Zaborra modu organikoan jasotzeko kanpaina abiarazi du Busturiko Udalak




By Busturialdeko Hitza on 2014/11/05 in Bestelakoak

Kanpaina horren helburu nagusia erraustegira doazen hondakinen kopurua murriztea da. kanpainaren berri emateko, batzar informatiboak egingo dituzte eta informazio puntuak ere jarriko dituzte egun eta auzo desberdinetan. Lehenengo batzar informatiboa bihar izango da 19:30ean, Altamirako Kultur Etxean.

Egun zakarrontzira sailkatu barik botatzen diren hondakinen frakzio organikoa, zakarrontzitik atera eta bereiztuta jasotzeko asmoa du udalak, ondoren konpostatzeko. Horretarako, herrian zehar edukiontzi marroiak jarri dituzte, auzo konpostaguneak Presapen eta Axpen eta baita eskolako konpostagunea ere.

Etxeetako zabor organikoa sailkatu eta edukiontzi marroia erabili nahi dutenek, Altamirako Kultur Etxean, udaletxean edota www.busturiairaunkorra.com webgunean eman beharko dute izena. Izena ematen dutenei edukiontzi marroia erabili ahal izateko tresnak emango dizkiete: poltsa konpostagarriak, galdara marroia eta giltza. Udaletik jakinarazi dutenez, edukiontzi marroia erabiltzen duten horiei %5eko deskontua egingo zaie hondakinen bilketako udal zergan.

Ekimen honen bitartez, Busturiko Udalak erraustegira doazen hondakinen kopurua murriztu nahi du eta handik sortzen diren osasunarentzako eta ingurumenerako kaltegarriak diren gasak gutxitu. Bestalde, ortuetan ongarri kimikoen erabilpena murriztu nahi dute eta zoruen eta lurpeko uren egoera hobetu.

EGITARAUA
  • Batzar informatiboak:
    -Bihar. 19:30ean Altamirako Kultur Etxean.
    -Azaroaren 20an. 19:30ean, Axpeko Aingerubide Aretoan.
    -Abenduaren 11n. 19:30ean Altamirako Kultur Etxean.
  • informazio puntuak eta umeentzako jolasak:
    -Azaroaren 15ean. 12:00etatik 15:00etara Altamiran.
    -Azaroaren 16an. 12:00etatik 15:00etara Axpen.
    -Azaroaren 29an. 12:00etatik 15:00etara Axpen.
    -Azaroaren 30ean. 12:00etatik 15:00etara Altamiran.

Comentarios