Ibon Elorrieta gazte busturiarra aske utziko dute, baldintzapean

Ibon Elorrieta gazte busturiarra aske utziko dute, baldintzapean

Euskal preso politikoaren aita Andoni Elorrietak azaldu duenez, oraindik ez dakite zehazki noiz utziko duten aske; martitzenetik aurrera edozein une edota egunetan izan daitekeela adierazi du.
IBON

2004ko otsailean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Ibon Elorrieta busturiarra, Cognac hirian (Frantzia), ETAko logistika taldeko ustezko kidea izatea leporatuta. Luis Enrike Garategaz batera atxilotu zuten, eta Polizia iturrien arabera, lapurtutako Renault Kangoo furgoneta batean zihoazen ustez ETAkoak ziren bi pertsona horiek errepide kontrol batetik ihes egiten saiatu ziren; hala ere, berehala aitxilotu zituzten. Iturri beraren arabera, ustez armak eta lehergailuak zeramatzaten ibilgailuan atxilotu zituzten unean; hain zuzen, “30 kilo amonal, suzko hiru arma, granada jaurtigailuak eta granadak”.

2010eko otsailean epaitu zuten Frantzian, eta 14 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Besteak beste, bere aitak azaldu duenez, “ETAko kide izatea, kotxe bat lapurtzea eta armen fabrikazioan parte hartzea” egotzi zioten orduko hartan. Geroztik, 10 urte igaro ditu Frantziako kartzeletan; lehenengo sei urteak preso prebentibo bezala igaro zituen herrialde horretako Fresnes eta Nanterre espetxeetan, besteak beste. Azken lau urteak, berriz, Arles espetxean pasa ditu. Haren aitaren arabera, aurtengo abuztuan ziren aske uztekoak, zigorrean ezarritako murrizketak kontuan hartuta. Hala ere, baldintzapeko askatasuna eskatu zuen iazko irailean busturiarrak, eta abenduan atzera bota zuten bere eskaera. Hala ere, erabaki horri helegitea jarri, eta epaileak onartu egin du; hala, datozen egunetan etxera bidean izango da. Horretarako, baina, baldintza batzuk bete beharko ditu Busturiko gazteak; besteak beste, ezin izango da inoiz Frantziara sartu, epaileak hala erabakita.

Familia, “oso pozik”

“Oso pozik” hartu du Elorrietaren familiak berria; “lehenengotan sinestu ezinik egon ginen, baina gero itzelezko poza hartu genuen”, dio haren aitak. Presoa bera ere hasieran “jokoz kanpo” harrapatu zuen albisteak; hala ere, “poz-pozik” da, eta ziega husten ere hasia dela dio aitak. Hamar urteetako “momentu txar” horiek atzean uzteko aukera izango du, beraz, Ibon Elorrietak. Preso prebentibo legez igarotako sei urteak “baldintza txarragoetan” bizi izan dituela nabarmendu du haren aitak: “Frantziako prebentzioko kartzeletan presoek ez dute familiagaz telefonoz komunikatzeko aukerarik; bisitak 45 minutukoak dira, oso laburrak; espetxe barruko diziplina ere oso gogorra da eta ekintza oso gutxi egiteko aukera izaten dute”. Nanterreko kartzelan, gainera, poliziekin “istiluren bat edo beste” izan zuela ere gogora ekarri du Andoni Elorrietak.

Behin zigorra ezarrita, Arleseko espetxera bidali zuten Ibon Elorrieta, eta, geroztik bertan izan dute. “Baldintza askoz hobeetan” bizi da han, nahiz eta bertako diziplina ere “gogorra” izan. Arlesen, behintzat, telefonoz deiak egiteko eta bisita luzeagoak jasoteko aukera duela gaineratu du. Bisitena “oso gogorra” izan dela aitortu du presoaren aitak; izan ere, Parisko Nanterre eta Fresnes espetxeetara 1.000 bat kilometro egin behar izaten zituzten Busturiatik presoa bisitatzeko. Horra joateko, behintzat, trenez joateko aukera zutela esan du; ez, aldiz, Arlesko espetxera. Kilometro gutxiagok banatzen badute ere –760 bat kilometro–, autobusez edo kotxez joan behar izaten dute Ibon bisitatzera; “autobusez merkeagoa da, baina hiru autobus hartu behar dira, eta 16-17 orduko bidaia da”. Bisita egteko hainbeste kilometro egin behar izatea “osasunerako oso txarra” dela aitortu du Ibon Elorrietaren familiak; “zigor itzela”. Gainera, ekonomikoki ere, “oso garestia” dela azaldu du: “kotxean joanez gero, esaterako, 350 euro gastatzen ditugu bidaia bakoitzeko; kotxearen gastuak eta ostatu hartzea kontuan izanda”.

Comentarios