik, erabakia «ustekabez» hartu dute.
Aldundiak onetsitako proposamena, “jauntxokeria” da Busturiko Udalaren arabera: “Eduki duten ideiarik onena Busturiari lur zati bat lapurtzea izan da Sukarrietari emateko”. Hartutako erabakiagaz, aldundia Sukarrietaren alde jokatzen ari dela uste dute.
Beraz, “lotsagarria” da Busturiko Udalaren arabera, martitzenean Gobernu Kontseiluak onetsitakoa. Azaldu dutenez, “berriro epailearen babesa eskatu beharko dute”.
Herriko interesak defendatu
Sukarrietako Udalak, bestalde, herritarren eta herriko interesak defendatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bizkaiko Foru Aldundiak onetsi duen proposamenean Abiña auzoko bizilagunak Sukarrietakoak izaten jarraitzen dutelako pozik agertu dira udaleko arduradunak. Hala ere, herriko ikono bat den San Antonioko hondartza galtzearen aurrean, kezka agertu dute; bai eta aldundiaren erabaki horrek udaleko diru kutxan eduki dezakeen eraginarekin ere.
Jakinarazi dutenez, Abiña auzo guztia «bere osotasunean» Sukarrietakoa izaten jarraitzeko borrokatuko dute udaletik. Hala ere, erabakiaren berri, foru aldundiko wegbunearen eta komunikabideen bidez izan dutela adierazi dute. Beraz, foru aldundiko erresoluzio ofizialaren zain daude, proposamena «sakontasunez aztertzeko».
Horren arabera, diotenez, «udalerriaren osotasuna defendatuko dute, esku artean dituzten probak eta txosten guztiak aurkeztuta».
Historia aztertzen
Gerardo Learreta Jauregizar Sukarrietako bizilaguna, Sukarrietaren historia aztertzen ibili da, eta horren berri emateko aukera izan zuen urtarrilean Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurkitu ahal izan duen datuen arabera, 1490. urtean, Sukarrietan, elizate bat bazegoen. Dioenez, Urdaibaiko Galtzagorriek ematen dituzten datuen arabera, berriz, Sukarrietako San Andres eliza XVIII. Mendearen amaierakoa da; hala ere, eliza zaharrago baten erreferentzia egiten dutela dio Learretak, “eliza zaharra Sandindere irlan zegoela diote”. Orduko elizatean, hau da, Sandinderen batzen ziren herritarrak: “Berori zen bihotza”. Iturrizak, gainera, 1775. urtean “ondo baino hobeto azaltzen du zer den Sukarrieta, eta argi uzten du gainera”. Learretak azaldu modura, “herri baten bihotza udaletxea bada, ez al da Sandindere Sukarrietako bihotza?”.
Ondoren, 1780 urteko erreferentzia bat aurkitu du. Urte horretako dokumentuetan irakur daitekeenez, Busturiak eskuman du Sukarrieta. Bestalde, auzoa Abiña dela gogorarazten du, gainera; “San Antonio, auzoko baseliza baino ez da”.
Dokumentuetan bilatu du Learretak, bestalde, 1890. urtean, bi udaletako ordezkariak batu zirela “errege dekretuz” mugarriak ondo zeuden ikusteko eta aztertzeko: “Mugarriak ondo zeudela esan zuten bi udaletako ordezkariek. Mugarri horiek orain berriro mugitzeko eskatuko al dute?”. Learretak azaldu duenaren arabera, “lehengo Abinaburu tabernako jabea izan zen eurentzako San Antonio eta guretzako Abiña dena, Busturiagaz lotzeko ideia eroan zuena Busturiko Udalera”.
Haserre dago busturiarrekin, Abinagaz geratu gura dutelako. Horregatik hasi zen bere herriaren historia aztertzen. Haren ustez, Abina desjabetzea historiari guzurra esatea izango litzateke; izan ere, Sukarrieta ez da inoiz Busturia izan, “zein dokumentutan dakar hori?”. Batzar Nagusietako batzarkideei hala esan nien: “Ez da hobeto, Santarena Busturitik desjabetu eta Sukarrietari eman? Han bizi direnek, sukarrietar modura dute bere burua”.
Espainian enklabe ugari daudela gogorarazten du Learretak: “Madrileko epaile batek Busturiari arrazoia eman eta enklabea dela ebazten du. Zergaitik epaile horrek ez ditu kontuan hartzen Gibraltar, Trebiño edo Urduña moduko enklabeak? Sukarrietakoarekin bakarrik sartu behar da? Guztientzako irtenbidea bilatu beharko luke”.
Sukarrietako bizilagunak “gutxi” direla dio Legarretak, “baina harrotasunez diogu sukarrietarrak garela. Bi seme ditut eta nik eduki dudana semeei ere utzi nahi diet”. Bizkaiko Foru Aldundiak hartu behar zuen erabakia dela eta, hasi zen sukarrietarra bere herriaren aztertzen, eta nora jo ez zekiela eta Batzar Nagusietara jo zuen, eta han batzarkide guztien aurrean, berak aztertutakoa azaltzeko aukera izan zuen.





Comentarios