Alokairu publiko soziala sustatzeko premia


Etxebizitza hutsak

Alokairu publiko soziala sustatzeko premia

Krisi betean amaitu gabe geratu diren eraikuntzak, saldu ezinik prezio altuetan mantentzen dituzten pisuak, administrazioarenak diren etxe hutsak, erabiltzen ez diren kostaldeko bigarren apartamentuak… 255.000 etxebizitza huts baino gehiago daude Euskal Herrian, eta moduak badaude horri aurre egiteko, baina ez dira neurriak hartzen.
Mikel Garcia

Mikel Garcia


2353. alea
2013-01-20
alde 2    kontra 0
EAEn, eraikita dagoenaren %91 jabetzan dago eta %9 alokairuan; bada, %9 horren erdia baino gutxiago (%4) baino ez da alokairu publikoa. Aldiz, Europako herrialde askotan %50 baino gehiago da alokairua, eta hemen baino askoz merkeagoa, arautua dagoelako ed
EAEn, eraikita dagoenaren %91 jabetzan dago eta %9 alokairuan; bada, %9 horren erdia baino gutxiago (%4) baino ez da alokairu publikoa. Aldiz, Europako herrialde askotan %50 baino gehiago da alokairua, eta hemen baino askoz merkeagoa, arautua dagoelako edo merkatua ez delako jabetzara bideratu. (Dani Blanco)
Hipoteka ez ordaintzeagatik ugaritu diren desjabetzeen aurretik jada, datuak ez ziren makalak: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bigarren bizitetxeak eta etxe hutsak 42.000 inguru ziren 2009an, etxe guztien %25 ia (Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboaren arabera); Nafarroan 38.612 etxe huts zenbatu zituen 2010ean Sustapen Ministerioak, etxe guztien %12; eta urte berean EAEn pisu hutsak 75.000 bat zirela adierazi zuen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Batzorde horrek berak eskaera ere kalkulatu zuen: 75.000 bat etxe behar ziren denera. Ekuazioa ez da hain sinplea, baina eskaeraren eta etxe hutsen datu ofizialak parekoak izanik, norberak atera ditzala ondorioak.
Etxebizitza izateko eskubidea aldarrikatzen duten mugimenduek argi daukate: alokairu publikoa edo soziala da irtenbidea. Jabetza publikoa izan behar dute etxebizitzek, herritarren beharretara moldatuko diren baldintzetan eskaintzeko –alokairu sozialean–. Egun, ordea, oso bestelakoa da errealitatea: bai merkatu librean, bai Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, jabetza pribatua da nagusi. EAEn esaterako, eraikita dagoenaren %91 jabetzan dago eta %9 alokairuan; bada, %9 horren erdia baino gutxiago, %4 inguru baino ez da alokairu publikoa. Legea ere alde du jabetzak, zergen kenkariak onuragarriagoak direlako etxearen jabe izanez gero, alokairuan egonda baino. Areago, etxe hutsak bultzatzen ditu legeak berak. Eraikitzen diren etxe berrien %10 hutsik geratuko direla aurreikusten du Lurralde Antolamenduak: tokian tokiko plan orokorra prestatzerakoan, zenbat lur beharko den kontuan hartzeko garaian, etxebizitza hutsak hartzen dituzte aintzat eta lur horretan X etxebizitza behar badira, X + %10 eraikiko dituzte. “Hortaz, lurzoru gehiago kontsumitzen da, ingurumenarentzat eta herriarentzat horrek dakartzan kalteekin”, kexu da Amaia Elorza, EtxebizHitza plataformako kide eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko teknikaria.
Iparraldean, legeak dio etxeen %20 bideratu behar dela etxebizitza sozialetara, 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan. Etxebizitza sozial horiek, dena den, salmentakoak nahiz alokairukoak izan daitezke. Egoera oso bestelakoa da Europako herrialde askotan: ohikoa da etxebizitzen %50 baino gehiago alokairu soziala izatea, edo alokairua, “baina alokairu pribatua ere merkea da: gurean alokairua ez dago erregulatua eta merkatuan jabetzak ezarritako baldintzen menpe dago, prezio oso altuak ditu; atzerrian aldiz, alokairua arautua dagoelako edo merkatua ez delako jabetzara bideratu, prezioak askoz baxuagoak dira eta beraz pribatua ere eskuragarria eta arrazoizkoa da ekonomikoki –azaldu digu Elorzak–. Hemen, 800-900 eurotan dago alokairu prezioaren batez bestekoa, zeinek ordaindu dezake hori, batik bat gaur egun?”. Elkartzen gizarte mugimenduaren ustez, adibidez, alokairuan sartzeagatik herritarrak gehienez bere diru-sarreren %15 ordaintzea finkatu beharko luke legeak.
EtxebizHitza plataformaren ustez, ondasun higiezinen gaineko zerga igo behar zaio bigarren etxea hutsik duenari, eta hala ere hutsik mantentzen badu, denbora batez administrazioak jabetza bereganatu eta alokairu sozialean atera beharko luke
Batzuentzat etxe hutsa da inor erroldatuta ez duena; beste batzuek eskatzen dute erroldatutako etxeetan argia eta uraren faktura ere begiratzea
