Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduari, planto


Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduari, planto



39/1981 legeak xedatutakoa betearazteko derrigortasunaren aurrean –udaletxeetan Espainiako bandera jartzearena–, bertoko herriek ikurrina nabarmendu gura izan dute; hala, Nabarnizen horren aldeko omenaldia egin dute, eta Ean eta Busturian herri batzarrak egin dituzte, Espainiako bandera udaletxean jartzeko aginduaz kezkatuta.
Busturiko batzarra, barikuan
Busturiko batzarra, barikuan. Argazkilaria: Busturiko asanblada

Nabarnizko Udalak jaso du jada 39/1981 legeak xedatutakoa betearazteko agindua, beraz, udaletxean Espainiako bandera jartzeko derrigortasuna du. Agindu horregaz bat ez datozela adierazteko, adierazpen bat onartu eta ikurrinaren aldeko ekidtaldia egin dute udalean ordezkaritza duten Bildu eta EAJ alderdiek. Espainiako bandera ezartzera derrigortzen dituen legearen “inposizioa” salatu dute, besteak beste, adierazpenagaz. Era berean, Espainiako bandera “zigor mehatxupean” ezarritako sinboloa dela gogra ekarri dute, eta “herritar gehienen nahiaren aurka eta euren ordezkarien erabakimenaren aurka ezartzen den sinboloa” dela azaldu dute. Hala, domeka eguerdian herriko plazan batuta, ikurrin-mosaikoa egin zuten, eta, ostean hartu zuten txanda bertsolariek eta dantzariek.

40 bat lagun, Eako eta Busturiko batzarretan

Ean eta Busturian ez dute oraindik Espainiako bandera jartzeko agindurik jaso, baina egun hori iristen danerako zer egin zehaztu nahi dute. “Kezka” sortu da herri batean zein bestean, eta, hori dela eta, batzarrak egin dituzte asteburuan. Ean, zapatuan batu ziren 36 bat lagun Eskolondon. Ordu eta erdik batzarra egin zuten, “nahiko bizia, parte hartze interesgarriagaz”, Jose Antonio Aranburu Eako zinegotziaren arabera. Batetik, udalari dagokion arlo teknikoa landu zuten, eta, bestetik, herriari begira, Espainiako bandera jartzeak zer suposatuko lukeen eztabaidatu zuten. Hala, “gai horrek duen pisua zelan mamitu eta jendeari zelan azaldu eta parte hartu eragin” aztertu zuten. Bestetik, ikurrinaren aldeko ekitaldi bat egitea ere proposatu zuten. Hori guztia aurrera begira koordinatzeko hiru talde osatu zituzten zapatuan bertan.

Busturian, bestalde, barikuan elkartu ziren 40 bat lagun, Espainiako bandera jartzeko aginduari buruz hitz egiteko. Agindu hori “inposaketa” bezala ikusten du Busturiak, eta, horren aurrean garrantzitsuena mobilizatzea dela uste dute, “ikurrinaren alde”.
Eako batzarra, zapatuan
Eako batzarra, zapatuan. Argazkilaria: Ander Arriandiaga
Dinamika askoren proposamena
Dinamika asko proposatu zituzten barikuko batzarrean; hala nola, sinadura bilketa egitea, ikurrinak etxe guztietara bidaltzea horiek balkoietan jarri ditzaten, jai erreibindikatiboa egitea, mozioa aurkeztea, plaza publikoetan ikurrina jartzea, manifestazioa egitea… Horiek guztiek, baina, datorren bariuan, hilaren 21ean egingo duten batzarrean aztertuko dituzte hobeto. Horretarako, 19:30ean jarri dute hitzordua Altamirako kultur etxean.
Dinamika horien guztien lanketarako lan talde bi jarri dituzte martxan; batetik, komunikazio edota kontzientziazioa landuko duena, eta, bestetik, arlo instituzionalerako baliatuko dutena. Lehenengo taldea gaur bertan batuko da 19:00etan Altamirako kultur etxean, eta bestea domekan bildu zen.

Comentarios