“BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” Eusko Jaurlaritzari egiten dioten eskaera Sukarrieta Eskola Kolonia Kultura Ondare bezala babestua izan ditzan
Honi atxikita igortzen dizuegu “BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” ekimenaren partaideek (EHNE, ELA, LAB, BUSTURIALDEAKO SORTU, ARALAR, GERNIKA-LUMOKO EKOLOGI LAN TALDEA, ZAIN DEZAGUN URDAIBAI, IEUP! GAZTE ASANBLADA) Eusko Jaurlaritzari egiten dioten eskaera Sukarrieta Eskola Kolonia Kultura Ondare bezala babestua izan ditzan.
PRENTSA OHAR onen bidez konpartitu nahi dugu geure herrikide guztiekin, zein Bizkaiko eta, oro har, euskaldun guztiekin, dugun kezka eta egiten dugun eskaera, era berean.
Zentzu honetan,
- - Salatu nahi ditugu, aldez aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek eta Sukarrietako Alkateak erakutsitako pozarengatik Euskal Herriko Epaitegi Gorenak baliogabetu zuenean Sukarrietako Eskola Kolonia Kultura Ondare bezala, Monumentu multzoko kategoriaren aitortza. Aitortza hau, antza, epez kanpo egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Epaiketak administratibo akats honegatik indargabetzen du aitortza, beste sakoneko argudioetan sartu barik. Ez da ulertzen herriko Kultura Ondarea babestua ez izanak nola barregura edota poza eragin ahal duen. Guk ez ditugu kalifikatu. Eurak kalifikatzen dute beraien burua. Baina galdetzekoa da irribarreka edota pozarren diren pertsona hauen duintasuna nora joan den, are gehiago, kontutan hartzen badugu herritarren eskabidea izan dela eta beraiek arduradun publikoak direla.
- - Honi atxikita dago Eusko Jaurlaritzari egiten diogun eskaera. Ez dakigu ze egoeratan gelditzen den espedientea epaiketa honen ondorioz. Edozelan be, eskatzen dugu berriro irekitzeko, edo zabalik balego, berpizteko beti ere Euskal Kultura Ondare orokorraren Inbentarioan sartzeko. Hiru kopia igorri diegu: bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua den Cristina Uriarte Toledori; bestea, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordea den José Angel María Muñoz Otaegiri, eta Kultura Ondarearen Zuzendaria den Imanol Agote Alberrori beste bat. Helbidea: Donostia-San Sebastian, 1; K.P. 01010 Vitoria-Gasteiz.
- - Sukarrietako Eskola Koloniak dituen interes arkitektoniko, historiko eta paisaiakoa berriro bertako auzo elkarteek bultzatuta, Iñaki Uriarte arkitektoak egina du eskari berria. BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI ekimenetik, geure aldetik, guzti honekin batera, goraipatu nahi duguna zera da: barruan gordetzen duen berebiziko balioa, ez antzinakoa oraingoa dena, Ingurumen Hezkuntzaren balio izugarriarena, hain zuzen be, babestu behar dela ere bere barruko lanpostuekin batera, kontutan hartuta, bestalde, Urdaibaiko Biosferak eta Ingurumen Hezkuntzaren arteko uztarketak.
- - Gonbidatzen dugu era berean antzeko eskaerak egitera nahi duen norbanako zein gizarte eragileek, hala nola, umeek, ikasleek, Hezkuntza maila ezberdinetako irakasleek, guraso elkarteek, arkitekturan, hezkuntzan, ingurumenean, osasungintzan edota kulturan, oro har, dihardutenek. Goian esaten dugu nortzuei eta nora igorri behar den eskaera.
