Busturiko EH Bilduren hautagaiek herri programaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte


DSCN2405

Busturiko EH Bilduren hautagaiek herri programaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte



Mai 20, 2015

“Busturirako eta busturiarron alde udaletxean lan egiteko talderik onena daukagu”, adierazi zuen atzo Andoni Elorrieta EH Bilduren Busturiako alkategaiak Axpe auzoan egindako ekitaldian.

Koalizioarentzat etxebizitzen arazoa da ardura nagusienetakoa: “Busturin dugun beharrizan handiena da. Azken urteetan gazte askok alde egiten dute urtero, etxebizitza sozialik ez dutelako eta espekulazioetatik kanpo dauden preziodun etxebizitzak eskura ez dituztelako”.

Halaber, martxan dauden proiektu guztiekin segituko dutela berretsi zuen, eta oraindik konpondu barik dauden arazoei irtenbidea bilatzeko konpromisoa dutela gaineratu zuen. Esaterako, Axpen zein San Kristobalen errekagaz dituzten arazoak konpontzea lehentasuna izango da koalizioarentzat: “ez da diru nahikoa inbertitu, edo hor utzi dute Jaurlaritzan edo Aldundian boterea dutenei ez zaielako politikoki interesatu”.

Hain zuzen ere, EH Bilduren alkategaiak EAJ-ri leporatu zion haiek “alkatetzak dituzten herrietan” dirua inbertitu izana, eta gainontzeko udalerrietan “esfortsu” bera egin ez izana.

Elorrietagaz batera gainontzeko hautagaiek udal programaren ildo nagusiak aurkeztu zizkieten bertaratutakoei, eta “herritarren alde, herritarrakaz” lan egingo dutela hitz eman zuten. Bestalde, Arantza Urkaregi Batzar Nagusietarako bilboaldeko zerrendaburua ere bertan izan zen EH Bilduren hautagaitza babesten. Urkaregik, besteak beste, Busturialdeko Ur Patzuergoaren eredua goraipatu zuen, lekuan lekuko kudeaketa onaren adibide moduan ipinita. Eta EH Bilduk lortu gura duen eraldaketaren eta Bizkaia berriaren oinarria eskualdeak direla nabarmendu zuen.

Besteak beste, basogintza eta industria sostengarriaren alde, merkataritxa txikiaren eta elikadura burujabetzaren alde egingo du EH Bilduk: “bertoko ekonomia sortu, bertoko baliabideak aprobetxatuz”.

Zaborra eta energiari dagokionez “gehiago berrerabiltzeko” apustua egingo du, eta beste herri batzuetako alternatibak aztertuko dituzte. Franking-aren aurkako jarrera du koalizioak, eta gasa eta zuntz optikoa udalerrira heltzeko lanak egiteko erraztasunak eskainiko dizkiete enpresei.

Bestalde, kulturan, kultura batzordea berrantolatu eta berraztertuko dute. Helburuak zehaztuz eta funtzionamendua begiratuz kultur arloko plangintza egingo dute. Halaber, euskaldunak euskaraz bizitzeko bitartekoak ipini, eta orain arte moduan, erdaldunei erraztasunak emango dizkiete euskara ikasteko.

Gazteak ez ezik, nagusiak ere EH Bilduren kezka nagusienetakoa dira, eta bizitza sozialean haien “parte hartzea” bultzatuko dute: “beraiengandik zer ikasi asko daukagu, ezinbestekoa da haien egoera eta bizi baldintzak ondo ezagutzea dituzten arazoei konponbideak jartzeko”.

Comentarios