Sabino Aranari zor dioguna

Sabino de Arana y Goiri-ren erretratua.
Sabino de Arana y Goiri-ren erretratua. (S.A.F.)
Euskaldunen istorioak

Sabino Aranari zor dioguna

Ez zen izan gizon perfektua. Hori bai, inork ezin ukatu berritzailea izan zela

DEIA Jose Manuel Bujanda Arizmendi-ren erreportajea - 2015(e)ko azaroaren 28a, larunbata 

1881EAN 16 urterekin Sabino Aranak Urduñako ikastetxea utzi eta Abandoko jaiotetxera itzuli zen. Tisiaren ondorioak erabat gainditu ez zituenez, medikuek bere osasuna hobetu zedin ikasketekin aurrera jarraitzea galarazi zioten, hortaz, gurasoen etxean bi urteko atsedenaldian egon zen. Denboraldi honetan Euskal Herriari eta bere pentsamolde politikoari buruzko ideiak zehaztuz joan zen. Tarte honetan bere anaia Luis Arana Goirirekin Bizkaiari buruzko solasaldiak izan ohi zituen, 1882an solasaldi hauetako batean Sabin Aranaren bizitza betirako eraldatuko zuen gertakari garrantzitsu bat eman zen: “Larogeitabigarren urtea (Nire Aberria ezagutu eta atzerritar ilunpeetatik atera nintzen eguna bedeinkatua izan dadila!), nire anaia Luis eta ni gure lorategian pasioan genbiltzan goiza batean, eztabaida politiko bat izan genuen. Nire anaia jada bizkaitar nazionalista bat zen; nik nire “per accidens” karlismoa defendatu nuen. Azkenean, eztabaida luze baten ondoren, egia bilatzeko helburuaz batak bestea eraso eta bata bestearengandik defendatzen ibili ostean, berak Bizkaia Espainia ez zela frogatzeko hainbeste froga historiko eta politiko aurkeztuz, eta karlismoa jada, ez Espainiarengandik isolamendu edota haustura osoa, baita jaurgoaren usadio soilak ere lortzeko desegokia eta txarra zela erakusten horrenbeste ahalegindu zenez, nire anaiak historiaz ni baino gehiago zekiela eta neu engainatzeko gai ez zela jakinik, nire burua zalantza fasean sartu eta Bizkaiko historia gogo barez ikertu eta egiari irmoki atxikitzeko zina burutu nuen”.

Orain dela 84 urte, 1931ko azaroan, Jabier Landaburuk, Kongresurako Arabako diputatua eta, gero, erbesteko Lehendakariordea izandakoak, “Nos recondujo a nuestro hogar” artikulu hunkigarria idatzi zuen “Euzkadi aldizkarian”, horrela zioen bere hasieran: “Eta gizon bat agertu zen. Probidentzia? Kasualitatea? Eta gizon horrek aberkideek ordura arte igarri gabeko arazoak nabaritu zituen.

Gizon hori joan zen, baina bere lana bizirik dago. Gaur egun, herri hau bere bizitza eraikitzen eta erabaki-tzen dabil, eta laster berandu baino lehen bizitza hori bere esku edukiko du erabat. Lortu egingo du horretarako eskubidea duelako, lortu nahi duelako eta aurrera ateratzeko gai delako. Orain dela 120 urte jaio zen Sabino Aranaren nahia zena biharko egunen batean herri osoaren borondate irmoa izango da. Sabino Aranak herri libreetan sinesten zuen, ordura arte erabakitzeko eta bere burujabetzarako ezarrita zeuden eremu eta esparru ukaezinak omen zirenak hautsi nahi izan zituen, urratu, eta berri batzuk ezarri. Nazio txikitan sinesten zuen. Beraien eskubideetan sinesten zuen. Nazio berriei hatsa ematen saiatu zen, “Euzkotarren aberria Euzkadi da” oihu iraultzailea aldarrikatu zuen eta hedarazi lau haizetara. Horregatik ere hainbeste poztu egin zen Kubaren askatasunarekin. Norabide horretan irrika ere sortu zuen bere inguruan.

Giro zaila. 1898ko apirilean Estatu Batuek aurretik kubatarrek espainiar aginte kolonialetik askatzeko zeraman gerrilla borrokan esku sartzea erabaki zuten. Une hartan, Espainia osoan hasi integrista nahiz kontserbadoreetatik eta liberaletaraino gerraren aldeko goratzarre espainolista bat aldarrikatu zen.

