Udalbiltza berrantolatzeko atxikimendu kanpaina abiatu dute

  udalbiltza

Udalbiltza berrantolatzeko atxikimendu kanpaina abiatu dute


6.500 gutun banatuko dituzte hautsien artean, 1998ko erakundeak zuen “espiritu” bereko instituzioa sortzeko asmotan.


Udalbiltza berriz antolatzeko asmotan, atxikimendu kanpaina abiatu dute berrosaketa lanetan ari diren hainbat hautetsik. Gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean azaldu dutenez, 6.500 gutun bidaliko dizkiete hautetsiei, berrantolaketari atxikimendua eman diezaioten. Sentsibilitate politiko guztietako hautetsiengana joko dutela azaldu dute, 1998ko erakundeak zuen “espiritu” bereko instituzioa sortzeko.

Ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, Alternatibako eta hautetsi independenteen ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.

Igor Eguren Ordiziako alkateak jakinarazi duenez, dagoeneko lanean ari diren beste erakunde administratibo batzuekin harremana izateko berrantolatu nahi dute Udalbiltza. Berregituratu nahi duten erakundea “zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituen erakunde instituzional” gisa aurkeztu dute.

Urte eta erdi igaro da Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurkako auziari buruzko epaia kaleratu zuela. Absoluzio epaia izan zen. Nazio instituzioan lan egiteagatik espetxeratu zituztenak kartzelaratzeko arrazoirik ez zela ebatzi zuen, eta Udalbiltza bera ere ez zela legez kanpokotzat jo behar.

Epaiak Udalbiltzari jarduteko zilegitasuna aitortu izanak berriz piztu zuen Euskal Herri osoko udaletan oinarritutako nazio erakundea berpiztu beharrari buruzko hausnarketa.

Comentarios