“Jabetza pribatua aitzakia bilakatu da berez eskubide dena merkatu ondare bihurtzeko, baina jabetza pribatuak ere funtzio sozial bat bete behar du eta hala ez denean, kolokan jarri behar dugu” Amaia Elorza, EtxebizHitza
Etxe hutsen jabeak nola akuilatu
Zein neurri jarri daitezke martxan hutsik dauden etxebizitzei erabilgarritasuna eman eta alokairu sozialean jartzeko? Hiru jabe mota ezberdindu behar ditugu lehenik: pisu hutsa duen jabe partikularra, etxe ugari dituzten jabe handiak eta administrazio publikoaren esku dauden eraikinak. Jabe partikularrak, etxea hutsik badu, moralki alokatzeko betebeharra duela azpimarratu du Kepasakonlakasa elkarteak. Amaia Elorzak ere ez du zalantzarik: “Gaur egun sakratua da jabetza pribatua eta pisua hutsik izan nahi duenak hala mantendu dezake, baina denok etxebizitza izateko eskubidea dugun neurrian, alokatu nahi ez duen jabeari zigorrak jarri behar zaizkio, ondasun higiezinen gaineko zergak igo behar zaizkio, ez dadin hain erosoa izan hutsik duen bigarren etxeari erabilgarritasunik ez ematea. Karga hori jarrita ere hutsik mantendu nahi badu jabeak, plataforman uste dugu administrazioak aldi baterako desjabetzea jarri beharko lukeela martxan, pertsona horri etxearen gaineko eskubidea kendu beharko liokeela denbora batez, administrazioak berak alokairu sozialean jartzeko”.
Gobernuek Etxebizitza Legearen bidez bultzatu lezakete higiezinen gaineko zerga igotzea, eta EAEn diputazioek ere badute horretarako eskumena. Udalek zer egin dezaketen? Beren esku dauden tasak puztu etxebizitza hutsei, akuilu ekonomiko gisa, esaterako zabor tasa. Aitzitik, Hegoaldean hartzen diren neurriak eskasak direla iritzi dio Elorzak: jabe partikularrak etxe hutsa administrazioaren gestiopean uztearen truke, alokairu sozialean izango duen azken prezioaren eta jabeak finkatzen duen prezioaren aldea ordaintzen dio administrazioak, “baina hori ez da alokairu publikoa sustatu eta arautzea, etxea alokairuan jartzeagatik jabeari ordaintzea baizik. Salneurri altua finkatzen jarraituko du jabeak, nahiz eta erakunde publikoak aldea ordaindu; bidezkoa al da hilero 1.000 euroko alokairua eskatzea jabeak?”. Gazteei alokairua errazteko diru-laguntzak ematea ere filosofia bera dela gaineratu du: “Zer egin zuten etxeko nagusiek? Prezioak igo, berriz ere ez direlako alokairuaren kostua mugatzeko neurriak, diru emate neurriak baizik”.
Iparraldean, etxe hutsak eta bigarren etxeak argi bereizten ditu legeak. Hala, etxe hutsen gaineko zerga onartu dute hainbat udalerrik, Hendaiak eta Donibane Lohitzunek kasu. Bigarren etxebizitzak ordea, ezin dira gehiago zergatu, “baina bada aukera bat: ezin zaienez etxe batzuei zerga igo eta beste batzuei ez, etxebizitza denak %15 igo daitezke eta gero lehenengo etxebizitzari beherapena egin. Proposamena egin dugu Hendaian, baina atzera bota digute”, dio Iker Elizalde Biharko Hendaia alderdiko kideak. Erakunde publikoek beste formula bat ere abiatu dute: etxe hutsak berritzeko lanen kostua hartzen dute beren gain, eta ordainetan hainbat urterako etxe horren alokairua kudeatzen du administrazioak.
Hala ere, partikularretatik harago, afera honetan agerikoa da jabe handien erantzukizuna, dituzten eraikin hutsen kopurua eta jarrera espekulatzailea aintzat hartuta. Ugariak dira bankuek, eraikitzaileek eta enpresa eta erakunde pribatuek dituzten lurrak, bukatu gabeko eraikinak eta saldu gabeko etxebizitzak. Ezer eraiki gabe lursailak mantentzen dituzten “lurraren okupei” jabetza kendu behar zaiela aldarrikatu dute Kepasakonlakasakoek, esku publikoetara aldatzeko. Berdin amaitu gabe utzi dituzten urbanizazioekin: “Urte oparotan, eraikitzaileek sarri nahita gelditzen zituzten lanak, aurretik eraikita zituzten beste etxebizitza batzuk garesti saltzeko; orain, nahi duten prezioetan saltzea lortzen ez badute, erabakitzen dute ez eraikitzea, edo bukatuta dauden pisuak hutsik mantentzea, salneurria ez jaistearren. Baina diru-sarrera publiko handia egon da urbanizazio horietan, besteak beste ura, elektrizitatea eta abar sartzeko. Botere publikoak eskumena izan beharko luke jabetza horien ardura hartzeko, eraikitzaileak beren eginbeharrak amaitzera behartzeko eta etxe horiek guztiak alokairu sozialean eskaintzeko”, dio Elorzak. Eta gauza bera bankuek, jendea kaleratu ostean, hutsik duten etxe andanarekin: jende horri alokairu sozialean eskaintzera behartu beharko lituzke legeak.

Comentarios