Aldaketa sozialaren beharra eta alternatiba badaukagula 
adierazteko martxoaren 14an kalera ateratzeko deia egin du Euskal 
Herriko Eskubide Sozialen Kartak 
 
Urtarrilaren 30ean aurkeztu genituen prentsaurrekoan martxoaren 14ko, 
datorren larunbateko, manifestazioak, “Aldaketa soziala orain, ¡tenemos 
alternativas!” lemapean Bilbo eta Iruñean burutuko direnak.  
 
Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu 
burujabea eta Euskal Herriko instituzioek honen arabera jardun behar 
dute. Hari horretatik tiraka, 16 puntuko Programa Soziala eratu dugu 
gaurdanik eremu instituzionaletik abian jarri beharreko neurri 
zehatzekin. Instituzioek herri borondatea errespetatu beharko dute. Eta 
bermatu beharko dituzte Kartak jasotzen dituen oinarrizko eskubide 
ekonomiko eta sozialak, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun 
pertsona guztiek bizi baldintza duinak eta aukera berdintasuna izan 
ditzagun.  
 
Bilerak eskatu ditugu Urkullu Lehendakariarekin; Araba, Bizkaia eta 
Gipuzkoako Diputatu Nagusiekin, eta Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta
 Ogasun Batzordean.  
 
Zoritxarrez, instituzio gehienek, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta 
Eusko Jaurlaritzak, uko egin diote gurekin elkartzeari. Honek argi uzten
 du zein den euren jarrera Kartak bere egin dituen 
gizarte-aldarrikapenekiko, ez dituzte politikaren lehentasunak aldatu 
nahi, egungo ereduan eroso bizi direlako. Ezin izan dizkiegu gure 
aldarrikapen eta eskariak zuzenean helarazi, baina goiz edo beranduago 
entzun beharko gaituzte.  
 
Kartak eginiko eskariari erantzunez, Nafarroako Parlamentuaren Ekonomia 
eta Ogasun-Batzordean egon ginen, Kartaren ardatzak eta Programa 
Sozialaren aldarriak partekatzen. Konpromisorik ez, ordea!  
Gipuzkoako Foru Diputatuak, Martin Garitanok, Politika Sozialeko 
arduradun den Ander Rodriguez-ekin hartu gintuen. Azken hauek 
konpromisoa hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardurari buruzko 
memoria bat aurkezteko, non eskubide sozialak bermatzeko egindako lana 
Programa Sozialean jasotakoarekin alderatuko duten. Era berean, Politika
 Sozialen eremuan dituzten erronkak eta aurrera begirako asmoak 
Kartarekin partekatzeko konpromisoa hartu zuten.   
 
Ikusi dugun moduan, instituzioen jarrera hotza izan da. Hala ere, 
gizarte-eragile desberdinek harrera beroa egin diete Eskubide Sozialen 
Kartan jasotako aldarrikapenei eta martxoaren 14ko manifestazioetan 
parte hartzeko deia egin dute. Horren erakusgarri ditugu Euskal Herriko 
Pentsionisten plataformak, otsailaren 25ean Bilbon egindako asanbladan 
Kartarekiko atxikimendua erakutsi zutenak; martxoaren 3an Gasteizen 
egindako omenaldi eta manifestazioan parte hartze aktiboa eta ahots 
propioa izan genituen; Emakumeen Mundu Martxaren asanblada feministak 
bere atxikimendua adierazi du; “Natura eskubideen jabe” manifestua 
adostu duten sindikatu eta ingurumen-eragileak, edota Bizkaiko 
langabetuen asanbladak… Eta ez genuke sindikatuen ekarpena ahaztu nahi, 
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek orri bateratua atera 
dute lan-munduari begira manifestazioetan parte hartzeko dei eginez.  
 
Honetaz aparte, aurrera jarraitzen dute Kartaren aurkezpenek herriz 
herri (Plentzia, Eibar, Gasteiz…). Beste herri batzutan hitzaldiak 
(Ordizian, martxoaren 8aren testuinguruan) eta lan-bilerak egin dira 
(Bergara, Getaria…). Oarsoaldean eskubide sozialen aldeko jardunaldiak 
egin ziren otsailean, eskubide ezberdinak landu zituzten saioekin. Aste 
honetan, esaterako, Ondarrun (bihar), Basaurin (etzi) edo Donostiako 
EHUn (etzi) aurkezpen eta bilerak izango dira. Manifestazioek sortu 
duten interesaren lekuko dira txoko ezberdinetatik antolatu diren 
autobusak.  
 
Manifestazioaren ezaugarritzeari dagokionez, koloretsua eta alaia izatea
 nahi dugu. Koloretako pankartak eramango ditugu, eredu sozial berriaren
 ardatzak irudikatuz, eta ardatz bakoitzean inplikaturik dauden 
protagonistek eramango dituzte pankartak. 
 
- Gorria: langile mugimendua. 
- Lila: mugimendu feminista 
- Laranja: gazte eta ikasle mugimendua 
- Horia: bazterketa sozialaren kontra, etxebizitzaren alde, banka eta transnazionalen diktadurari aurre egin. 
- Berdea: lurraren defentsarako plataforma eta kolektiboak. 
- Urdina: hizkuntza, hezkuntza eta kultura eskubideak 
- Urdin argia: pentsiodunak, osasuna, aniztasun funtzionala. 
- Kolore-anitza: aniztasun sexuala, LGTB eskubideak. 
 
Aldarrikapenez bete nahi ditugu kaleak, egitasmo bateratu baten alde. 
Aldarrikapen ezberdinak eramateko deia egiten diegu bertan parte hartu 
nahi dutenei; batzen gaituenean jarri nahi dugu indarra, eta ez 
sigletan. Aldaketa sozialaren beharra eta alternatibak baditugula 
azpimarratu nahi dugu.  
 
Eskubide Sozialen Karta, herritarron alternatiba, kalera ateratzera 
goaz. Mobilizazioa gure helburuak lortzeko ezinbestekoa dela esaten 
genuen eta hori praktikara eramatera goaz. Martxoaren 14an, Bilbo eta 
Iruñeara joateko deia egin nahi diogu aldaketa sozialaren alde dagoen 
orori. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzean hasiko da 17:00etan eta 
Iruñekoa Antoniutti parkean 17:30ean.  
 | 
Comentarios