Sopelanatik Sopelara izen ofiziala aldatzeko prozedurea martxan
Sopelako Udalak
 lehen pausuak emon ditu udalerriko izen ofiziala aldatzeko, gaur egungo
 Sopelanatik Euskaltzaindiak araututako Sopelara, hain zuzen be, Udal 
bizkaitarretik adierazo dabenez. 
2012ko zemendiaren 29an, Saioa Villanueva 
Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bialdu eutson, udalerriko izen
 ofizialagaz loturea eben txosten guztiak udaletxean jasoteko asmoz. 
Akademiak dokumentazinoa biadu eban, eta udalerriko izen zuzena Sopela 
dala berretsi eban. Beraz, Sopelako Udal Gobernuak izena aldatzeko 
prozedureagaz hastea erabagi, eta proposamena aurkeztu eban urtarrilaren
 21ean egindako Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean. Betitxe 
Saitua aitatutako batzordeburuak holan eskatu ostean, Xabier Kintana 
Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika 
batzordearen idazkariak batzordean parte hartu eben. Bertan, Alkatetzeak
 egindako proposamena aztertu zan (izen ofiziala aldatzea proposatzen 
dauena), eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen 
aztertu ziran. 
Kontuak kontu, 1979an Euskaltzaindiak osotutako 
Euskal Herriko Udalen Izendegian, Akademiak onartu eta gomendatu eban 
izena Sopela izan zan, eta 1986an berretsi egin eban erabagi hori Euskal
 Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian. 
1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko 
Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak 
erespena emon eban eta Sopelako Udalera bialdu, Sopelako udalerriaren 
izenean euskal berba akademikoa Sopela dala argituz, Sopela dalako 
eskualdeko euskaldunek herria izentetako erabilten daben ohiko izena, 
toponomastikearen arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko 'n'-a 
galduz. Era berean, 1997. urtean, Euskaltzaindiak beste erespen bat emon
 eban aurrekoa berretsiz. Sopelana izena, barriz, udalerriari deitzeko 
erromantze bersinotzat har daiteke jatorri erromanikoagaz loturea 
eginaz. 
Osoko bilkurara
Proposamena batzordean behin aurkeztuta, hurrengo
 pausua udal osoko bilkuran eztabaidatzea izango da. Alderdi politikoek 
proposamena aztertzeko aukerea izan deien, udalerriko izen ofizialaren 
aldaketea zezeileko ohiko udal bilkurako gai-zerrendan egongo da, 
urtarrilekoan egon beharrean. 
Era berean, Sopelako Udalak udalerriaren izen 
ofiziala aldatzeko prozedurea hasi dauen bitartean, Eusko Jaurlaritzeak 
be aukera hori aztertzeko eskatu deutso Sopelako Udalari. Urtarrilaren 
25ean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako 
sailburuordeak gutuna bialdu eutson Sopelako alkateari. Bertan, egungo 
Sopelana izen ofizialak Euskaltzaindiak araututako euskal izenagaz, hau 
da, Sopela izenagaz bat ez datorrela gogorarazoten dau. Hori dala eta, 
Udalari prozedurea hasteko aukerea azter daiala eskatzen deutso.     
Bizkaie!
Bizkaie!
Comentarios