Busturialdeako Ezker Abertzaleak EAJ-PNVri Erantzuz

Busturialdeako Ezker Abertzaleak, bertoko jeltzaleen azken adierazpenen aurrean, zera konpartidu gura dau herrikideakaz:

Inor lotsatu arazoteko modukoak, eta euren buruarenganako errespeturik bako hainbat adierazpen egin dauz azkenaldian Busturialdeko EAJk; izan be, herritarren gehiengoari errespetua galduta norbere buruari be galtzen jakolako. Ez dakigu adierazpenok beldurrak eraginda eta ezintasunez egindako adierazpenak diren, edo besterik barik inor engainetako asmoagaz egindako irainez betetako agokadak diren. Halandaze, ez deutsegue euren errezeta bardinagaz erantzungo: guk herria eraiki gura dogu. Eta argi gelditu jaku, EAJk garapenerako bidea blokeau egin deutsola eskualdeari, aldapa behera librean itxita.

Eskualdeko bizilagunok urte asko daroaguz ikusten, zelan funtsezko jarduera
sozioekonomikoak suntsitzen doazen: arrantza, nekazaritza, basogintza, industria... gainbehera hori oztopatu guran, borrokan ibili gara arlo askotan. Eskualdea desegituratzen joan den bitartean, jeltzaleak egon dira udalik gehienetan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan; erakunde publiko guztietan, halandaze. Oraindik ere, euren eskuetan daukiez hainbat erakunde, eta zoritxarrez, urte hauetan guztietan ez dabe ezer egin eskualdearen gainbehera konpontzeko. Hori bai, euretariko agintari batzuek, egoera aprobetxau dabe etekin pertsonalak atarateko, eta guk ulertzen dogunez, hori bai bada eskualde bat norbere mesedetan blokeatzea.

EAJk aukera guztiak eduki dauz eskura behar dan moduko konponbidea topetako. Erakunde publikoen agintea ezeze, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatua zein bestelakotresneria legal guztiak eskura izan dabez-eta: Urdaibaiko Gidaritza Plana, garapen iraunkorrerako gizarte eragileekin adostutako Plan estrategikoa, herritarren diruak eta Bruselako diru laguntzaren aukera... eta batez be, euren esku eduki dabe gizarte eragileen eta herritarren auzolanerako ardura, eta behar egiteko borondate bizia eta gogoa. Horrek aukera guztiak eskuetan eukita be, jeltzaleak ez dira kapaz izan eskualdearen garapen iraunkorra bermatzeko, eta pentsetakoa da, adostasuna, lankidetza eta alkartasuna ez direla EAJren baloreak.

Dagoan beharrizana egonda, ez dabe Gernikako Ibarrean 20 hektareako industrialdea eregi gura izan horretarako dagoan lur librea aprobetxatuz. Ezker Abertzaleak, hainbat gizarte eragilek, garapen iraunkorraren logikak eta adostutako plan estrategikoak beti proposatu dabe aukera hau, baina EAJk gurago dau Muxikan 60 hektareako industrialdea egin ezelango eskaerarik ez badago be. Kontuan hartu barik, horretarako Muxikan inguru zabala kaltetu eta hondatu beharko litzatekela industrialde hori egiteko. Ez deuskue kasurik be egin. Azkenean zein izan da helburua? Gernika-Lumoko Ibarrean baten batzuen poltsikoen etekinerako etxebizitzak egitea? Pelotazoak eta espekulazinoa dira eskualdearen soluzinoa? Garapen iraunkorra bermatuko badogu, proposamenak guztion artean arrazionalizau behar doguz.

Arauen, osasunaren zein ingurumenaren kontrako jarduera ekonomikoak sustatzea
jendartearen kontrako ekintza da, eta Inamaren kasuan horixe da hogei urtean Muxikako Udalak egin dauana. Lanpostuak salbetako beharrezkoa zan eta da Inamaren egoera aldatzea, eta Ezker Abertzaleak behin baino gehiagotan erakutsi dau bere asmoa egoera konpontzeko.

Enpresari proiektua eskatu geuntsan lehen, eta eskatzen deutsagu orain, proiektuaren
bideragarritasuna guztion artean aztertu ahal izateko, eta legearen barruan kabitzen bada bultzatzeko.

EAJk hainbat urtean albora begira egon eta gero, jarduerarako lizentzia kendu behar izan eutson enpresari, 2011ko urtarrilean. EAJk badaki hori holan dana, baina gurago izan dau guzurrak asmau eta Inama BILDUk itxi dauala esan langileak eta Muxikako herria BILDUren kontra jarri daitezan. Afera horretan egia bakarra egon da garbi: arauen kontra, eta bide batez, herriaren kontra egon dan jarduera ekonomikoa mantendu eta bultzatu egin dabe jeltzaleek urteetan, baina inoz ez dabe arazoaren aurrean konponbide zintzorik aurkeztu. Arazoa egoala jakinda, beste aldera begiratu dabe, guztion eskuetan leher egin dauan arte.

Dana ondo joan danean, ez dira arduratu enpresak jagokozan lizentziak ondo bete daizan, edo ingurumenean egiten egon dan kaltea gitxitzeko. Udalak bere ardura ez dau bete, baina gero, enpresa aldapa beheran hasi danean, eta gauzak konpontzea zaildu danean BILDUri bota deutsie errua.

Antzerako zer edo zer baino ezin dogu esan Ajangiz eta Mendata artean proposatu daben poligonoaren ganean. Ezertan hasi orduko, hausnartu daigun gaia erroetatik. Guztiori jagoku hausnartzea, behar diren moduko ondorioak atara behar doguz garapen iraunkorra bermatzeko bidean. Hori bai bada garapenaren alde egitea. Bestea da blokeatzea, espekulazino hutsa. Guggenheimen frankiziagaz egin gura daben moduan; hau da, espekulazinoa fabrikatzeko makina izugarria martxan ipintzea. Hori egingo bagendu, krisia eta krisiraino ekarri gaituen akatsak elikatzen jarraituko geunke gutxi batzuen onerako.

Edozelan be, EAJren oharrean badago zer edo zer baikorra be. Orain arte Urdaibaiko
Biosferaren Erreserbako plan eta tresna legalak, eurek onartutakoak, garapenerako oztopotzat hartzen baebezan be, orain, “mehatxua baino, aukera direla” esan dabe. Horrela bada, aurrerapauso handia litzateke adierazpen hori. Orain arteko blokeoa ixteko prest badagoz, falta jaken bakarra inposaketa bideak baztartzea da.

Honegaitik danagaitik, irainak, guzurrak eta norberekoikeriak alde batera itxi, eta beti eskatu dogun moduan, aztertu daiguzan auzolanean, eragileakaz batera, zintzo, zabalik eta garden eskualdearen aldeko proposamen guztiak. Erabili daigun horretarako eskualdean daukagun tresna legala. Bide horretan, ez egin dudarik, EAJk aurkituko gaitu, baina bide horretatik kanpora ez. Gure proiektua ez da geure burua, gure proiektua eskualdea da.

Busturialdeako Ezker Abertzalea, 2012-02-06an.

Comentarios