Gazte Egunean irekiko ditu ateak Otsozulo gaztetxeak


Gazte Egunean irekiko ditu ateak Otsozulo gaztetxeak

Axpe auzoan kokatuta zegoen mataderoa gazteei utzi die Busturiko Udalak, hain zuzen be, Otsozulo elkartearen eskuetan geratu da lokal horren kudeaketa. Antzinako mataderoa Busturiko Otsozulo Gaztetxea izango da aurrerantzean, eta horren aurreinagurazioa Busturiko Gazte Asanbladak apirilaren 13rako antolatu duen lehenengo Gazte Egunean egingo dute.
Udal eraikinen erabilera adosteko eta kudeatzeko Busturiko Udalak Urtxintxa eskolaren laguntzarekin, iaz egin zuen parte hartze prozesuan ateratako ondorioen ostean erabaki du Busturiko Udalak lokal hori gazteei uztea. Axpeko mataderoa, beraz, Otsozulo elkarteak autogestionatuko du eta gaztetxea izango da aurrerantzean.
Gazteak «oso pozik» daudela azaldu du Berezi Etxebarria Busturiko informazio eta parte hartze arloko zinegotziak, «orain arte Aingerubiden batzen ziren, baina horretan beste jarduera batzuk be egiten direnez, ez zuten lekurik». Etxebarriak esan duenez, asteon hasiko dira garbiketa lanekin, hainbat dira-eta egiteko dauden lanak, «gutxi gutxika gazteek beraien kabuz egin dezaketen gauzak egiten joango dira; barra ipini, hormak alikatatu… Halanda be, oraindik arkitektoaren txostenaren zain daude, horren gain egin behar dituzte gauzak eta». Hiru solairuko lokala da gaztetxe izango dena eta herritar guztien erabilerarako atonduko dutela adierazi du Etxebarriak, «Otsozulo elkarteak umeei, gazteei eta nagusiei zuzendutako ekintzak antolatzen baititu».
Besteren artean, barra bat, liburutegia, musika gela eta ordenagailuentzako gunea egiteko asmoa dute, eta epe luzera be rokodromo bat egitea aurreikusi dute, «baina diru laguntzen arabera izan beharko da».
Busturiko Gazte Eguna
Busturiko Gazte Asanbladak lehenengo Gazte Eguna antolatu du apirilaren 13rako. Zenbait hilabete prestatzen ibili ondoren, etenik gabeko 20 orduko programa antolatu dute «herriko, eskualdeko zein gainontzeko Euskal Herriko herrietako txikiei, gazteei eta nagusiei zuzendutakoa», diote.
Gazte Asanbladakoen esanetan, «Gazte Egunak, gainera, beste proiektu bati luzatuko dio eskua, hau da, Busturiko Otsozulo Gaztetxea izango denari. Oraingoz matadero zaharra denean, gaztetxe barria izango denaren aurreinagurazioa prestatu dugu ongi etorria egiteko». Aurrerantzean gaztetxean egingo dituzten ekintzen barri emongo dutela jakinarazi dute informazio panelen bitartez. Otsozulo gaztetxearen irekiera eta aurreinaugurazioa 11:30ean egingo dute. Ondoren, jardueraz betetako eguna antolatu dute, eta gaztetxea ez ezik, frontoia be erabiliko dute.
Honakoa izango da egitaraua:
  • 11:30ean. Otsozulo gaztetxearen irekiera eta aurreinaugurazioa.
  • 12:00etan. Txan Magoa, frontoian.
  • 13:30ean. Triki Festa, frontoian.
  • 14:30ean. Gazte Bazkaria, gaztetxean. 5 euro ordaindu beharko dira. busturikogazteasanblada@hotmail.com helbide elektronikora emaila bidalita emon beharko da izena.
  • 16:00etan. Eskualdeko bertsolariak, gaztetxean.
  • 18:00etan. Busturialdeko Gazte Asanbladen arteko herri kirol txapelketa, frontoian.
  • 20:00etan. Zaparrada Batukada herria girotzen.
  • 21:30ean. Kontzertuak frontoian: Urgatz, Fiachras, Sarkor eta Haitzama.
  • Ondoren, kontzertua gaztetxean: DJ Bull.

Comentarios