Bermeoko Udal Gobernua software librearen alde



Gaur, hack.in#badakigu informatika elkartea Bermeoko Udal Gobernuarekin bildu gara, software librearen aldeko ponentzia aurkezteko. Udalak ponentziaren alde duen prestutasuna azaldu digu eta 2007. urtetik orain arte software librerantz emaniko pausuak ere azaldu dizkigu barne-txosten batean. Modu positiboan baloratu dugu orain arte Bermeoko Udalak software librea erabiliz egin duen guztia.
Software librea ezagutzen dutela erakutsi digute, eta filosofiarekiko atxikimendua adierazi, oso garrantzitsua iruditzen zaizkie teknologia askeak, batez ere burujabetza teknologikora iristeko.

Udaletxean erabiltzen den software guztia librea izan behar dela argi geneukan batzar honetako guztiok, baita ere lan honek duen konplexutasunean. Argi daukagu lan hau egun batetik bestera egitea ezinezkoa dela. Hau dela eta migraketa progresiboa proposatu dugu, adibidez aplikazio jabedun bakoitza bere baliokide librearekin banan-banan ordezteko, langileak trebatzen ditugun bitartean.
Beste bilera bat daukagu aurreikusita oposizioarekin. Proiektuaren bilakaera aurrera doan heinean albiste berriak ekartzen jarraituko dugu.

Bide batez, bilera honetarako sortu dugun material berria gorde dugu Taberna birtualean, eta proiektuko eduki guztiak talde-wikiko Software librearen aldeko mozioa 2013 orrialde honetan antolatu.

Oraindik emendakinak egiteko epea irekita dagoela gogorarazten dizuegu. ¡Parte hartu!




Comentarios