Sukar espainolista hau Hego Euskal Herrian ere nabaritu zen: Bilbon, espainiar itsas komandantziako militarrei elkartasuna azaltzeko 8.000 pertsonako manifestazioa burutu zen. Bidean zihoazela, Arana Goiritarren jaiotetxetik iragatean hura harrikatu eta ondorengoa oihukatu zuten: ¡Viva España! eta ¡Abajo el separatismo! Halaz ere Sabino Arana temati bere ideiekin Ameriketako Estatu Batuek lau urtez bere administraritzapean izandako Kubari independentzia formala eman ziotenean, 1902ko maiatzaren 25ean, Theodore Roosevelt estatubatuar presidenteari honako telegrama hau igorri zion:

“Kubako independentziarengatik eusko alderdi nazionalistaren izenean zuzentzen duzun Federazioa zorion-tzen dut, esklabotzatik askatzen jakin baitu. Zuon Estatu boteretsuak, Europako potentzientzat historian ezezaguna izan den Justizia eta Askatasunaren kultua eta bikaintasunaren adibide dira, bereziki latindarrentzat. Europak imitatu ezkero, bere herri antzinakoena den euskaldun nazioak ere, Estatu Batuen goraipamenak merezi izan zituen Konstituzioan aginduz mende gehien askatasunaz gozatu izan duenak, aske litzateke”.

Sabinoren asmoa telegrama honekin Euskal Herriko auzia nazioartean ezagutaraztea izan zen, bere itxaropena Ameriketako Estatu Batuek Kubari independentzia lor-tzen lagundu zioten antzera Euskal Herriari ere independentzia lortu, burujabetza eskuratu eta Espainiatik banatzen laguntzea zen. Kalteak heldu zitzaizkion. Eta horrela ondorioz 1902ko maiatzaren 30ean Sabino Arana Goiri, matxinada delitua leporatu eta epaiketa burutu arte, Larrinagako espetxean kartzelaratua izan zen, bere internazionalismoak espetxeratua izatea suposatu zion. Eta ondoren errepresioa, Bizkaiko gobernadore zibilak hamar zinego-tzi abertzale espetxeratu eta haien lekuan zinegotzi liberalak jarri zituen, ez legearen aurka zerbait zehatza egin zutelako, bai ordea beren helburua independentzia eta euskaldunon burujabetza zelako. Herriek bere etorkizuna lantzeko erabaki eskubidea sustatu zuelako, “statusaren” aurka talka bat suposatzen zuelako. Karlismoa eta ez liberalen joko zelaia irauli zuelako. Beste erara esanda, abertzaletasunari bideak ireki zizkiolako. Espetxealdi honetan zehar Euskal Herriko himno nazionala izateko asmoz Euzko Abendaren ereserkiaren hitzak idatzi zituen.

Eta ez ziren ez giro errazak bera bezalako abertzale eta internazionalista batentzat. Baina Sabinok bereari eutsi egin zion. Horrela 1902ko maiatzaren 2an Bilbon Hirugarren Karlistaldian zehar liberalek hiriko karlisten setioa hautsi izana ospatu zen, halere zinegotzi abertzaleak sozialistekin bat egin eta udal ordezkaritza ospakizun horietara ofizialki ez aurkeztea lortu zuten. Horrela bada, martxa liberala ospa-tzen ari zen bitartean espainiar errejimendu militar batek, Bidebarrieta kaletik barna zihoan unean, Centro Vasco elkarteko egoitza aurretik igaro eta manifestari talde bat ofizial militar baten agindupean, egoitza erasotzeari ekin zion: bazkideak jo, ahal zuten guztia suntsitu eta balkoian eskegita zegoen Euskal Herriko armarridun bandera kendu zuten. Biharamunean, espainiar agintariek liskar haien errudun abertzaleak egin zituzten. Ondorioz, eraso-tzaileak zigorrik gabe utzi eta Centro Vasco elkarteko bazkide bat espetxeratu zuten.

