Hautsi da Bilboko kudeaketa onaren mitoa


2013-05-22

Hautsi da Bilboko kudeaketa onaren mitoa

Aitziber Ibaibarriaga, Asier Gómez, Carmen Garcia eta Unai Delgado
Bilboko EH Bildu
Kultura edota komunitate baten sinesmenaren parte dira mitoak. Eta nahiz inoiz gertatu ez diren fantasiazko istorioak izan, egiazkotzat jotzen dituzte kultura horretako kideek, Wikipediak dioenez. Baina mitoen jatorria joandako garaietako balentrietan kokatzen den arren, egungo errealitate faltsuekin lotzeko joera izan dute batzuek. Are, errealitatearekin zerikusirik ez duten gertaeretan oinarrituz eraiki dituzte mitoak, hedabideen laguntza ezinbestekoarekin, eta diru publiko andana inbertituz.

Bilbo ez dute joera horretatik aparte utzi. Azken urteetan, kudeaketa bikainarekin lotu izan dute, behin eta berriro, Bilboren izena. Asperduraraino lotu ere, Iñaki Azkuna Munduko Alkaterik Onena izendatzeraino.

«Bilbo=kudeaketa ona» dioen XXI. mendeko mito horrek bidea arrakastaz egin ahal izateko, hainbat faktorek bat egin dute azken urteetan: oparoaldi ekonomikoari lotu zaizkion boom espekulatzaileak eta ondare publikoaren salmenta etengabeak batetik, eta sariak sustatzeko eta, kasu batzuetan, erosteko ere, abilezia izan duen propaganda politiko egoki eta trebe batean dirua inbertitzeak bestetik. Hala, ondo neurturiko eta hornituriko propaganda estrategia horren ondorioz, sari andana iritsi da Bilbora. Baina dudarik ez dago: Munduko Alkate Onenaren izendapenarekin estrategia hori gorenera eraman dute, eta ofizialtasun traza ere eman diote, nahiz fundazio pribatu elitista batek emaniko saria izan.

Gauzak zer diren: aurrez ustezko beste mito batzuk bezala, Azkuna gidari duen Bilboko kudeaketa onaren mitoa ere behera etorri da: agerian geratu da lehendik ere sumatu zitekeena, helduleku sendorik ez duen fantasia bat izan dela. EH Bilduren udal taldeak eginiko ikerketek erakutsi dute Azkunaren gobernuak bolo-bolo zabalduriko zero zorraren ideiak, hau da, udalak defizitik ez duela dioenak egiaren batere antzik ez duela. Are, gezur handi bat dela. Hastapenean baino ez gaude, eta dagoeneko 84,5 milioi euroko zorra dagoela jakin dugu. Kudeaketa eskas eta ustel samar baten ondorioz eratorritako zorra da.

Jakin dugunez, Iberdrolak ordaindu beharko lituzkeen 20 milioi ordaintzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen udalak, tamaina horretako zuloa eraginez udal kontuetan. Iberdrolaren lehengo egoitzari, Gardoki kalekoari, luxuzko etxebizitzak egin ahal izateko izendapena aldatu zion udalak. Kromo aldaketa bat egin zuten: «Zuk dorrea eraikitzen didazu, eta nik 20 milioi euro oparitzen dizkizut». Zortzi urteren ondoren, kromo aldaketa horrek utzitako 20 milioiko zorrari KPIa gehitu behar zaio. Zuloa 25,5 milioi eurokoa da, horrenbestez. Zeinen, eta 2012an 2.841 milioi euro garbi irabazi zituen multinazionalaren alde jokatu zuen Azkunaren gobernuak. Legearen barruan arituta ere, etikaren muga guztietatik gaindi jokatu zuen udal gobernuak. Eta jokabide horrek kudeaketa eredu jakin batean ditu erroak, politika egiteko modu zehatz batean, hain justu Estatuko beste hainbat tokitan PPk sustaturiko horretan, zeina espekulazio finantzarioan oinarritzen den, eta egun nozitzen dugun krisiaren eragile nagusietako bat den.

84,5 milioi horiek, halaber, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren desegitean dute jatorria. Hiriaren eraldaketaren ustezko bandera ontzi izandakoa zama lazgarri bihurtu da herritarrentzat. 195 milioi euroko zuloa du, eta denen artean ordaindu beharko dugu orain hark utzitako zorra, gure kasuan Bilboko Udalari dagokiona: 29 milioi, zehatz-mehatz.

Eta bihar Ibon Areso egitekoa den agerraldiaren zain, honako galderak asaldatzen gaitu: ezin zuen udalak Iberdrolarekin hitzarmen bat adostu, zeinetan Iberdrolak uko egingo zion Gardokiko lursailaren salmentak eragindako superabitari? Huraxe egitera behartu ditu udalak beste hainbat, Pablo Alzola kaleko etxebizitza bateko jabeak, adibidez. Baina, eta zergatik ez zuen berdin jokatu Iberdrolarekin? Hartara, ez legoke zorrik.

Bada gehiago: Deustuko kanala irekitzeko lanak ordaintzeko beste 30 milioiko zorra hartuko du bere gain udalak. Areago zorpetuko da, zertarako eta Bilbon enegarren megaproiektu espekulatzaileari bide emateko. Hau da, herritarren egungo beharrizanekin inongo zerikusirik ez duten lan batzuk egiteko. Eta, gainera, 30 milioi horietatik bost Udal Etxebizitzetarako gordetako diru sailetik hartuko ditu.

Baina kudeaketa onaren mitoa ez dute soilik arrazoi ekonomikoek hautsi. Urte hauetan guztietan, abiadura biko Bilbo bat sortu dute. Hirigunea eta auzoak bereizten dituen pitzadura gero eta handiagoa da, gero eta mingarriagoa. Hala, udalaren eskariz Ikerfel enpresak eginiko inkestaren emaitzek ez dute dudarako tarterik uzten: herritarren %32k soilik uste dute udalak egoki kudeatzen dituela auzoei dagozkien arazo eta gaiak. Horrekin batera, gizarte pitzadura ere nabarmena da. Langabeziak marka historiko guztiak hautsi ditu: 32.559 langabe daude egun Bilbon, 2007an baino %117 gehiago.

EAJren inguruan eraikitako kudeaketa onaren mitoak hondoa jo du. Azken datuek garbi erakusten dute: Azkunaren gobernuaren kudeaketa ez da izan horren eraginkorra, eta are gutxiago, gardena. Hala, bestelako Bilbo bat posible dela uste duten bilbotar guztiei deia egiten diegu: orain dugu aukera historikoa aldaketa gauzatzen hasteko, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen eredua abian jartzeko. Bilbo aldatu nahi dugu, eta alda dezakegu. Horretarako, herritar guztiei irekita dauden jardunaldiak egingo ditugu, bihartik larunbatera, La Bolsan eta Areatzan. Azken hamarkadetan Bilbon ezarri duten hiri ereduaz hausnartzeko eremua sortu nahi dugu, eztabaidarako eta gogoetarako. Beste Bilbo bat posible delako, beste Bilbo bat premiazkoa delako.

Comentarios