Mape kaltetzen ari den hondakinen isurketa bat geldiarazi du Udalak

Mape kaltetzen ari den hondakinen isurketa bat geldiarazi du Udalak
Busturia
«Legez kontrako» isurketa dela dio Elorrieta alkateak, eta lan horietarako lizentziarik ez dagoela zehaztu du.

olaia zabalondo
Busturiko Udalak inguruko enpresa bat egiten ari zen obra-hondakinen «legez kontrako» isurketa geldiarazi duela jakinarazi du Andoni Elorrieta alkateak. Isurketa horren eraginez, alkatearen esanetan, Mape erreka kaltetzen ari dira. «Erreka kaltetzeaz gain, bertako landaredia eta fauna ere kaltetzen ari dira».

Busturialdeko Ur Partzuergoak Urdaibaiko saneamendua hobetzeko egiten ari den lanetatik ateratako obra-hondakinak direla dio Andoni Elorrietak. «Hondakin horiek kontrolatuta dagoen zabortegi batetara bota beharrean, legez egin behar luketen moduan, Mape inguruko pista batzuetara botatzen ari ziren». Kamioiekin eta indusmakinekin atzera eta aurrera ibili direla dio, gelditu dituztenera arte.

Enpresa horrek bota dituen obra-hondakinak errekaren uraren ibilbidea oztopatzen dutela kritikatu du Elorrietak, «kristoren sarraskia» egin dutela gaineratuz. Horregatik guztiagatik, Busturiko Udalak egiten ari zen lana berehala geldiarazteko agindua eman dio enpresari.

Lizentziarik gabeko lanak

Enpresa hori egiten ari zena «lizentziarik gabeko lanak» zirela zehaztu du Busturiko alkateak. Bestalde, herri-bideak erabiltzeko Udalaren baimena beharko luketela azaldu du, «eta ez zuten baimen hori, eskatu ere ez dutelako egin». «Baimen hori eskatzekotan, gainera, guk Ingurumen sailera edo Patronatura bideratu beharko genuke onuragarria izango litzatekeen edo ez jakiteko. Ezin da horrelako astakeriarik egin».

Mape erreka berreskuratzeko 100.000 euro

Eusko Jaurlaritzak Mape errekaren ibaiertzak berreskuratzeko lanetan iaz 100.000 euro gastatu zituela ekarri du gogora Elorrietak. «Orain, erreka zati bat estali egin dute eta pistak harriz bete dituzte. Gune horretan, gainera, bertokoak diren baso-igel iberiarrak edo bisoi europarrak bizi dira eta isurketa horrek, orain, kalte handiak egin ditu».

Isurketa horiek geldiarazteaz gain, Uraren Euskal Agentziara (URA) eta Urdaibaiko Patronatura Udaleko teknikariak egindako txostena bidali dutela esan du Elorrietak.

Bestalde, Ur Partzuergoari eskatu diote «esleinpendun enpresei obra-hondakinak nora botatzen dituzten jakinaraztea», Elorrietaren arabera, «derrigorrezkoa baita obra-hondakin horiek nora botatzen dituzten jakitea».

Comentarios