Gorroñok eta EAJk koalizio bat osatu dute

Gorroñok eta EAJk koalizio bat osatu dute maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begira


Maria Uribe, Itxaso Atutxa, Jose Mari Gorroño eta Alberto Azueta
Maria Uribe, Itxaso Atutxa, Jose Mari Gorroño eta Alberto Azueta



Jose Mari Gorroñok iragarria zuen EH Bildu utzi eta zerrenda independente bat aurkeztuko zuela. EH Bilduk, bere aldetik, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan egon egongo zela esan zuen, Begoña Landa zerrendaburu zuela. Orain, Gernika-Lumoko egungo alkateak eta EAJk zerrenda bateratua aurkezteko akordioa lortu dute, koalizio bat osatuz. Jose Mari Gorroño bera izango da alkategaia, eta Maria Uribe (EAJ) izango da zerrendan bigarrena.

Hori guztia azaltzeko agerraldia egin dute EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak eta Gorroñok, Maria Uriberekin eta Alberto Azuetarekin batera. Koalizioa osatzeko “akordio” batera iritsi direla esan du Atutxak, “hainbat gaitan komuneko ikuspuntuak” dituztela azalduta. Koalizio horretan “zeinek bere nortasuna mantenduko” duela gaineratu du Atutxak; alegia, “bi talde” izango direla “zerrenda bakar batean”. Koalizioaren izena oraindik ez dute zehaztu.

“Alderdikeriak alde batera uzteko garaia” dela esan du Bizkai Buru Batzarreko presidenteak: “Guk ez dugu konfrontaziorik nahi”. Bestetik, akordiora heltzeko egindako “esfortzua” eskertu dio Atutxak Gorroñori.

Egungo alkateak, bestalde, azaldu du berak eta bere taldeak beti esan dutela “talde politikoak pertsonen mesederako daudela, ez alderantziz”. Hori horrela, akordioa lortu izanagatik “eskertuta” dagoela esan du Gorroñok. Maria Uribek ere hartu du hitza. Haren esanetan, akordioa “mesedegarria” izango da Gernika-Lumorentzat.

Erreakzioak berehalakoak izan dira. Esaterako, Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek esan du Gorroñok hartutako bideak erakusten duela egungo alkatea “denaren gainetik Gorroñista” dela. Halaber, esan du erabakiak argi uzten duela Gorroño ez zela EH Bilduren zerrendaburu izateko pertsona egokiena.

EAko idazkari orokor eta EH Bilduko legebiltzarkideak, bere aldetik, esan du Gorroñoren erabakia ez dela mamitzeko erraza, eta, Arraizen hari beretik, nabarmendu du egokia izan zela egungo alkatea EH Bilduren hautagaitzan ez sartzeko hautua egin izana.

Comentarios