Aurten ere 36ko gerran fusilatutako busturiarrak izango dituzte gogoan



By Busturialdeko Hitza on 2014/07/23 in Gizartea

pnga_erakutsi-7.pl

Azken urteetan legez, 36ko gerran fusilatutako busturiarrak omenduko dituzte aurten ere. Busturiko udal arduradunek, jakinarazi dutenez, ekitaldia prestatzeko batzarra egingo dute bihar (uztailak 24). Batzarraren helburua abuztuaren 3ko omenaldia antolatzea izango da. 18:00etan elkartuko dira herritarrak.

Udal arduradunek jakitera eman dutenez, omenaldiak aurreko urteetako formatu bera izango du. Alegia, 12:00etatik hasita, lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, hitzaldia eta kantaldia egingo dituzte, besteak beste. Hain justu, Ispiluetan egingo dute omenaldi ekitaldia, hildakoen omenez han bertan dagoen monolitoaren aurrean. Zehaztasun guztiak, baina, biharko batzarrean adostuko dituzte.

Busturiko sei herritar fusilatu zituzten 1937ko abuztuaren 5ean, Derioko hilerrian. “Iraultzarekin bat egitea” egotzita, Andres Zearreta eta Doroteo Kaltzada zinegotziak, eta Demetrio Lekunberri, Florencio Bilbao, Roman Zearreta eta Hipolito Alvarez fusilatuta hil zituzten frankistek. Lehenago, Galiziako Ferrolen, itsasontzi bateko bidaiariak fusilatu zituzten, Santiago Gondra Zigorraga busturiarra tartean.

Comentarios