Ingurumenarekiko konpromisoa ekintzekin erakutsi behar dela esan dio EH Bilduk Jaurlaritzari



By Busturialdeko Hitza on 2014/06/05 in Azpiegiturak, Ingurumena

Busturialdeko hondakin uren arazketa bere integraltasunean betetzeko falta den kolektore zatia amaitzeko finantziazioa eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari; beste behin ere. Lan horietarako beharrezko eginkizunak eginda daudela azaldu dute Eh Bilduren ordezkariek, eta falta den bakarra dirua dela: “2003an azpiegitura horiek egiteko hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak, baina Jaurlaritzak ez du hitz emandakoa bete”.

Busturialdeko ur saneamenduari behar bezalako tratamendua eman diezaoten eskatzeko, Eusko Legebiltzarrean izan zen ur partzuergoko presidente Iratxe Arriola duela bi hilabete. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko kontseilaria den Ana Oregiri eskatu zion Jaurlaritzak hartutako konpromisoak betetzeko. EH Bilduk dioenez, “Busturialdeko hondakin urak arazteko gaur egun ditugun azpiegiturak zaharkituta geratu dira”. Erreketako eta itsasoko urak kutsatuta dauela salatu du koalizioak, “besteak beste, hondakin ur horiek zuzenean erreketara eta itsasora isuritzen direlako”. Hori dela eta, egoera larria dela azaldu zion Arriolak Oregiri batzar hartan; baina oraindik ur partzuergoak Ingurumen kontseilariaren erantzunik ez duela izan salatu du EH Bilduk.

Lamiarango araztegia erabiltzen hasteko prest dagoela esan dute gaur Sukarrietan egin duten agerraldian, eta sanemandu sarea amaitzea besterik ez dela falta eskualde osoko urak han tratatzeko. Ingurumenarekiko konpromisoa esanez baino, eginez demostratzen dela esan dio EH Bilduk Jaurlaritzari, eta orain duela horretarako aukera: “Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zutela 30 urte bete direnean, amaitu dezagun Busturialdeko kolektorea, eta erabili dezagun Lamiaran araztegiak eskaintzen duen kalitate oneko arazte sistema”.

Comentarios