Babespeko etxeak eraistea eskatzen duen sententziarik ez dagoela azaldu du Udalak

Babespeko etxeak eraistea eskatzen duen sententziarik ez dagoela azaldu du Udalak

2010/11/29
Gizartea Nork Bermeoko Hitza


Bermeoko Udalak Beruala San Martinen egiten ari den Babes Ofizialeko etxebizitzen eraikin bateko azkeneko bi solairuak eraistea eskatzen duen sententziarik «ez dela existitzen» argi utzi gura izan du. Gainera, promozio horrek %100ean lege urbanistikoak betetzen dituztela jakinarazi dute. Horrela, joan den astean komunikabide batean ateratako informazio guztia gezurtuta gura izan dute.

38 dira, hain zuzen ere, Beruala San Martinen egiten ari den eraikin horretan egingo dituzten babespeko etxebizitzak, eta 2009ko uztailetik lanetarako lizentzia dutela ziurtatu dute. Izan ere, inork ez zuen horren aurkako helegiterik ipini.

Eraikina mendi-hegal batean kokatuta dago, beraz, bi maila desberdinetan izango ditu kaleak. Herriko planteamendu eta legedi urbanistikoak ezartzen duen moduan, beheko solairua gehi lau solairu ditu eraikinak bi aldeetatik. Teilatu-hegalek, beraz, bi maila desberdin dituzte.

Arazo guztia nondik datorren jakiteko, hala ere, atzera begiratu behar da. Babes Ofizialeko etxebizitzen lanetan zebilen palista batek akats bat izan zuen, eta ondoan egiten ari diren etxebizitza pribatuen lursailean kalteak eragin zituen.

Berualaren eta promotore pribatuaren arteko akordioa


Kalteak eragin ondoren, Berualak eta lursailaren jabea den promotore pribatuak akordio bat sinatu zuten. Kalteek sortutako segurtasun arazoei aurre egiteaz gain, enpresa eraikitzaileak klausula urbanistiko bat gaineratu zion akordioari. Horretan, babespeko etxebizitzen eraikinen teilatu-hegalek kota berdina izatea eskatzen zuen.

Klausula horrek, hala ere, interpretazio desberdinak izan dezakeela adierazi dute Bermeoko Udaletik. Berualaren eraikina bere horretan utziz gero, promotore pribatuaren etxebizitzek bista galduko lukete. Beraz, promotore pribatuak akordioa ez bete izana salatu zuen lehen auzialdiko epaitegian.

Salaketa horri erantzuna eman asmoz, Berualak bi proposamen aurkeztu zituen Bermeoko Udalaren Hirigintza Batzordean.
Iparraldetik bi solairu kentzea proposatzen zen. Horrela eginez, zortzi etxebizitza desagertuko litzateke.
Hegoaldetik bi solairu igotzea proposatzen zen.

Udalaren arkitektoak ez zion lizentziarik eman proposamenei, «ez baitziren legezkoak». Arkitektoaren txostenaren arabera, lehenengo proposamenak ez ditu betetzen ez arau subsidiarioak ezta bermatu behar diren babespeko etxebizitzen minimoa. Bigarrenak, berriz, ez luke beteko garaiera maximoa. Izan ere, indarrean dagoen planteamenduak behe solairua gehi lau ezartzen du. Hortaz, ez batak ez besteak «ez lukete araudi urbanistikoak beteko» Udalaren arkitektoaren esanetan.

Epailearen erantzunaren zain

Berualak, hortaz, epaileak ezarritako epearen barruan, teilatu-hegalen kotak berdinak izan behar zirela esaten zuen klausula betetze aldera eman dituen pausoak zehazten zituen dokumentazioa aurkeztu zion epaileari.

Orain, epailearen erantzunaren zain daudela azaldu dute. Argi utzi gura izan dutena da, «ez dela Udalaren aurkako sententziarik existitzen ezta babespeko etxebizitzak eraistea eskatzen duen zigorrik». Eraikinaren lanek, gainera, aurrera jarraitzen dutela zehaztu dute.

Comentarios