Sabin Arana: Euskara egitasmo politikoa ere da

euskaldunen historioak euskararen ibilbidea

Sabin Arana: Euskara egitasmo politikoa ere da


Abertzaletasunaren sortzaileak euskal hizkuntza esparru guztietara agirikoa bihurtu behar zela aldarrikatu zuen

Joseba Agirreazkuenaga - Sábado, 26 de Noviembre de 2011 - 

Busturia
LApurdiko Urruñan eta Saran 1852tik Anton D'Abbadieren ekimenez, literatur eta kirol jardunak abiatu ziren eta euskal jai bihurtu. Baionan, lehenago, 1836an Agustin Txahorekin batera euskal gramatika, zazpi euskal herrialdekoentzat argitaratu zuten eta A. Txahok 1840ko hamarkadan euskal poesia eta kantaren gorazarre egiten zuen eta euskal aldizkaria sortu Uscal-Herrico gaseta baina arrakastarik gabe. Ondoren A. Abbadiek, 1879an, euskal jokoak, Elizondon Iruñeako Euskara elkartearekin, antolatu zituen. Bertan F. Arrese Beitiak garaiko uste zabal bat islatu zuen: Batzar Nagusiak eta foruen bidezko legedia deseginda, izan garena izateko, euskara besterik ez dugu, jadanik. Donostian, J. Manterolak Euskal Erria aldizkaria argitaratzen hasi zen, Gasteizen F. Herranek antzeko ekimena eta Bilbon 1880an Euskalerria elkarteak egunkari berri bat sortu La Union Vasco-navarra eta aldi berean euskal jaiak. Euskal pizkundearen abiadak ibilbideari ekin zion.
Egun hauetan Euskal Herriko Unibertsitatean eta Donostian duela 75 urteko beste euskal pizkunde bat izan da aztergai, Aitzolen ildoa eta Lizardi Lauaxeta, Arzellus eta ingurukoak gogoratuz.
Bi pizkunde horien artean, Sabin Arana dugu. Euskal pizkunde baten garaikide zen baina asmo berriak zituen. Aurrekoen haritik abiatuz garaikide zituenentzat proposamen berritzaileak asmatzen saiatu zen: Euskararen eredu jasoa asmatuz eta bestalde euskara biziberritzeko aldeko grina.