Sabino ez zen integrista izan. Ez zen kontserbadorea izan. Ez zen perfektua, inor ez den bezala, baina oro har bere garairako berritzailea izan zen. Tentsio positiboa sortu zuen kontzientzia askotan. Euskadiko etxe askotan bere ideiek eragin itzela, kezka eta ezerosotasuna izan zuten. Jendeak hauxe zioen: “Geureak foruak baziren, zer esan nahi du jaun honek nazioa eta aberria aipatzen dituenean?

Sabino modernoa izan zen eta guztiz demokrata. Bere herriari, euskaldunoi, eman nahi izan zion hitza historiaren aurrean. Sabinok Estatuko erakundeen nagusitasun jarreren aurka egin zuen. Estatuaren agintekeriaren aurrean, partaidetza politiko hurbilagoa, horizontalagoa eta demokratikoagoa proposatu zuen. Garaiko joera modernoekiko konpromisoa zuen, Europako XIX. mende amaierako joera nazionalistekin bat eginez eta garaian modan zegoen nazionalitateen printzipioa aplikatuz.

Sabinoren meriturik handiena ideiak indarrean jartzeko motor edo makinaria berria sortzea izan zen. Hau da, Alderdia, EAJ, tresna sortu zuen. Tresna eraginkor bati bide eman zion herriaren zerbitzurako. Sabino Aranak bere sasoiko gizartea aztertu zuen eta mugimendu berria antolatu zuen, berehala zabalduko zena. 1895ean sortu eta 15 urte baino ez zituen izan behar herriz herri Alderdiaren sare garrantzitsua hainbat udaletan zehar zabaltzeko. Bere garaiko hauteskunde egituren aurrean, Sabino masa alderdiaren kontzeptu berria planteatu eta konektatu zuen, XX. mende hasierako euskal gizarteak behar zuenarekin hain zuzen. Gizartearekiko partaidetzari bideak ireki zizkion. Sabino Aranak berrikuntzak egiten asmatu zuen eta berak bizi izandako gizartearen erronkei egokitzen eta atxiki-tzen jakin zuen. Berrikuntza ekarri zuen eta bere garaiko euskal gizartearen beharretara egokitzen saiatu zen.

Sabino gaur egun, 2015ean, bizi balitz, inolako zalantzarik gabe, XXI. mendeko Euskadiren erronkei buruz galdetuko ziokeen bere buruari. Eta, galdera horri erantzuteko mendeko planteamenduak eta formulak erabiliko zituzkeen. Gaur egun munduan dabiltzan ideiak erabiliko zituzkeen. Eta poztasunez ikusiko zukeen euskaldunok historiaren katean aurrera egin dugula, euskara bere tokia aurkitzen ari dela, bizirik dagoela, eta lau haizetara ari dela zabaltzen. Ikusiko zukeen gaur egunean euskal kulturaren ezaugarriak indartzen ari direla. Berak asmatu zuen tresna, alderdia, EAJ, bizirik eta osasuntsu dagoela, botere politikoa neurri handi batean berak altxatutako lanabesaren eskutan dagoela, herri honek baduela, izan ere, aukerarik aurrera egiteko. Harrituta agian ikus zukeen bi estatutan eta hiru administraziotan banatutako zazpi lurraldeetako Euskadik urratsez urrats aurrera pausoak ematen ari direla. Berri onak daudela Erkidego Autonomoan eta Nafarroan, Iparraldean ere bideak, mantso bada ere, irekitzen ari direla. Harrituta ikusiko zukeen Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra eta Lehendakaria. Pozik ikusi euskal gizarteak baduela bere hezkuntza eta osasun sistema, irratia, telebista, bere polizia den Ertzaintza. Irribarretsu begiratuko Bidasoaren bi aldeetan ikurrinak. Ohartuko zatekeen, gu geu lez, oraindik asko dagoela egiteko. Europara begira arituko zatekeen, gu geu bezala. Baikor euskal senaren etorkizunarekiko.

Bere adibideari, ereduari eta bideari jarraitu beharrean gara. Bai edo bai. Jeltzale, euskaldun eta abertzale izanaz beti harro, zintzo eta leial. Asko zor dio gaurko euskal gizarteak Sabino Aranari. Sabino Arana Goiririk gabe zaila litzaiguke euskaldunoi ispilu aurrean jarri eta asmatu nola eta zer izango ginatekeen gaur egun. Hala izan bedi.

Comentarios