BILDUk aurrekontuak herritarrekin hitzartuko ditu

Hasiera > BILDUk aurrekontuak herritarrekin hitzartuko ditu
Orats Arana (Trapagarango zinegotzia), Asier Jaka (Donostiko zinegotzia), Maitane Nerekan (Getxoko zinegotzia), Iosu Lizarralde (Oñatiko zinegotzia), Garbiñe Elizegi (Baztango alkatea) eta Beñat Alzola (Igorreko alkatea)
*Herrietan garatzen ari diren dinamiken inguruko informazio gehiago hemen.
Bilduko zenbait hautetsik agerraldia egin dute gaur Donostian aurrekontu partehartzaileak eraiki asmoz herrietan garatzen ari diren dinamiken berri emateko. Bilduk, gobernuan zein oposizioan dagoen herrietan, herritarren partehartzea sustatzea du helburu eta horretan ari da lanean egunez egun.
Hona hemen agerraldian esandakoa:
Beste behin aurrekontuen eztabaidaren erdi erdian aurkitzen gara. Azken udal eta foru hauteskundeen ondotik euskal herriko instituzioen mapa erabat aldatu da. Bildu koalizioaren emaitza ikusgarriek hainbat eta hainbat instituzioetan gobernatzera ekarri gaitu, eta instituzioetako kudeaketa politikan berriak bagara ere, haize berria ekartzeko gogoz gatoz.
Azken hamarkadetan gobernuan egon diren alderdi politikoek, dela UPN-PP, PSOE edo PNV nazioartean inposatu den agenda neoliberalarenpean aritu dira. Agenda neoliberal horrek gastu sozialaren murrizketa esijitzen du, estatuen interbentzioa ukatzen du eta erregulazio publikoaren kontra ageri da. Eta alderdi horiek eredu neoliberal horren mesedetan guztia pribatizatu dute, dena merkatuaren eskuetan uzteko. Honek aurrekontuetan ere bere eragina izan duelarik.
Neoliberalismo berri honek ekarri gaitu gaur egungo krisi egoerara eta aurretik interbentzio publikoaren aurka agertzen zirenak orain presaka doaz estatuen laguntzak eskatzera. Bankak, aurrezki kutxak, enpresa multinazionalak, finantzal entrepresak edota autogintzakoak guztiek jaso dituzte laguntza publiko handiak inolako lotsa izpirik agertu gabe. Politika orobat, eta aurrekontuak zehazki, interes ekonomiko horien zerbitzura egon da
Eta urtero gure instituzioetan aurrekontuak onartu behar diren garaia iristen denean, aipaturiko alderdi politikoek PNV, PSE eta UPN-PP guztia isilpean, izkutuan eta inolako azalpenik eman gabe onartu izan dituzte. Herritarren interesen kontrako aurrekontuak alderdi horien artean negoziatu eta onartzen dituzte, herritarren bizkar, inolako azalpenik eta informaziorik eman gabe. Zergatik? onartzen zituzten aurrekontuen zati handi bat, adibidez makroproiektuei zegokena, interes ekonomikoak babestera zetozelako, ez pertsonen edo herritarren interesak babestera.
Baina hori aldatzera doa. Bilduko hautetsiak orobat lehen aldiz gaude udaletan eta 2012.ko aurrekontuen lan dinamika berria izango da ia gehienontzat eta ukaezina da lan zaila eta nekeza suertatuko zaigula.
Demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino gehiago dela sinesten dugunontzat, instituzioetan hartzen den urteroko erabaki garrantzitsuenean, ezinbesteko ahalegin sendoa egin behar da herritarren eta eragile sozialen iritzi eta ekarpenak jasotzeko.
Bestelako kudeaketa politika egiteko eredu bat dugula erakutsiko dugu eta erakusten ari gara jada. aurtengo aurrekontuen dinamikak, gobernuan ala oposizioan, inflexio puntu bat suposatu behar du.
Aipatu dugunaren arabera lehen urterako finkatzen ditugun helburuak xumeak dira, baina ezinbestekoak dinamika berri bati ekiteko. Norabide honetan ardatz batzuk markatzen eta urratsak ematen hasiko gara.
Gardentasuna eta publikotasuna
Gure helburua aurrekontuak herritarrekin konpartitzea bada, gardentasuna eta publikotasunaren alde egingo dugu. Herri gehienetan orain arte, eta leku askotan oraindik ere, udal kontuak ezezagunak dira orobat. guk, argi eta garbi, udal kontuak, egungo egoera eta aurrera begirako egitasmo ekonomikoak gardentasun osoz publiko egingo ditugu.
Informaziorik ez duen herriak antzerki batean parte hartu dezake baina ez benetako eztabaidan. Ondorioz, informazioa ziurtatzea, aurrekontu prozeduraren gardentasuna eta publikotasuna bermatuko ditugu. Eta informazio hau herritarrengana eta eragileengana iristeko benetako ahaleginak egin ditugu eta egingo ditugu.
Herriko eragileekin aurrekontu prozesua jorratzea
Herriz herri dauden kultur, kirol edo auzo elkarteak batetik, izaera ezberdinetako mugimendu sozialak bestetik, guztiak gure herrien eraikuntza eta eraldaketan egunez egun diharduten eragileak dira. Eta noski, eragile horiek gure herrietan dauden hamaika arazo edota aldarrikapenekin konprometituta dauden pertsonekin osatuak daude.
Bildutik ahalegin berezia egin dugu eta egingo dugu, herrietan dauden eragile horiekin egoteko. Aurrekontuen informazioa eta iritzia elkartrukatu eta ekarpenak jasotzeko aukera ere jorratuko dugu.
Herritar konprometituentzat aukerak eskaintzea
Norabide horretan egun jada parte hartzeko borondatea duten herritarrentzat aukerak eskaintzea eta parte hartzerako bideak irekitzea urrats garrantzitsua suposatzen du. Soilik informazioa bermatuz, parte hartze ariketa praktikoak burutuz eta horren berri emanez edo komunikatuz lortuko baitugu etorkizunean herritar gehiago animatzea. kultura politiko pasiboa dena, jarduera politiko aktiboan bilakatuz.
Oposizioan edo gobernuan egon aurrekontuak guztiekin konpartitu behar ditugu eta dinamika berri, zabal, ireki eta parte hartzaile bat jartzearen beharra aldarrikatu behar dugu.
Aurrekontu parte hartzaileak aldarrikatzea, demokrazia parte hartzailea aldarrikatzea da, bestelako udal politika eredu bat jorratzeko ardatz nagusia. Bilduren ikurra eta gure proiektu politikoaren garapenerako eta eraldaketa sozialerako ezinbestekoa izango da.
Alkatetzan edo oposizioan egon bilduko hautetsiak eskaintza luzatzen dugu herritarrekin aurrekontuak konpartitu eta ekarpenak jasotzeko. Beraz, deialdi bat luzatzen diegu herritarrei, egungo sistemak pertsonen iritzia kontutan hartu gabe sostengatu nahi den bitartean, herritarren babes eta ekarpenen bitartez bestelako euskal herria posible dela erakusten laguntzera.

Comentarios