ESKOZIA. Independentziara bidaia XXI. mendeko Europan


INDEPENDENTISTAK Sarearen liburu berria:
ESKOZIA. Independentziara bidaia XXI. mendeko Europan”

XXI mendeak aukera berriak ekarri ditu independentistontzat eta, Europan bertan, zenbait prozesu independentista jarri dira martxan eta urratsak egiten ari dira. Eskozia eta Kataluniari begira gaude, batez ere, momentu honetan. Egia esan, bi herrialde hauetan, lehenengo Eskozian eta gero Katalunian, jauzi handiak egin dituzte denbora laburrean.

Eskoziaren kasuan Erresuma Batuko gobernuarekin adostutako erreferendum binkulantea 2014ko irailaren 18an burutuko da eta baiezko emaitza batek zuzenean independentziarako bidea zabalduko lioke.

Kontua da Eskoziako gaia eztabaida politikoaren erdi erdian jarriko dela erreferendumaren data hurbildu ahala eta ez daukagula prozesu eskoziarrari buruzko informazio handiegirik. Gertakizun oso garrantzizkoak edo urrats zehatzak izaten direnean heltzen zaigun informazio puntualetik kanpo ez daukagu bertako prozesuaren gorabeherak jarraitzeko aukera handirik.

Euskal herritar askok prozesua ulertzeko eta bere burua eztabaidan kokatzeko Eskoziari buruzko informazioaren beharra sentitzen dut, eta ez dago, euskaraz ez gazteleraz, material egokirik argitaratuta.

Behar horri erantzuteko asmoz, Eskoziari buruzko oinarrizko materiala sortzea erabaki genuen. Eskoziako historia eta ezaugarri Identitario, kultural, ekonomiko, sozial eta politikoak, eta prozesu independentistaren gakoak aztertu eta formatu labur eta ulergarrian, erraz irakurtzeko moduan, eskaini nahi dizkiegu herritarrei. Hots, Independentistak Sarean geure Ideien Faktoriaren bitartez Eskoziari buruzko liburu baten argitalpen lanetan sartuta ibili gara azken hilabeteotan. Eta, azkenik, liburua kalean izango da datozen egunotan, formato elebikoitzean, euskaraz eta gazteleraz.

Ikuspuntu aniztasuna bermatzeko asmoz, nazioarteko gaiak orokorrean eta Europako sezesio prozesuak bereziki ikertu dituzten hiru aditurekin kontatu dugu azterketa lanerako. Robin McAlpine, Xavier Solano eta Txente Rekondo izango dira liburua idatziko dutenak, eskoziarra lehena, kataluniarra bigarrena eta Euskal Herrikoa azkena. Toki desberdinetatik begiratuta Eskoziako prozesua oso ondo ezagutzen dutenak hirurak:

· Robin McAlpine
Jimmy Reid Fundazioaren zuzendaria eta Scottish Left Review aldizkariaren editorea. Eskoziako politikagintzan 20 urtetik gora darama lanean.
·Xavier Solano
Politologoa. Erresuma Batuko Parlamentuko parlamentari eskoziarren aholkulari politikoa. Scottish National Partyko buruen aholkularia Eskoziako Parlamentuan. 2008 eta 2011 bitartean, Catalunyako Generalitatearen Gobernuko ordezkaria Erresuma Batua, Irlanda eta Islandian. “El mirall escocés” liburuaren egilea.

· Txente Rekondo
Komunikazio Zientzietan Lizentziaduna eta Zientzia Politikoetako Ikasketa Aurreratuetan Diplomaduna. Nazioarteko politikan aditu oso ezaguna. Ehunka artikulu eta analisi politikoren egilea, etengabe kolaboratu du Euskal Herriko, espainiar Estatuko eta Latinoamerikako hainbat komunikabidetan. Gaur egun Russian Today eta Hamaika Tb. telebistetan parte hartzen du. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) ikastaro desberdinen koordinatzaile eta zuzendaria.

Hiru adituon ekarpenak era koordinatuan landu dira eta osagarriak dira. Alde batetik, Eskoziaren historia, kultura, arlo ekonomiko eta soziala, egituraketa instituzionala eta abar jorratu dituzte era laburrean, egungo egoera ulertzeko oinarrizko informazio giza. Bestetik, era sakonagoan, azken urteotako bilakaera, prozesu independentistaren ezaugarriak eta zergatiak, bere kokapena Europako testuinguruan, erreferendumaren inguruko gakoak, eta aurrera begira zabaltzen diren eskenatoki eta aukerak. Liburuaren hitzaurrea Jule Goikoetxea, EHUko irakasleak, idatzi du.

Ziur gaude liburuaren edukia aberatsa eta erakargarria dela, eta, horrez gain momentu guztiz egokian plazaratuko dena, jendartean gaiari buruzko interes oso handia duen unean. Independentziaren gaia eztabaida politikoaren erdi erdian kokatuta dagoenean etengabe izango direnez Eskoziako prozesuari buruzko erreferentziak, uste dugu liburu hau oso egokia eta beharrezkoa dela jendeak bere burua kokatzeko eta eztabaidan parte hartzeko.

Liburua GARA egunkariarekin batera izango da salgai kioskoetan azaroaren 1, 2 eta 3an. Gure asmoa liburua ahalik eta gehien zabaltzea denez, eskaini diguten aukera honetaz baliatuko gara Euskal Herriko bazter guztietan eskuragarri dagoela bermatzeko. Ondoren, Durango Azokan ere aurkeztuko dugu eta liburutegietan izango da.
INDEPENDENTISTAK Sarea

Comentarios