EAEko udalek lege bidez lehen aldiz izango dituzte eskumen propioak


EAEko udalek lege bidez lehen aldiz izango dituzte eskumen propioak


  • Jaurlaritzak Udal Legearen proiektua onartu du, eta maiatzeko bozak baino lehenago jarri nahi du abian.
  • Gutxienez, PSEren babesa izango du.
  • Erkorekak dio finantzaketa «bermatuta» egongo dela
2014-11-12 / Enekoitz Esnaola
Eusko Jaurlaritzak legealdiko bere egitasmo nagusietako bat abian jarri nahi du datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik: Udal Legea. EAEn udalerrien eskumenak legez zehazten dituen araudirik ez da onartu 1979tik hona, baina badirudi oraingoan onartuko duela Eusko Legebiltzarrak, Jaurlaritzak (EAJ) PSE-EEren babesa lukeelako —bien artean gehiengo osoa daukate parlamentuan—. Legearen arabera, udalerriek 37 eskumen propio zehatz izango dituzte, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez. Gobernu Kontseiluak atzo bertan jo zuen ontzat egitasmoa.

Aurreko legealdian Patxi Lopez (PSE) lehendakariaren gobernuak ere onartu zuen Udal Legearen proiektua, baina tramitea ez zuen bukatu, Arabako eta Bizkaiko aldundiek helegitea aurkeztu zutela medio. PSEk uste du Jaurlaritzaren proiektu hau haren oso antzekoa dela. EAJk eta PSEk, gainera, iazko irailetik erakunde publikoen egonkortasunerako-eta hitzarmen bat sinatua dute.

Espainiako Konstituzioak estatuaren eta erkidegoen arteko eskumenak finkatzen ditu; EAEko Lurralde Historikoen Legeak, aldundiena; eta udalena zehaztu gabe egon da. Espainiako Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legean orokorrean jorratzen dira udalen eskumenak, eta gertatu da urteen poderioz udalek hainbat esparrutako ardurak bereganatzen joan direla, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik. Espainiako Gobernuak Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legea berritu du, eta Jaurlaritza Udal Legea onartzeko pausoak ematen ari da. Iritzi dio estatuak «birzentralizaziorako gehiegizko neurriak» hartu dituela oinarrizko lege berriarekin, eta handik «aldenduta» osatu du Udal Legearen proiektua.

Finantzaketa, «bermatuta»

Udalen beste aldarrikapen historiko bat finantzaketa izan da, gehiegizko kostua ekartzen dielako hainbeste zerbitzu emateak. Erkorekak esan du udalek 37 eskumenak garatzeko finantzaketa «bermatuta» edukiko dutela. Proiektuan alde horretatik badago aldaketa bat. Hau da, gaur egun Finantzen Euskal Kontseiluak hiru partetan banatzen du dirua: kupoa estatuarentzat, ekarpena Jaurlaritzarentzat eta zati bat aldundientzat, eta, ondoren, aldundi bakoitzak erabakitzen du udalerriei nola banatu. Legea onartuz gero, finantzen kontseiluak udalei «gutxienez» eman beharreko dirua ezarriko du.

Horrez gain, aurrerantzean udalerriek eragiten dieten gaietan Finantzen Euskal Kontseiluan eta Zergak Koordinatzeko Organoan «hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea» izango dute, Erkorekak esan duenez.

Udal Legearekin EAEko erakunde sistema itxiko dela dio hark, eta azpimarratu du hiru aldundiekin eta Eudel udalen elkartearekin egindako «ahaleginaren, konpromisoaren eta lanaren ondorioa» dela egitasmoa. Jaurlaritzak uztailaren 1ean onartu zuen aurreproiektua. Arabako Aldundiak alegazio ugari aurkeztu zuen; Javier de Andres ahaldun nagusia gustura azaldu da haren erantzunarekin.


UDALEN 37 ESKUMENAK
EAEko udalerriek 37 esparru antolatzeko, sustatzeko eta kudeatzeko eskumen propioak izango dituzte Udal Legea onartzen bada.

Babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea.

Espazio publikoetan bizikidetza harremanak.

Zerbitzu eta azpiegitura publikoen erabilera.

Udaltzaingoa, zirkulazioa, bide segurtasuna eta aparkalekuak.

Espazio publikoetan antolatutako ekintzetako segurtasuna.

Konpainiako animalien eta arriskutsuak izan daitezkeenen arloa.

Etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa, eta babes publikoko etxebizitzen plangintzan parte hartzea.

Ingurumenaren babesa eta garapen iraunkorra, modu osagarrian.

Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina.

Osasun publikoa sustatzea, kudeatzea eta babestea.

Erabiltzaile eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa.

Hilerriak eta hileta zerbitzuak.

Gizarte zerbitzuak.

Diru sarreren bermea eta gizarteratzea.

Uraren goi eta behe hornidura, ur saneamendua eta hiriko hondakin uren arazketa.

Argiteria publikoa, bide garbiketa, biztanleen guneetako sarbideak eta kale zoladura.

Udal hondakinak edo hiri hondakin solidoak.

Bidaiarien hiri barruko garraio publikoa.

Kirola eta kirol jarduerak.

Kultura eta kultur jarduerak.

Udal ondare historikoa babestea.

Tokiko turismoa.

Irakaskuntzaren programazioa egiten eta derrigorrezko eskolatze aldia betetzeko zaintza, eta eraikun publikoen zaintza ere bai. Era berean, hezkuntza administrazioari laguntzea, ikastetxe publiko berriak egiteko orubeak aurkitzen.

Zerbitzu jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

Tokiko ekonomia eta gizarte garapena, eta tokiko enplegu planak edo politikak.

Euskararen erabilera sustatzeko udal planak idatzi, onartu eta kudeatzea.

Genero berdintasuna.

Udal ondarea kudeatzea, foru araudiarekin bat.

Hondartza, laku eta mendietan egiten diren jarduerak, lurralde historikoek dituzten eskumenak eragotzi gabe. Hondartzetarako sarbideak antolatzea eta haien garbiketa zerbitzua ematea.

Herritarren partaidetza, gardentasuna, gobernu ona bultzatzeko eta teknologia berriak eskueran izateko azpiegiturak.

Udalerriarenak diren bideak eta baserri bideak kudeatzea, kontserbatzea eta mantentzea barne.

Udalerriko bideetan mugikortasuna, iristeko erraztasuna, garraioa.

Establezimendu publikoak eta jolas jarduerak.

Barne merkataritza antolatzea eta kudeatzea.

Immigrazioa, lankidetzan.

Gazteria politikak.

Garapenerako lankidetza.

VER EL PROYECTO COMPLETO:
 http://www.irekia.euskadi.net/uploads/attachments/5410/Proyecto_Ley_Municipal_de_Euskadi_11_11_2014.pdf?1415704356

Comentarios