2015eko martxoaren 19an abiatuko da Korrika 19


KORRIKA_18_GAUTEGIZ_ARTEAG

2.100 kilometro baino gehiago egingo ditu Korrikak. Urepelen ekingo dio martxoaren 19an eta Bilbon amaituko da martxoaren 29an. Euskal Herria zeharkatzeko gelditu gabeko hamaika egun egingo ditu Korrikak. Hemeretzigarren edizioko Korrikaren omendua, bestalde, Durangoko Azoka izango da, datorren urtean 50 urte betetzen baitu. Durangoko Azoka “euskal kultur eragileen topagune eta auzolanean lortutako lorpen handien adibidea dela” iritzita, urteurrena baliatu nahi izan dute omenaldia egiteko.

Gaur goizean Bilbon egin du AEK-k euskararen aldeko lasterketaren hemeretzigarren edizioaren aurkezpena. Euskahaldun izango da Korrika 19-ren leloa, euskararen aldeko “ahulduntzean” jarri nahi baitute indarra. Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi behar dela azaldu dute gaurko aurkezpenean, beraz, “erabil erabil dezagun ahalmen hori”, esan dute.

Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin dituela aipatu du Korrika-ko koordinatzaile berri Asier Amondok, “Korrika bera”: “Iraganean bezala, gaur egun ere, eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du”. Korrika 19k “ahalmen metaketa” izan nahi du. “Bide berrien abiapuntu izan nahi du. Gutako bakoitzaren eta gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea”.

Korrika 19k jasotako dirua Euskal Herri osoko gau eskolak eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko dutela azaldu du Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Bestalde, aurreko edizioetan egin modura, Korrikaren baitan, hainbat jaialdi eta kultur ekitaldi antolatuko dituztela jakinarazi dute.

Comentarios