35 lagun epaituko dituzte urtarrilaren 12tik aurrera EHAK eta ANVren auzian

BERRIA Politika
  • 35 lagun epaituko dituzte urtarrilaren 12tik aurrera EHAK eta ANVren auzian
  • 2007ko urrian Seguran egindako operazioarekin abiatu zuen auzia Garzon epaileak.
  • ETAko kide izatea egozten die akusazioak

2014-11-12 / Hodei Iruretagoiena
 
Jarri diote eguna: urtarrilaren 12an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 4/08 sumarioa edo EHAK eta EAE-ANVren aurkako auzia. Beste 35 lagun eseriko dira akusatuen aulkian, ETAko kide izatea egotzita. Urtarrilerako zortzi auzi saio jarri ditu Zigor Arloko 2. sekzioko epaimahaiak —herriko tabernen auzia epaitu duen bera da—, baina ez da baztertzen ahozko epaiketa gehiago luzatzea. Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen sumarioa, 2007ko urrian, Seguran (Gipuzkoa) 23 lagun atxilotu eta egoitza eta etxebizitza ugari miatuta. Atxilotuak bilera bat egitekotan zirela zabaldu zuten orduan, eta Batasuna berrantolatzea zela haien asmoa.

Hauek epaituko dituzte: Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandro, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi, Gorka Murillo, Jesus Mari Agirre, Juan Karlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Aurore Martin.

Horietatik, 11 lagun atxilotu zituzten Seguran, eta ondoren inputatu zituzten gainerakoak. Denera, 43 lagun auzipetu zituen Garzonek 2009an; gerora, auzitik kanpo utzi dituzte batzuk, ETAko kide izateagatik lehen ere epaitu dituztelako. Tartean, Sonia Jacinto, Bateragune auzian zigortua; eta Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Juan Kruz Aldasoro, herriko tabernen auzian zigortuak, «ETAren fronte instituzionala» eratzea egotzita.

«Operazio politikoa»

Instrukzioan, Garzonek «instituzioetan egoteko» ETAren estrategiari jarraitzea leporatu zien auzipetuei, eta EHAK eta EAE Batasunaren segida zirela esan zuen. Haren autoetan oinarritu zen Auzitegi Gorena, 2008an bi alderdiak legez kanpo uzteko.

Garai hartan, PSOE zegoen Espainiako Gobernuan. Loiolako elkarrizketak pasatuta, ETAk amaitutzat jo zuen su-etena 2007ko ekainean, eta urrian izan zen Segurako sarekada. Ezker abertzaleak Batasunaren aurkako mendekutzat jo zuen hura, «operazio politikotzat».

Comentarios