Busturiko Udalak obra baimenak etengo ditu urtebetez

Busturiko Udalak obra baimenak etengo ditu urtebetez

Busturiko Udalak obra baimenak urtebetez etetea erabaki du, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean oztopa ez ditzaten. Dagoeneko lanaren aurrerapena egina du, eta aurki du berau onartzeko asmoa, «hilabete honetan ezin bada, hurrengoan». Hori eginda, herritarren artean aurkeztuko du, eta azken horiek alegazioak aurkezteko aukera izango dute. Planaren azken onarpena Bizkaiko Foru Aldundiak emango du.
Etenaldiak, beste hainbaten artean, Axpen izango du eragina.
Etenaldiak, beste hainbaten artean, Axpen izango du eragina.



Udalak hartutako erabaki horrekin, herritarrei ez zaiela eskubiderik kentzen azaldu du Miren Fatima Malaxetxebarria Busturiko alkateak, «eten egiten baitira urtebetez». Azken finean, «kautelazko neurri bat» dela dio, «ezinbestekoa eta legearen barruan dagoena».

Busturiko Udalak gaur egun indarrean dagoen arautegia –1997ko arau ordezkatzaileak– etorkizuneko herri diseinura egokitu gura du; hala, egungo arauen eta Plan Orokoraren aurrerapenaren diseinuaren artean eman daitezkeen kontraesanak ekidin nahi ditu. Eetenaldi horrek eragina izango du, besteak beste, Babene, San Bartolome, Gorritxikale eta Goldibar landa-nukleoetan, eta Axpe, Lekosaiz, Kurtzio, Iturriondo, Agarre, San Migel eta beste hainbat guneetan.

Planari dagokionean, herri ereduarekin eta gizartearen eraldaketarekin zerikusia duten aldaketak egingo ditu udalak. Herri izaera mantentzen jarraitu gura du, «nahiz eta zaila izan, identitate propio handia duten auzo asko» dituelako Busturiak. Auzo horiek modu jasangarri baten garatu daitezen eta gizartearen erantzunkizunei erantzunez, 1997ko diseinuak aldaketak jaso behar dituela uste du Busturiko alkateak.

Hasierako aurkezpena egin zutenean herritarren alegazioak jaso zituen Busturiko Udalak; horiek eta txosten sektorialak kontuan hartuta, helburuak eta irizpideak onartu zituzten, plana egiteko. Helburu eta irizpide horien arabera diseinatu dute orain plana.

Horregaz batera, baina, Tokiko Ekintza Plana ere diseinatzen dabil udala, «herri eredu bat diseinatzerakoan, ekintza batzuk gauzatu behar direlako». Orain, laugarren foroa dute egiteke; besteak beste, sozioekonomia, euskara eta kultura alorrak garatzeko zein ekintza egin behar diren aztertzeko. Hain zuzen, urtarrilaren 23an jarri dute hitzordua horretarako.

Malaxetxebarriak dio «interesgarria» litzatekela bai planaren aurrerapena zein Tokiko Ekintza Plana batera aurkeztea; alegia, azaltzea «zein eredu gura dugun eta zer proposatzen dugun egitea hori lortzeko».

Comentarios