Andoni Elorrietak «beti zuzen eta zintzo» jokatu duela dio Busturiko Bilduk

By Busturialdeko Hitza on 2014/07/10 in Politika


Erroxeli Ojinaga Busturiko bizilagunak Andoni Elorrieta Busturiko alkate eta hirigintza saileko zinegotzi ohiaren aurka egindako «salaketa larriak» gaitzetsi ditu Busturiko Bilduk. Horretarako, mozioa aurkeztu du azken osoko bilkuran, eta Busturiko Udalak onartu egin du, EAJren abstentzioagaz. Horren bitartez, Elorrietak «beti zuzen eta zintzo» jokatu duela adierazi du koalizioak.

Bilduk azaldu legez, Ojinagak Busturia Eginez blogean El Monopoly de Busturia: ¿Que hay de lo mio? artikulua argitaratu zuen, non adiskideen artean mesedeak egiteko alkate eta zinegotzi karguaz baliatu izana leporatzen dion alkate ohiari. Halaber, «Elorrietak eduki behar ez dituen agiri ofizialak dituela, eta, horren bidez, Busturiko Udala hirigintza plan ilunpean eta gardentasunik gabe tramitatzen ari dela» ere salatu du Ojinagak, Bilduren arabera.

Adierazpenen gaitzespena
Adierazpenon aurrean, EH Bilduk Busturiko udalbatza osoari eskatu dio Ojinagak esandakoa gaitzesteko, «Busturiko Udalaren lanarekiko mesfidantza eta susmo txarrak zabaltzen saiatu delako; herritarren eta baita bere kide eta kide ohien lanarekiko ere». Era berean, alkate ohiari bere elkartasuna adierazi dio udal gobernuak, eta laguntza eskaini dio legezko ekintzak aurrera eramatea erabakiko balu.

Horrela, udalkide legez egindako jarduerengatik irainak jasan dituzten guztien eskubide berak onartu dizkiote.
Busturiko Bilduk azaldu duenez, ez da lehen aldia Ojinagak «halako salaketa maltzur eta faltsuak» egiten dituena Busturiko Udaleko kide eta kide ohien kontra. «Ojinagak ez badu pertsona bat gustuko, bere izena zikintzen saiatzen da, kritika politikaren atzean ezkutatuta», dio koalizioak.

Bestalde, kritikak onartzen dituztela adierazi du Bilduk, «ez, ordea, Ojinagarenak bezala, irainak besterik ez direnean».
Ojinagak, bere aldetik, Elorrietak Busturiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko planoak edukitzea kritikatu du, «herritarrei ez zaizkienean ezer erakutsi, udal barnean ez denean eztabaidatu eta plan orokorraren zirriborrorik ez dutenean jaso, ez Busturiko zinegotzi ezta elkarteek». Hala, plan orokorrak gardentasun osoz landu behar direla uste du Ojinagak, eta, horretarako, batzorde berezi bat sortu beharko litzatekela deritzo, «sekretupeko negoziazio barik eta inposiziorik barik».

Arau etikoak aplikatzea
Era berean, Bilduri eskatu dio ikerketa bat zabal dezala, eta horren arabera aplikatu ditzala honako hau dioten bere arau etikoak; «demokrazia parte hartzailean sinisten dugu, herritarrekiko harreman iraunkor eta leialean. Gure konpromisoa sozietate zibila indartzea da, gizarteko mugimendu eta eragile ezberdinen benetako parte hartzerako bideak zabalduz».

Gauzak horrela, Bilduk Andoni Elorrieta kargugabetu behar duela uste du Ojinagak, eta, era berean, alkate ohiak jabetza publikokoak diren dokumentuak udaletxean utzi behar dituela deritzo.

Comentarios