Sustapen Ministerioak Laidako lanak moteltzeko erabakia hartu du

Laidako hondartza

Sustapen Ministerioak Laidako lanak moteltzeko erabakia hartu du


Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Ibarrangeluko Laida hondartza berreskuratzeko egiten ari diren lanen erritmoa moteltzeko erabakia hartu du. Erabaki hori hartu dute Euskal Herriko Kosta Mugapea, Ibarrangeluko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin herenegun batzartu ostean. Horretan, Mundakako alkateak Laidan egiten ari diren lanak gelditzeko edo moteltzeko aurkeztu duen eskaera aztertu zuten. Batzarrean, gainera, Ministerioko teknikoek orain arte egindako lanen egoerako txostenak aurkeztu zituzten.

Erakunde guztiek onartu dute lanak egiten hasteko orain arte egindako azterketa guztiak «nahikoak eta aproposak» direla. Hala ere, horiek sortu duten «kezka» eta Mundakako alkatearen eskaera kontuan izanik, egun batzuetako tartea hartzea erabaki dute alkatearen eskaera aztertzeko batetik, eta bestetik, hala badagokio, orain arte egindako azterketak baieztatzeko edo ezeztatzeko txostenak aurkeztu ditzaten. Bitartean, Sustapen Ministerioak lanen erritmoa moteltzea erabaki du.

Euskal Herriko Kosta Mugapeak ohar bitartez jakinarazi gura izan du, Laidako hondartzako hareatza berreskuratzeko lanetan «era egokian» jardun izan duela «momentu oro»: «gainontzeko erakundeekin adostatukoaren arabera egiten ari dira lanak, egunero jarraipen lanak eginda, gainera».

Comentarios