2011-04-05
Bastidaren Sukarrietako sail osoa babestea erabaki du Jaurlaritzak
BBKren haur udalekuetako eraikinak eta eremua kultur monumentu izendatu ditu
Bizkaiko Aldundiak ezingo du han eraiki Urdaibaiko Guggenheim, etorkizunean proiektua berreskuratzea erabakitzen badu
Irune Berro Bilbo
 Sukarrietako BBKren haur udalekuak. / BUSTURIALDEKO HITZA
Ricardo Bastidak 1925ean Sukarrietan (Bizkaia)  altxaturiko eraikin multzoa babesturiko kultur ondare  izendatzea  erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Euskal Kultur Ondarearen Zerrenda  Nagusian sartu du, kultur ondasun eta monumentuen atalean, BERRIAk jakin  duenez. Abiñako auzo elkarteak, Iñaki Uriarte arkitektoak eta PPk, nork  bere aldetik, eginiko eskaera onartu egin du Jaurlaritzako Kultura  Sailak, eta baztertu egin ditu Bizkaiko Aldundiak prozedura horren aurka  aurkezturiko alegazioak. Bi hilabeteko epea du orain aldundiak EAEko  Auzitegi Nagusian Jaurlaritzaren erabakiaren kontrako helegitea  aurkezteko.
Auzitegiak Jaurlaritzaren erabakia atzera bota ezean,  aldundiak ezingo du han eraiki Guggenheim museoa. Ez orain ez  etorkizunean. Ezta EAJk Jaurlaritzara itzuli, eta proiektua  berreskuratzea erabakitzen badu ere.
Europan beste Guggenheim  bat irekitzeko Bilboko Guggenheim fundazioko kide diren hiru aldeen  oniritzia ezinbestekoa da, Jaurlaritzarena barne. Hain zuzen, Bilboko  Guggenheimeko estatutuetan jasotako oinarri horri heldu zion iazko  ekainean Patxi Lopezen Jaurlaritzak aldundiaren egitasmoa gerarazteko.
Alabaina,  Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak ez du inoiz baztertu  proiektuari berriro ekitea, hartarako aukera izandakoan. Lopezen  Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin, baina, ezingo du Sukarrietako sail  horretan eraiki.        
Iazko maiatzean abiatu zuen  Jaurlaritzak Bastidaren eraikina eta inguruko eremu osoa babesteko  prozedura. Modu horretan, Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietan egitea  eragotzi zion aldundiari. Eta abuztuan aurkeztu zituen alegazioak  aldundiak.
Aldundiarentzat «gehiegi» 
Eremu osoa  babestea «gehiegi» iruditu zitzaion Josune Ariztondo Kultura  diputatuari. Batzar Nagusietako Kultura batzordean eginiko agerraldian  Ariztondok esan zuen Bastidaren eraikin guztiek ez dutela balio berbera,  eta ondorioz auzitan jarri zuen eremu osoa legez babesteko erabakia.  Izan ere, Jaurlaritzak abiarazitako izapideek ez zuten BBKren haur  udalekuen eraikin nagusia kontuan hartu soilik. Ondoko eraikinak zein  aldameneko zelai, baratze eta lorategiak ere kultur ondare izendatzeko  prozedura hasi zuen Jaurlaritzak. Hala onartu du azkenean, eta ez ditu  aintzat hartu aldundiak aurkezturiko zuzenketak. 
Joan den  martxoaren 28an argitara emandako ebazpenean Jaurlaritzak dio  «egokiagoa» dela eraikin eta lur sail hori babestutako monumentu  izendatzea, Aldundiak eskatu bezala kulturgune izendapena ematea baino.  
Halaber, eraikinaren hegoaldeko eremua izendapenetik kanpo  uzteko eskatu zuen aldundiak, alegia, eraikin nagusiaren atzeko  lorategitik aurrerako eremua. Eta Jaurlaritzak erantzun dio eraikin  eta  inguruaren arkitektura eta ingurumen balioak zaintze aldera, eremu osoa  babestea beharrezkoa dela, Busturiari dagozkion lur horiek barne.                      
Urdaibaiko Guggenheim museoa Sukarrietako zein  Busturiako lurrak hartzen dituen sail horretan eraikitzeko proiektua  2008ko udan aurkeztu zuen Jose Luis Bilbaok. Ez Ariztondok ez Bilbaok  inoiz ez dute argitu Bastidaren eraikina eraisteko asmorik ba ote zuten.  Nolanahi den, Josep Maria Montaner arkitektoari azterlan bat egiteko  eskatu zioten. Eta Montanerrek osaturiko txostenaren arabera, Bastidaren  «lan txikietako bat» da Sukarrietakoa; «arkitekto horren lan ospetsuek  baino maila kaskarragoa dauka», zioen arkitektoak txostenean.
Horrez gain, arkitektura ideien nazioarteko lehiaketara deitzeko  data ere jarri zuen aldundiak.
Comentarios