- - Ekainaren 13an San Antonio jaia da, eta urtero bezala, erromeri bat egiten da Kolonia ondoan dagoen Santuaren ermita inguruan. Txatxarramendi inguruko auzo elkarteek eta ekimenaren partaide batzuk ere, proposamena egin dute aurton be jaia edo erromeria bertan egiteko, Ondarearen babesaren eskaera-erreibinkatiboa eta jaia-erromeria uztartuz. BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI ekimeneko partaideek bat egiten dugu, bultzatu eta gonbitea luzatu ere eskualdeko herritarrei, San Antonio egunean erromeri erreibindikatibo giroan bertaratu gaitezen. Antzina inguruko herri guztietatik, erromeri giroan, bertaratzen ginen Santuari zerbait eskatzeko.
Aldez aurretik eskerrak emanez plazaratzeko egiten duzuen lanarengatik,
BUSTURIALDEAN LA ETA BIZI ekimena
ESKAERA:
Gaia:
Eskaera Sukarrietako “Colonia Escolar de Nuestra Señora de Begoña”
deitutakoa (hemendik aurrera Sukarrietako Eskola Kolonia) Euskal
Kultura Ondare Orokorraren Inbentarioan sartzeko, Kalifikatutako
Kultura Ondasunen Erroldako Arkitektura, Hirigintza eta Paisaia
kategorian Monumentu-multzo gisa.
B.A., ….
NAN zenbakidunak, jakinarazpenetarako …… zenbakian bizi den
honek,
EHNE, ELA,
LAB, BUSTURIALDEAKO SORTU, ARALAR, GERNIKA-LUMOKO EKOLOGI LAN TALDEA,
ZAIN DEZAGUN URDAIBAI, IEUP! GAZTE ASANBLADA, “BUSTURIALDEAN LAN
ETA BIZI” ekimena osatzen duten gizarte eragileen izenean,
EUSKO
JAURLARITZAKO HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILBURUA DEN
CRISTINA URIARTE TOLEDO ANDEREAREN aurrean azaltzen gara eta,
ZERA
ADIERAZI NAHI DIOGU:
Ezagunak dira
Sukarrietako Eskola Koloniako eraikin nagusiak eta inguruko gainerako
elementuek gordetzen dituzten balio arkitektonikoak, hirigintzakoak
eta paisaiakoak. Balio horien guztien garrantziak eragin zuen Euskal
Kultura Ondare Orokorrean sartzeko espedientea zabaltzea eta, gero,
onartzea. Ondoren, jakin dugunez, izendapena bertan behera utzi du
EAEko Epaitegi Gorenak, pauso administratibo jakin bat egoki bete ez
zela argudiatzen duelako.
7/1990 Legea,
uztailaren 3koa, Euskal Kultur Ondareari Buruzkoaren adierazpenean
honela dio: “herri agintariek Euskal Herriko kultur ondarea bere
osoan gordetzeko ahaleginak egin beharra ere ezartzen da eta, aldi
berean, ondare horren alde ekiteko hiritarren aldetikako
herri-ekintza aitortzen da”.
Aurrerago,
10.1. atalean adierazten da “Euskal kultur ondareko ondasunak
izan eta, duten garrantzi edo berebiziko balioagatik, babestea
herri-zuduzko izan eta berariz horrela erabaki dadinekoak joko dira
zermugatutako kultur ondasuntzat”.
Halaber, Lege
bereko 11.2. atalean honelaxe jarraitzen du: “Edozein norbanakok
nahiz lege-nortasundunek egin ahal izango du zermugapen-bideari
ekiteko eskea, eta honi hasiera Administrazioak eman beharko dio
(...)”.
Beraz,
eskubide horretaz baliatuz, sinatzen dugunok honakoa eskatzen dugu:
Uste dugu
espedienteari hasiera eman zitzaionean, Eusko Jaurlaritzako Kultur
Sailburuordearen erabakiz eman ziren babeserako baldintzek Euskal
Kultura Ondareko Orokorraren Inbentarioan sartzeko indarrean
jarraitzen dutela. Ez dakigu zein egoeratan dagoen espedientea hori,
indargabetuta dagoen edo indarrean oraindik. Edozelan ere, eskatzen
dugu berriro irekitzeko, edo, zabalik balego, berpizteko, betiere
Euskal Kultura Ondare Orokorraren Inbentarioan sartzea izanik
helburua.
