BIZKAIKO UDALERRIETAN INGURUMENA HOBETZEKO 55 PROIEKTU ABIARAZI DITU FORU ALDUNDIAK, 4,5 MILIOI EUROREN BITARTEZ
BIZKAIKO UDALERRIETAN INGURUMENA HOBETZEKO 55 PROIEKTU ABIARAZI DITU FORU ALDUNDIAK, 4,5 MILIOI EUROREN BITARTEZ
Ostirala, 2011(e)ko Martxoaren 18a 10:00
 Ingurumen Sailak balioetsi egin du toki  erakundeek iraunkortasunaren alde agertu duten konpromisoa. Aurtengo  ekitaldian, bi alderdi nabarmendu dira: eraginkortasun energetikoa  hobetzeko proiektu asko egotea eta mugikortasun iraunkorra.
 
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak diruz lagunduko ditu  ingurumena eta iraunkortasuna hobetzeko 55 ekimen, Bizkaiko Lurralde  Historikoko hainbat udalerri eta mankomunitatek aurkeztutakoak.  Proiektuok bultzatzeko, ia 7 milioi euroko (6.972.461) inbertsioa egingo  da, eta Foru Aldundiak 4,5 milioi euroko diru-laguntza emango die.  Diru-laguntza bat jasotzeko proiektua aurkeztu duten udaletako % 65k  Foru Aldundiaren finantziazioa lortu dute. Toki erakundeek  eskatutakoaren % 60-80 arteko diru-laguntza jaso dute, bakoitzak lortu  duen puntuazioaren arabera: udalen proiektuek 160.000 euro jaso dute  gehienez; mankomunitateetakoek, berriz, 320.000 euro.
 2005. urtean hasi zen Bizkaiko udalerrietan Tokiko Agenda 21  direlakoetan jasotako ekintza-planak sustatzeko laguntzen programa.  Handik hona, Bizkaiko Foru Aldundiak ia 29 milioi euro baino gehiago  bideratu ditu 317 proiektu egiteko, hainbat arlotan: energia  berriztagarriak, eraginkortasun energetikoa, mugikortasun iraunkorra,  hondakinen kudeaketa, atsedenlekuen sorrera, narriatutako inguruen  ingurumen-berreskurapena. Guztira, ia 72 milioi euroko inbertsioa egin  da. 2011an, 85 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik 30 baztertu egin  dira, ez dutelako lortu eskatzen zen puntuazioa edo ez dutelako bete  dekretu bidez arautu den diru-laguntzaren helburua.
 2011an diruz lagundutako proiektuak
 Jarduera-esparruen arabera, 55 proiektuak sei arlotan taldekatu daitezke:
 ·      Eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak (20 proiektu):Arantzazu,  Arrankudiaga, Balmaseda, Bedia, Dima, Garai, Gueñes, Igorre, Iurreta,  Mallabia, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuellla, Portugalete,  Sopuerta, Trapagaran, Zeanuri, Ziortza-Bolibar eta Lea-Artibaiko  Mankomunitatea. 
 Helburu orokorrak: energia garbiak inplementatzea eta  energia aurrezten laguntzea, ingurumena hobetzeko, eta, aldi berean,  oraingo zerbitzu berak eta konfort pertsonalaren maila bera gordeta.
 ·      Mugikortasun iraunkorra (11 proiektu):  Arratzu, Galdakao, Munitibar-Arbazegi-Gerrikaitz, Sopelana, Zalla,  Bilbo, Derio, Getxo, Orozko, Uribe Kostako Mankomunitatea eta Txorierri  Zerbitzuen Mankomunitatea.
 Helburu orokorrak: mugikortasun iraunkorra helburu hartuta,  espazio publikoa egokitzea garraio publikoa bultzatzeko, eta  oinezkoentzako zein bizikletan dabiltzanentzako beste mugikortasun  sistema bat sustatzea, kutsadura, energiaren kontsumoa, giroko zarata  eta istripuak gutxitzeko.
