Herritarrak "erabakitzeko prozesuen sustatzaile" bilakatu nahi ditu EH Bilduk

Oskar Matutek eta Rebeka Uberak aurkeztu dute ekimena./
Oskar Matutek eta Rebeka Uberak aurkeztu dute ekimena./ Argazki Press
 

BERRIA 2015-10-10 / Gotzon Hermosilla
 
Hasi du EH Bilduk Herritarrak Ahalduntzeko Lege egitasmoa herritarrekin eta gizarte eragileekin kontrastatzeko prozesua. Bost taldetan banatuta, hainbat lagunekin partekatu dituzte lege proposamenaren edukiak eta haien iritzi eta ekarpenak jaso dituzte, Portugaleten (Bizkaia) egindako eztabaida saioan.

Rebeka Uberak eta Oskar Matutek adierazi dutenez, euren asmoa da legea "tresna" izatea "burujabetza osoa eta justizia soziala" uztartzeko. Herritarrak "jarduera politikoaren erdigunean" jarri nahi ditu EH Bilduk proposamen honen bidez: alde batetik, herritarrei hainbat gairen inguruan erabakitzeko ahalmena emateaz gain, "erabakitzeko prozesuen sustatzaile" ere eginez, eta galdeketak proposatu eta sustatzeko bideak herritarren eskura jarriz; eta, beste aldetik, maila askotako galdeketak mahai gainean jarriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egitekoak, herrialde mailakoak zein tokian tokikoak.

"Herritarren borondatea" da, EH Bilduren ustez, erabakitzearen muga bakarra. Horregatik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak gainerako euskal lurraldeekin edo Espainiako Estatuarekin izan nahi duten harremanak ez ezik, eredu ekonomiko eta soziala eta "herritarren egunerokoan zerikusia duten beste edozein arlo" ere eztabaidagai eta herritarrek erabakitzen dutenaren pentzuan jarri nahi dituzte.

Portugaleten egindakoaz gain, Donostian eta Gasteizen ere antolatuko ditu EH Bilduk eztabaida saioak, eta euren web orrian ere paratu dituzte ekarpenak igortzeko bideak. "Ez dugu nahi hau soilki gure legea izatea, gizarte osoarena baizik", esan dute. Egitasmoa azaroaren 4an erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta orduan hasiko da beste indar politikoekin legearen edukiak adosteko ahalegina.

Gainerako alderdiek lege proposamenaren aurrean har dezaketen jarreraz galdetuta, Uberak eta Matutek gogoratu dute alderdi politiko guztiek proposatu ohi dituztela herritarren parte hartzea sustatzeko neurriak euren hauteskunde programetan, eta, beraz, "demokrazian sinesten duten indar guztiekin" akordio bat lortzeko aukeraren bat ikusten dutela. 
--------------------------------------------------------------------------
LEGE PROPOSAMENA IKUSTEKO

Comentarios