Bilbo eta Abandoko euskaltzaleen haritik
1802an Espainiako Historiazko Erret Akademiak argitaratu zuen Hiztegian euskararen antzinatea eta foruen bidezko agintea zalan-tzan jarri zituen. Pablo Astarloak euskararen aldeko apologia argitaratu zuen (1803) eta bere anaia Pedro Astarloa Bilbon ezaguna zen San Fraisku edo San Franziskoko komentuko buru zen. 1803an P. Astarloa bertsoz, Viva euskel erria, euskaraz mintzatzen zen herria goratzen zuen. Bestelakoak motzak ziren euskararik ez zekitenak hau da garaiko hizkera arruntean, kanpotarrak. Bertso paperak argitaratzen zituen eta giro horretan Antzinako euskaldunen alabantzetan, Juan Mateo Zavala orden bereko bilbotarrak bildua, euskaltasunaren historia eta gorazarre idatzi zuen, herriko hizkuntzan ulergarrian:
"Zergatik deritxazu/hainbeste neke lan/euskaldunen artean/beti hartu joian(ohi zuen)? Gordetarren zintzoro/jaunaren fedea/geure lege garbiak/geure euskerea".
Iraultza liberalaren aurkako giro ideologikoan kokatu ziren. Txiroak zituzten inguruan. Abandon, Bixenta Mogel, J. P. Ulibarri euskaraz egiten zituzten aldarriak eta inguruan ziren P. Novia de Salcedo, M. Artiñano eta ondoren Aristides Artiñano. Azken hauek Bizkaiko agintaritzan parte zuzena izan zuten. 1864ko Batzar Nagusietan euskararen aldeko proposamenak egin ziren. Esperientzia guzti honen jabe zen S. Arana etxekoen bidez. Kontrairaultzaileen ikuspegitik, euskal hizkun-tza, iraultzaren aurkako hesia izan zitekeen eta herri xehearekin komunikazio eraginkorra egiteko ere.
Bestalde, liberal batzuen ikuspegian ere herritarren hizkuntza arautu eta landu behar zela aldarrikatu zen. Horra adibidez Hernanin Agustin Pascual Iturriagak burutu zuen lana irakaskuntza elebidunaren alde eta bereziki 1830ean Gipuzkoako Batzar nagusien eskariz idatzi zuen txosten argia, euskararen etorkizuna bermatzeko: "Si los países o provincias, en que las lenguas son diferentes, pasan a ser partes integrantes de un estado o una nación, la lengua que adopta por suya el gobierno será la dominante porque todos los intereses y ventajas se reunirán para cultivarla y generalizarla (…) Ya hemos probado que las lenguas dominantes prevalecen sobre las que no lo son porque se cultivan con preferencia a ellas. Cultivemos el vascuence".
Frantziako iraultzaileak, 1790ean agintean, hizkuntza bat eta bakarra agindu zuten eta frantsesa inposatu zuten. Eta 1794an E. Barére frantsesaren nagusitasuna justifikatu nahian, bestelako hizkun-tzak eta beraz hiztunak, etsai politikotzat katalogatu zituen. Haren esanetan, bretoiak sorginkeria eta federalismoa ekartzen zuen, alemanak aldiz gorrotoa, italiera kontrairaultza eta euskarak fanatismoa. Geroztik, hizkuntza, politikaren agenda politikoan egon da beti bai Frantzian eta beranduago Espainian, euskararen kalterako.
Laburbilduz, XIX mendean, Euskara euskaldunen aberria zen jadanik, Victor Hugok zuzen asmatu zuen bezalaxe.
Euskarari buruzko gogoetak
Sabin Aranaren etxekoak Abandoko euskaltzaleen giroaren harira loturik zen, bereziki Artiñanoren bidez, baina ez zen euskalduna. Euskara ikasi behar zuela premiazkotzat jo zuen.
S. Arana Bartzelonan ikasle zela, 1888an Pliegos histórico-políticos gogoetak argitaratzen hasi zen: "La lengua como lazo de unión euskeriana, si bien en rigor no pasa de ser un auxiliar del verdadero lazo de unión, a saber, el patriotismo, el amor a las doctrinas patrias. (...) Donde avanza el idioma castellano (que es el español más próximo a Euskelerria), avanza también el españolismo y con él arraiga y se desarrolla". Beraz, hizkuntza eta politikaren artekoa lotura egin zuen, Bartzelonako esperientzia aurrean zuela.
Garaikide eta lehiakide izan zuen Resurreccion M. Azkue. 1888an Bilboko Institutuko euskararen katedrara biak gehi beste batzuk, tartean M. Unamuno aurkeztu ziren. Azkuek irabazi zuen eta programa bati ekin zion: Euskararen gorpuztea eta egokitzapena, hiriko eta gizarte berrian erabilgarria izan zedin: Izkindea, hiztegia, ortografia bateratua, Euskaldun biltokia, Euskal Akademiaren sorrera. Bestetik, hezkuntzarako testu liburuak eta Bilbon euskarazko aldizkaria sortu zuen : Euskalzale