Orain arte
kontuan izan diren balio arkitektoniko, hirigintzako eta
paisaiakoekin batera, Sukarrietako Eskola Koloniak gordetzen duen
beste berebiziko balio bat goraipatu nahi dugu, oraingoa dena, ez
antzinakoa, Ingurumen Hezkuntzak duen eta izan duen balioa hain zuzen
ere. Beraz, Euskal Kultura Ondare Orokorraren Inbentarioan sartzeko
honako arrazoiak erantsi nahi ditugu :
- Euskal Herriko Ingurumen Hezkuntzako ekipamendu aitzindaria da Sukarrietako Eskola Kolonian kokatzen den “SESZ-CEEP. SUKARRIETAKO ESKOLA SAIAKUNTZARAKO ZENTROA-CENTRO DE EXPERIMENTACIÓN ESCOLAR DE PEDERNALES”. BBKko Gizarte Ekintza eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin orain dela 30 urte egindako hitzarmenaren ondorioz eratutako Ingurumen Hezkuntzako hezkuntza proiektua.
Bertan,
irailetik ekainera bitartean Bizkaiko ikastetxeek Ingurumen
Hezkuntzako lan proiektuak garatzeko aukera izaten dute astebeteko
egonaldietan. Izan ere, 30 astetan herrialdeko 3.300 neska-mutil
murgiltzen dira Urdaibaiko ekosistemen ezagutza eta azterketetan
Ingurumenaren aldeko jokabideak sustatu nahian. Hau da, Bizkaiko ume
askorentzat lehenengo aukera izaten da ikuspegi zientifikotik natura
lantzeko. Helburu horren zerbitzura daude Koloniako elementu guztiak,
giza baliabideak zein materialak.
Hezkuntza
esku-hartze aitzindari eta Ingurumen Hezkuntzako printzipio
nagusietan oinarrituta bertan eskaintzen diren programen kalitateak
zenbait kongresu, jardunaldi eta argitalpenetan izan du isla.
Finean,
Kolonian kokatzen den Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroa
eredu bihurtu da, Ingurumen Hezkuntza lantzen duten ikastetxe, irakasle
zein beste erakundeentzat. Gaur egun Bizkaiko herrialdean ez ezik Estatu mailan
ere bere eremuan -Ingurumen Hezkuntza- erreferentzia den hezkuntza
proiektu erabat konsolidatua.
UDALEKUAK. Aisiarekin lotutako ekintza horiek Bizkaiko (BBKko
aurrezki kontua)
duten umeei eskaintzen zaie eta uztaila eta abuztuan zehar garatutako
programa da.
Bataz beste, udako 9-10 astetan zehar 160 ume izaten dira astero eta
beraiekin
batera 20 bat begirale Bizkaian eskaintzen den aisialdi proiektu
sendoena,
ezagutuena eta eskaera gehien jasotzen duena da.
TRATU
ONA BERRI ONA. Ikasturtean zehar eta astelehenetik ostegunera
bitartean genero trataeraren inguruan garatutako hezkuntza programa.
DBHko ikasleentzat zuzendua eta enpresa pribatu batekin batera
kudeatutako programa. Bataz beste, Bizkaiko ikastetxeetako 40 ikasle
hartzen ditu astero.
ASTEBURUAK.
Asteburuetan ere hezkuntza proiektuak garatzen dira Sukarrietako
Egoitzan.
Hezkuntza proiektu hau hain zuzen ere, BBKk kudeatzen du eta Guraso
Elkarteen bitartez egiten da eskabidea. Bataz beste 50 ume izaten
dira astebururo egoitzan. Urdaibaiko artadia, nekazaritza eta
arrantza izaten dute hezkuntza jardunen ardatz eta beste begirale
talde ezberdin batekin garatutako programa berezitua da.
