San Antonio enklabea dela ebatzi du Auzitegi Nagusiak


San Antonio enklabea dela ebatzi du Auzitegi Nagusiak

“Pozik” hartu du Busturiko Udalak EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salak emon duen sententzia. Hainbat urteren ostean, San Antonio enklabea edo barrendegia dela ebatzi du Auzitegi Nagusiak, sententzia “irmoa” dela jakinarazi du, gainera, Busturiko alkate Miren Fatima Malexetxebarriak.

Aspaldidanik datorren gai bat dela zehaztu du Busturiko alkateak, “Bizkaiko Foru Aldundiak 1993. urtean atera zuen foru arau batetik dator hau guztia. Bizkaiko udal-enklabeak desagertu behar zirela zehazten zuen foru arau horrek”. Momentu horretan, enpresa baten eskuetan utzi zuen Foru Aldundiak Bizkaiko enklabeen azterketa egitea, horien baitan zeuden Munitiz eta San Antonio. Munitiz, Sukarrietako lurraldean zegoen Busturiko enklabe bat zen. San Antonio, aldiz, Busturiko lurretan zegoen Sukarrietako enklabea zen. Horiek, baina, desagertu egin behar ziren eta Aldundian neurriak hartzen hasi zirela gogorarazi du Busturiko alkateak. “Dakigun kasu guztietan barrendegiak desagertu egin dira eta zeuden lurraldeen eremuaren baitan geratu dira, Ugaoko enklabe bat salbuetsita”, dio.

1995. urtean hasi zen Foru Aldundia Bizkaiko barrendegiei buruzko ebazpenak emoten. Hortaz, Munitiz Sukarrieta izatera pasatu zela azaldu du alkateak, “baina aldundiak ez zuen San Antonio enklabe modura aintzatetsi”. Busturiko Udalak erreklamazioa egin zuen eta hortik aurrera auzitegietan egon den auzia dela aipatu du alkateak. Jakinarazi duenez, Busturiko Udalak 2006. urtean egin zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa eta asteon emon du sententzia, San Antonio enklabea dela ebatziz, “sententzia irmoa da, gainera”.
Hori ebatzita, Bizkaiko Foru Aldundiari hiru hilabeteko epea emon dio Auzitegi Nagusiak enklabeari irtenbidea emoteko; 1993ko foru arauak enklabeak desagertzeko agindua emoten baitu.

Hortaz, Aldundiak erabaki beharko du orain, San Antonio Busturiko edo Sukarrietako udalerrian sartzen duen. Busturiko alkatearen esanetan “uste dut ezinezkoa litzatekeela Sukarrietan sartzea, ez baitu konexiorik. Busturiko Udalari dagokion itsaso eta lehorraren arteko gunea baita”.

San Antonioko enklabearen auzia, alderdien gainetik dagoen gai bat dela uste du Malaxetxebarriak, “herriarena den gai bat da. Horregatik, datorren eguazteneko Gobernu Batzordean pentsatuko dugu alderdien adostasunarekin, herri modura zer eskatuko diogun Foru Aldundiari”.

Comentarios