Sabin Arana Euskal Erria aldizkarian hasi zen argitaratzen eta lehen egitasmoen artean, euskararen akademiaren premia aldarrikatu zuen (1886). Ondoren Bizkaiko euskal akademia antolatzen hasi zen eta euskararen berrikuntza ortografikoak eta produkzioak euskaraz, umeentzat testuak, ohiko almanakak eta abar. Bere ibilbide laburrean, bilakaera ere izan zuen. Hasieran, maila teorikoan, euskara egitasmo politikoaren zati bihurtu zuen, auxiliarra. Beranduago ideia politiko baten azpian ("si nuestros invasores aprendieran el Euskera, tendríamos que abandonar este" 1894). Euskara enblematikoaren garaia dugu. Baina ezkondu ostean (1900) azkenik euskararen bizi iraupenari, bere horretan, erabateko garrantzia eman zion. Ondoko jarraitzaile batzuk behin-tzat horrela ulertu zuten. Erabat euskalduna zen eskualdean bizi zela, Sukarrietan, zuzen euskararen etorkizuna zalantzazkoa zela nabarmenago konturatu zen. 1901eko urtarrilaren 5ean E. Aranzadi adiskide donostiarrari honako hau idatzi zion: "Se va antes que termine el siglo que acaba de empezar. El único remedio está en el dinero: y éste no se encuentra. El aldeano sabe de sobra que el euzkera de nada le sirve al hijo. El remedio está pues en fundar industrias, adquirir caserios, sostener compañias navieras... nacionalizando todas esas esferas de la vida, de suerte que el euzkera sirva de algo, porque sea obligatorio para tener parte en ellas".
Kostaldeko hirigunetan eta hiri ertainetan euskara bizi bizirik egon arren, goi mailako klase eta agintarientzat bigarren mailako hizkuntza zen eta gizartean aurrera egiteko ez zuen balio. Euskaldunak bazterketa jasaten zuen. Gainbehera zihoan hizkuntza biziaren iraunkortasuna. Eta hizkuntza baten bizitasuna bermatzeko, premiazkoa egin behar zen eguneroko ohiko komunikazioan. Eta asmo hori aginte politiko eta publikoaren bidez lortzea espero zuen.
Bizkaiko Diputatu probintziala zelarik, 1902an, Busturiako maisua, Victor Bilbao, salatu zuen eraztuna erabiltzen zuelako, mutikoak erdaraz egin zezaten kalean ere. S. Aranak mutikoari eraztuna kendu eta zigorraren ordez bere gurasoei dirua eman zien, mutikoari opariren bat erosteko. Maisua euskalduna zen eta erantzun zion, 1902ko urtarrilaren 20an, herritarren aginduz egiten zuela eta bukatzen zuen "nik obteto adituko neban erdera baño ezan deuztazun guztia euzkaras ipiñi bazendu atso zure otzañak emon euztan papelian. Bizi bedi gueure euzkal erri maitea eta bizi bedi Españia, señen satia dan gure erria" (jatorrizko ortografia).
Hendaian, Euskaltzaleen biltzarrean, 1901ean
Euskarazko aldizkariak argitara-tzen hasi ziren, Californiako Eskual Herria, Escualduna, Euskalzale baina ortografia ere ez zen bat. Zein euskara eredu erabili behar ote zen? Oxfordeko euskaltzale eta ikerlaria zenak Dogsonek Azkuek azkuencea asmatu zuela salatu zuen. Iparraldean, aldiz, nahiko finkaturik zegoen eredua. Arana ere euskara eredua asmatzen saiatu zen, bizkaieran oinarriturik. Euskara jasoa eta kultua, goi mailakoa. Asmo ona baina gehiegi urrundu zen herritarren euskaratik, ulergaitza eta S. Arana horren jabe zen. Gutunetan emaztegaiarekin euskara herritarra erabiltzen zuen. Hala ere, Aranaren euskara ereduak arrakastarik eduki ez arren bereiztu behar dugu, euskararen aldeko zaletasuna euskal abertzaletasunaren ikur bihurtu zuela.
1901eko irailean, Hendaian bildu ziren Euskal Herriko euskara adituak eta euskaltzaleak. Kongresua euskal ortografia batasuna lor-tzeko zen. S. Aranak egin zuen diskurtsoan, aldiz, gogoan izan zituen M. Unamunoren aurreko abuztuan Bilbon esandakoak euskararen heriotza aldarrikatuz. Ikuspegi soziolinguistikotik abiatuz, euskara gaixo, hil zorian zegoela onarturik, helburua euskara biziberritzea zela esparru guztietan adierazi zuen: "Hacerlo necesario para la vida, en grande o en pequeño círculo, dentro de su propia tierra, y hacerlo apto de satisfacer esas mismas necesidades". Eta hori lortzeko, hizkuntza gutxitu batek, egoera aldatzeko, halabeharrez euskal abertzaletasuna premiazkoa zuen, euskal agintaritza.
Egoera zaila zen. Katalan hizkuntzaren normalizazioan ai-tzindaria izan zena, Pompeu Fabrak, Bilboko goi mailako injeniari industrialen eskolan irakasle zegoela 1906an, Lluis Duran I Ventosa adiskideari idatzi zion Bilbon gaztelania zela nagusi eta Centro Vasco delakoan ere gaztelania besterik ez zela entzuten.
Laburbilduz, Sabin Aranak, euskara esparru guztietan agirikoa bihurtu behar zela aldarrikatu zuen. Jarraitzaileek 1913an fundatu zuten Euzkadi egunkaria eta lehen orrialdean, Kirikiñok euskaraz artikulu bat egunero argitaratzen zuen. Erakundeetan gehiengoa lortu zutenean, 1917an, euskararen aldeko ekimenak egin zituzten, Euskaltzaindiak (1919) euskara eredua zein behar zuen erakutsiko zuen. Eta ofizialtasuna irabazten hasi zen 1931ko hamarkadan. Baina, gaur egunean ere, zoritxarrez, agenda politikoan egon behar du, euskaldunontzat euskara ez baita bermaturik esparru publikoan. Bitartean zenbat eta norberaren inguruan biziagoa izan egunerokotasunean, hizkun-tzaren iraunkortasuna hainbat eta bermatuagoa izango da.

Comentarios