Independentziarako eta eraldaketa sozialerako Herritar Batasunaren beharra


2012-12-28

Independentziarako eta eraldaketa sozialerako Herritar Batasunaren beharra

Nekane Garmendia Santi Merino
Eusko Ekintzako behin-behineko zuzendaritzako kideak

Pasa den larunbatean Eusko Ekintza alderdiak (EEK)-K, bere aurkezpen ofiziala egin zuen Altsasun, manifestu zabal baten bidez. Hurrengo asteetan, Talde Sustatzailea osatu dugun kideok, behin-behineko Batzar Nazionala eratzeko asmoz, zabalagoa den lantalde dinamizatzailea elkartzeko asmoa dugu.

Eusko Ekintza ezker abertzalearen eremu zabalean kokatzen da; egun berrantolatzen ari den esparru soziopolitiko horretan, hain zuzen. Izan ere, ezker abertzaleak Euskal Herriko sektore askotarikoak batu baldin baditu historikoki, esan dezakegu azken urteetan oinarri soziologiko hori are eta gehiago zabaltzen ari dela.

Bestalde, ohartu gara hainbat jenderentzat, eta bereziki militante gazteen belaunaldietan, nahasmen handia dagoela Herritar Batasuna, Gune Subiranista zein alderdi politiko kontzeptuen artean. Hori dela eta, saiatuko gara ekarpen bat egiten Herritar Batasunari buruz gure ikuspegia argitze aldera.

Euskal Herrian, ezker abertzalea inoiz ez da alderdi bakarrean antolatu. Ezker abertzale soziologiko osoak beti hainbat adierazle politiko, sindikal eta sozial izan ditu. Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok izan dira agian ezker abertzalearen erakunde gehien batzea lortu duten egiturak, eta beti herritar batasunaren ereduaren inguruan. Hala ere, kasu horietan, soilik erakunde politikoak batzen ziren, nahiz eta beste eragile sindikal edo soziopolitikoekin lotura estua izan.

Ezker abertzalearen eragile guztiek estrategia bateratua izan dezaten laguntzeko asmoz sortu da, besteak beste, Eusko Ekintza. Herritar Batasuna bultzatzeko, alegia. Aurkezpen testuan honela adierazten dugu:

«Ezker abertzalea, historian zehar, alderdi bakarrean batu ezinak diren libertario, komunista eta sozialista ideologiaz osatu da. Langile eta klase herritarren aliantza historikoa izan da ezker abertzalea, eredu demokratikoa izan duena beti, anitza eta parte-hartzailea. Horregatik, hain zuzen, errepresio gupidagabeari erresistentzia tinkoa ezartzeko tresna eraginkorra izan da. Herritar Batasuna, berriz, konfrontazio demokratikorako tresna izan da.

Begi onez ikusten dugu Euskal Herriko jendartea ideologia ezberdineko alderdietan eta erakundeetan antolatzea. Eta esan gabe doa gure helburua ez dela alderdi hegemoniko bat izatea. Eusko Ekintza ezkerreko indarrez osatuta egon behar duen Herritar Batasun batean parte izateko jaio da, Herritar Batasun bat, zeinak, independentzia lortze bidean, gune subiranista eta aliantza zabalak lortzeko motorra izan behar duen. Baita sozialismoaren etxea harriz harri eraikitzen hasi beharko duen indar ezkertiarren elkarlanean zutabea ere».

Eusko Ekintzaren aurkezpen egunean Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren zerrendaburuak esan zuen Eusko Ekintzarekin hartu-emana izatea espero duela. Guretzat ere, horren esperoan gainontzeko indar eta gune ezkertiar, aurrerakoi eta independentistekin auzolana gure iparrorratza izango dela esan dugunontzat, ezkertzekoak dira hitz horiek.

Eusko Ekintza alderdia eratzen ari garen emazte eta gizonok Bildu, Amaiur eta EH Bildu koalizioen esparrua gure kokapen naturaltzat ikusten dugu hauteskunde esparruan. Gutako hainbatek, koalizio horien sorrera prozesuan parte hartu genuen aktiboki. Halere, hiru koalizio horiek Hegoaldean burututako azken hiru hauteskundeetarako koalizioak baino ez dira, eta oraindik ez dira koalizio iraunkor gisa egituratu. Urruti daude, beraz, «gune subiranista» eraginkor eta egonkor izatetik. Horretarako, herritarrekiko, talde ezberdinekiko eta herritar mugimenduekiko lankidetza eta konplizitate guneak sortu beharko lirateke.

Eusko Ekintzak Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean ezker independentismoa Herritar Batasun batean egituratzea helburutzat jotzen du. Pertsonaz, sentsibilitate zein alderdi eta erakunde soziopolitikoz osatutako Herritar Batasuna.

Herritar Batasuna hauteskundeetarako koalizio batetik harago doa, egitura eta erabakiak hartzeko prozedurak arautu behar dituelako. Gauza berbera esan dezakegu Gune Subiranistaz, non ezker abertzaleko eremukoak ez diren taldeekin auzolan handia dugun independentziarako bidean.

Horrela izanda, Eusko Ekintzaren lehenengo Nazio Biltzarra egin bezain laster, gure ahalegin handiena Herritar Batasunaren sorkuntza horren baitan kokatuko dugu, sistema juridiko-politikoa eta sistema sozioekonomikoa aldatzeko behar diren indarrak, ezkertiarrak diren sektore subiranista guztien elkarlanetik baino ez baitira etorriko.

Comentarios