 ·      Atsedenlekuak eta aisiarako guneak (10 proiektu):Ajangiz, Areatza, Bermeo, Berriz, Fruiz, Gorliz, Izurtza, Leioa, Ubide, Urduliz.
 Helburu orokorrak: aire zabalean dauden atsedenlekuen sare oso bat sortzea eta inguruan ditugun gune degradatuak lehengoratzea.
 ·      Hondakinen kudeaketa (4 proiektu):Busturia, Muxika, Arratiako Mankomunitatea eta Busturialdeko Mankomunitatea.
 Helburu orokorrak: laguntza ematea hiri hondakinak gaika  biltzeko eta birziklatzeko, eta herritarrei kalitatezko zerbitzu bat  ematea, ingurumen-babeseko mailarik handiena izango duena.
 ·      Ibilbide ekologikoak (4 proiektu):Alonsotegi, Larrabetzu, Mendata eta Zierbena.
 Helburu orokorrak: natura-guneak lehengoratzea eta haien balioa ezagutaraztea.
 ·       Ingurumenaren Interpretazio Zentroa (2 proiektu):Leako Landa Udalerrien Mankomunitatea eta Santurtzi.
 ·      Beste batzuk (4 proiektu): Artzentales, Karrantza, Turtzios eta Zaldibar. 
 Tokiko Agenda 21:tresna egokia Bizkaiko udalerrien iraunkortasuna bultzatzeko
 Gizarteari eta ingurumenari onura handia dakarkieten jarduerak  dira, eta, beraz, bultzada ekonomiko handia jasotzen dute, tokiko  agendak eta horietan jasotako ekintza-planak ezartzeko Aldundiak egiten  duen apustu erabakiaren adierazgarri dena.
 Foru Aldundiaren ustez, Tokiko Agenda 21 da tresnarik eraginkorrena  udal iraunkorragoak, garbiagoak, osasuntsuagoak, zuzenagoak eta  solidarioagoak egiteko, pertsona guztiek ahalik eta bizi-kalitate onena  izan dezaten eta ingurumena ahalik eta gehien errespeta dadin. Esan  daiteke Bizkaia dela lurralde bakarra udalerri guztietan duena Tokiko  Agenda 21 delakoa onartuta eta gauzatzeko bidean.
 Proiektuen ingurumen-ebaluazioa
 Proiektu horien bitartez sustatu daiteke Bizkaiko udalerrietan CO2-aren  eta gai kutsagarrien igorpena gutxitzea, energia aurreztea eta zarata  murriztea. Urtean-urtean, milaka lagunek ateratzen dute onura ekintza  horietatik, zeren gure ingurua leku iraunkorragoa, osasungarria eta  garbiagoa egiten baitute.Energia garbien ildoari dagokionez, proiektu  gehiago aurkeztu dira arlo horretan. Hala, bada, guztira 1.681.632  euroko inbertsioa egin da eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta  energia berriztagarriko instalazioak abiarazteko proiektuetan, eta  Ingurumen Sailak proiektuoi eman dien laguntza 1.234.285 euro izango da.
 Beste alde batetik, nabarmentzekoa da diruz lagundutako jarduerek  gizarteari dakarkioten onura. Halako proiektuen bitartez lortzen diren  hobekuntzek ingurumena hobetzen dute zuzen-zuzenean, baina, horrez  gainera, beste era bateko hobekuntzak sortzen dituzte zeharka, hala  nola, arlo sozioekonomikoan. Udalerrietako auzoen arteko loturak  hobetzea, zalantzarik gabe esan daiteke gizarterako onura handiena  dakarren jardueretako bat dela. Era berean, udalerrien artean bidegorri  sare bat sortzeak kirola egitea bultzatzen du, eta garraiobide  alternatiboak erabiltzea sustatu, eta, hala, hobetu egiten da  udalerrietako ingurumen-kalitatea.
 2011ko ekitaldirako proiektuen zerrenda Bizkaimedian ikus daiteke.
 
Comentarios