Guztira,
beraz, eta BBKren web orriko datuetan oinarrituta, 9.000 bizkaitar
baino gehiago, neska-mutilak gehien bat, baliatzen dira urtero
bertako zerbitzuez. Jakina, hau guzti hau garatu eta posible egiteko
zuzenean proiektuen atzean dauden profesionalez gain, beste asko eta
asko dira lanean jo eta ke dabiltzanak. Hala nola, idazkaria,
zerbitzuko arduraduna, mantenuko arduraduna, garbitzaileak, jantokiko
arduradunak edota nekazaritza eremuko langileak. Oro har, 45 lanpostu
zuzen mantentzen dira.
- Hori posible izan bada, izan den moduan, Sukarrietako ekipamenduak betetzen duen leku egokiagatik izan da. Beraz, kokapena eta jarduera erabat lotuta daude. Sukarrietako Eskola Kolonia Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, leku berezi batean, kostaldeko bazterrean, hareatza eta paduren artean, eta kantauriar artadietatik hurbil. Horiek guztiak babes bereziko ekosistemak dira eta balio ekologiko eta paisaiako handikoak dira, 5/1989 Legeak, uztailaren 6koak, Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzkoak arautzen duenaren arabera (gogoratu beharra dago Eusko Legebiltzarrak lege hori aho batez onartu zuela). Ildo honi jarraituz, Sukarrietako Eskola Kolonia babesteak lagundu egingo lioke aipatutako Legearen helburu nagusiari, bere lehenengo atalean azaltzen den bezala: “Lege honek Urdaibaiko Biosfera-Gebenalderako berariazko lege jaurpideak jartzea du helburu, horko lurrei, landareei, abereei, bazterraldeei, urei, eguratsari eta orohar izadi-erapidetza osoari izadiaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aise-aldien eta gizarte ekonomien aldeetatik duen garrantziagatik bere onean iraun dezan babesa emateko eta bere oneratzen laguntzeko”. Unescok, 1984an Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuenean, berak azpimarratu zuen.
- Beste alde batetik, adierazi nahi dugu Sukarrietako Eskola Kolonia Euskal Kultura Ondare Orokorraren Inbentarioan sartzea bat datorrela Eusko Jaurlaritzak abian duen III. Ingurumen Esparruko Programaren (IEP 2011-2014) 5. helburu estrategikoarekin: Sail arteko eta Erakunde arteko koordinazioa eta lankidetza indartzea, ingurumenaren aldagaia arau proiektuetan eta politika publikoetan sartzea sustatuz. Sukarrietako Eskola Kolonia babestea sekulako aukera da Kultura Sailburuordetzak IEP 2011-2014rekiko konpromisoa erakusteko.
Guzti hau
kontuan hartuta,
ZERA
ESKATZEN DIOGU EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA
KULTURA SAILBURUARI:
- Aipatutako arrazoiek Euskal Kultura Ondare Orokorraren Inbentarioan sartzeko gure proposamena indartu egiten dutela uste izanik, gure eskaria kontuan har dezala eskatzen dugu, interes publikokoa delakoan gaudelako eta euskal historia modernoko osagai kultural garrantzitsu bat babesten lagunduko duelakoan ere bai.
- Bukatzeko, baita ere eskatzen dugu Sukarrietako Eskola Koloniako espedientean azaldutzat kontuan izatea eta horren inguruan emango diren pauso eta jarduera guztien berri izatea eskatzaileok.
Izpta.:
B.A.,
EHNE, ELA,
LAB, BUSTURIALDEAKO SORTU, ARALAR, GERNIKA-LUMOKO EKOLOGI LAN TALDEA,
ZAIN DEZAGUN URDAIBAI, IEUP! GAZTE ASANBLADA, “BUSTURIALDEAN LAN
ETA BIZI” ekimena osatzen duten gizarte eragileen izenean.
Urdaibain,
2013ko maiatzaren 14ean
Comentarios